Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriartek UPV/EHUko Zuzenbide Fakultatearen 50. urteurreneko ekitaldia

2019.eko urriak 24
  • UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko kalitatezko prestakuntza eta ikerketa lana nabarmendu ditu Uriartek, honen 50. urteurrenean
  • Fakultatea ospe handiko zentroa da egun Zuzenbidearen eta Kriminologiaren arloetan

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua eta Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburua lagun zituela, EHUko Zuzenbide Fakultatearen 50. urteurreneko ekitaldian parte hartu du gaur arratsaldez. Donostiako San Telmo Museoan egin den ekitaldian, era berean, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Carmen Adan Euskadiko fiskal nagusiak ere parte hartu dute,

Hitzaldian, EHUko Zuzenbide Fakultateak eskaintzen duen kalitatezko prestakuntza eta garatzen duen ikerketa lana azpimarratu ditu Uriarte Hezkuntza sailburuak. “Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean eskaintzen diren ikasketek, prestakuntza juridikoa ematen diote ikasleari Zuzenbidearen adar guztietan: adar generikoetan, baina baita estatu mailako zein nazioarteko adar espezifikoetan ere. Ondorioz, ikasle horrek Zuzenbidearen arloan bere jarduera profesionala behar bezala gauzatzeko beharrezko gaitasuna eta ezagutzak ditu”, nabarmendu du.

Prestakuntza sendo horren emaitza, eremu profesionaleko arrakasta-tasa handia da. Fakultateak Espainiako eta atzerriko unibertsitateekin dituen hitzarmenei esker, ikasleek ikasketen zati bat Europako eta Amerikako unibertsitateetan egin dezakete, ikasleen arteko truke-programetan, eta, horrela, hastapeneko prestakuntza indartu.

Ikerketa-lanari dagokionez, Uriartek azaldu du ikerkuntzak bilakaera positiboa izan duela Euskadiko Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloan; izan ere, hamarkada batean hirukoiztu egin da ikerlanen ekoizpena, eta 2018an mila argitalpeneko kopurua gainditu da lehen aldiz. "Hazkunde horretan ekarpen nabarmena egin du UPV/EHUk, Euskadin esparru horretan erreferentziazko zentro gisa sendotuz. Ildo horretan, Zuzenbide Fakultatearen lana ere nabarmentzekoa da. Bertako irakasleetako hiruk, Euskadin ikerketa lanean izan daitekeen aitortzarik gorena dute, Euskadi Ikerketa Saria. Gainera, Fakultate honetan ikerketa-talde finkatuek eta bikaintasunerantz nabarmen aurrera egiten duten beste talde batzuek dihardute lanean", zehaztu du.

Orain 50 urte bete dituen Zuzenbide Fakultatea, gainera, ospe handikoa da Zuzenbidearen eta Kriminologiaren alorretan. "Irakaskuntza teorikoa eta profesionalen bulegoetako prestakuntza praktikoa uztartzen dituen metodologia aplikatzen du", gogorarazi du Hezkuntza sailburuak.

Etorkizunari begirada

Era berean, aitortu du zentro honek esparru juridikoan zein administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuan egin duen eta egiten ari den funtsezko lana. “Proiektu asko ditu, baina ez dut aipatu gabe utzi nahi Legeak-Leyes bilduma; EHUren eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren arteko lankidetza-proiektu honek, dokumentu juridikoak euskarara itzulita eskaintzen ditu. Eta zuzenbidearen esparruan euskara sustatzeko lanean, ez dira garrantzi gutxiagokoak Euskara Juridikoko Zerbitzua eta Zuzenbidea Ikasten aldizkaria”

Fakultatearen 50 urteko ibilbidea eta historia labur aztertu ondoren, etorkizunera begira jarri da Uriarte, Eusko Jaurlaritzaren 2019-2022 Unibertsitate Sistemaren Plana garatzen duten bost ardatzak abiapuntu hartuta; hala nola: bikaintasun-ikerketa; unibertsitatea+enpresa harremanak; metodologia eta metodo berritzaileetan oinarritutako prestakuntza; nazioartekotzea; eta unibertsitate-komunitatea. "Zuzenbide Fakultatearen aurrerantzeko erronka, jada bost ardatz horietan egin duen lanean sakontzea izango da. Ziur nago Fakultateak bikaintasunezko ikerketa garatzen jarraituko duela, orain arteko urteetan egin duen bezala. Era berean, unibertsitatearen, enpresaren eta gizartearen arteko harremana indartzeko lanean jarraituko du, Zuzenbidearen esparruan oso beharrezkoa baita ", gaineratu du.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2019.eko urriak 24

    Comentario de Twitter:
    🔵 @C_UriarteToledo'k @upvehu'ko Zuzenbide Fakultatearen 50. urteurreneko ekitaldia ➡︎ https://t.co/wXHeI1SDzJ https://t.co/So9m7mafON

Ekitaldiko kargudunak