Eu

Espainiako Al Gore Fundazioak Eusko Jaurlaritza saritu du klima-krisiaren aurrean hartutako konpromiso irmoagatik

2019.eko urriak 24
  • Epaimahaiak baloratu du klima-aldaketa bere jardun politikoaren erdigunean jartzeko Eusko Jaurlaritzak egindako apustua, besteak beste honako ekimen hauen bidez: Klima-aldaketari buruzko etorkizuneko euskal Legea; arintze- eta egokitze-proiektuetarako finantziazioa; ASTEKLIMA – Euskadiko klimaren astea; eta Change the Change nazioarteko konferentzia 
  • Sariak emateko zeremonia Madrilen izango da, gaur arratsaldean, Klima-aldaketaren Mundu Egunarekin batera 
  • Aurtengo saridunen artean Jon Kortajarena modeloa, El País egunkaria, Fridays For Future mugimendua eta Greta Thunberg ekintzailea daude

The Climate Reality Project - Estatu Batuetako presidenteorde ohi eta Bakearen Nobel Saridunak klima-aldaketaren aurka borrokatzeko eratutako Espainiako Al Gore Fundazioak Climate Leaders Awards saria eman dio Eusko Jaurlaritzari, Tokiko eta Eskualdeko Administrazioen kategorian; horren bitartez, klima-krisia ekintza politikoaren eta herritarren agendaren erdigunean jartzeko xedez Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromiso etengabea aitortzen du.

Sari hau nazioarteko aitortza bat da Eusko Jaurlaritza gai horren inguruan gauzatzen ari den jardueretarako. Eusko Jaurlaritzak klima-larrialdiari buruz uztailean egin zuen adierazpenak herrialdeko helburu nagusien artean jarri zuen klima-aldaketaren aurkako borroka. 2000. urtean, Euskadik onartu zuen bere Garapen Jasangarrirako Ingurumen Estrategia. Harrezkero, plangintza oso bat sortu du, klima-aldaketaren erronkaren aurrean jorratu daitezkeen alderdi guztiei heltzeko. 2015ean  –hau da, Parisko Akordioa sinatu baino lehen- onartutako KLIMA 2050 estrategiak ezartzen du Jaurlaritzaren Sail guztiak koordinatzen dituen bide-orria, ikuspegi orokor batez; bertan, politika sektorial guztiek klima-aldaketaren aldagai integratu behar dute.

Bide-orri horrek Euskadiko Klima-aldaketaren Legea onartzera eramango du azkenean. Lege hori tramitatze-fasean dago gaur egun, eta bere helburua da berotegi-efektuko gasen emisioak % 40 murriztea 2030rako, eta Euskadi 2050ean karbono aldetik neutroa izatea. Hain zuzen ere, Ingurumen Sailak finantzatzen dituen proiektuek, hala nola udalerriei zuzendutako Berringurumena programak edo enpresa eta bestelako erakundeei zuzendutako Klimatek programak, emisioak murrizteko bidean aurrera egin nahi dute, baita lurraldearen egokitzapenean ere, naturan oinarritutako irtenbideekin edo demostrazio- eta berrikuntza-proiektuen bidez.

Emisioak murrizteko helburu horretarako, oso lagungarria izango da laster onartuko den Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategia; izan ere, eredu ekonomiko zirkularrago baten alde egiten duenez, baliabide eta materialen kontsumoa murrizten du, eta, hortaz, nabarmen murrizten ditu sortutako emisioak.

ASTEKLIMA eta Change the  Change

Halaber, epaimahaiak baloratu du klima-krisia herritarren agendan jartzeko xedez Eusko Jaurlaritzak egin duen ahalegina, zenbait ekimenen bidez, hala nola ASTEKLIMA – Euskadiko Klimaren lehenengo Astea. Izan ere, aurtengo martxotik 1etik 9ra garatuta, ekimen horrek ia ehun jarduera antolatu zituen publiko guztientzat, Euskadiko 49 udalerritan.

Change the Change – Klima-aldaketaren Nazioarteko Konferentzia, iragan martxoaren 6tik 8ra Donostian eginda, Aste horretako ekitaldi nagusia izan zen. Hiru egunetan, klima-aldaketaren alorrean aitortza handia duten 57 nazioarteko aditu bildu zituen, baita 1.000 pertsona baino gehiago ere, programatutako jardueren inguruan. Konferentziari buruz informatzeko, 52 hedabide akreditatu ziren, 137 profesionalekin, atzerriko berriemaileak barne sartuta.

Bai Change the Change Konferentziak eta bai lehenengo ASTEKLIMAk helburutzat zuten kontzientziatzea eta klima-aldaketa jendearen eztabaidan kokatzea; halaber, herritarrak konpromiso pertsonalerantz mugitu nahi zituen, norberaren eguneroko ohituretara zuzendutako jarduera konkretuekin, premisa batez: ekintza guztiak, oso apalak izan arren, kontuan hartzekoak direla. 

The Climate Reality Project

Al Gorek sortutako The Climate Reality Projectek bultzatzen dituen Climate Leaders Awards sariek Espainiako klima-aldaketaren aurkako borrokaren protagonista nagusiak aitortzen dituzte urtero. Sariak emateko gala gaur arratsaldean bertan izango da, urriak 24, Klima-aldaketaren aurkako Borrokaren Munduko Egunarekin batera, Madrilgo Kinépolis Ciudad de la Imagen-en.

2019ko irabazleak honako hauek dira, sarien 9 kategorietan:

Enpresa: Grupo Español de Crecimiento Verde

Ospe handiko pertsona publikoa: Jon Kortajarena

Murrizteko eta egokitzeko proiektua: Life-Clinomics – Bartzelonako Diputazioa

GKE: ISGLOBAL

Hedabidea: El País

Tokiko/Eskualdeko Administrazioa: Eusko Jaurlaritza

Dibulgazio-ekimena: Moving for Climate Now – UN Global Compact eta Iberdrola

Start up: Ciclogreen

18 urtetik beherako pertsona ospetsua: Greta Thunberg eta Fridays For Future (FFF)

 

Saria Miguel Vallinas artistaren obra berri bat izango da: taulako gaineko “Raíces” serieko argazki bat, Ama Izadia irudikatzen duena.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak