Berriak Osasuna
Eu

Adikzioen prebentzioan eta osasunaren sustapenean aurrerapenak eta kontsolidazioa nabarmendu ditu Nekane Murga Sailburuak

2019.eko urriak 29

Kerik Gabeko Herriak ekimena martxan jarriko dela iragarri du Osasuneko sailburuak esperientzia-pilotu batekin ikastetxeetako sarreran tabako-kontsumoa saihesteko

 

Eusko Jaurlaritzak martxan jarriko du Kerik Gabeko Herriak programa, tabako-kerik gabeko airea espazio irekietara ere hedatzeko. Helburua hau da, pertsona eta bereziki haur ugari biltzen diren guneetan tabako-kontsumoa edo zigarro elektronikoena saihestea, aire zabalean egon arren eta legeak erretzea baimendu arren gune horietan. Osasuneko sailburu Nekane Murgak aurreratu duenez, sentsibilizazio- eta kontzientziazio-programa berri honi esperientzia pilotu batekin emango zaio hasiera euskal udalerri batzuetako ikastetxeen sarreran, eta Hezkuntza Sailaren lankidetza ere izango du.

Osasuneko sailburuak iragarri du ekimena, Legebiltzarreko Osasun Batzordearen aurrean egin duen agerraldian, hain zuzen ere, Adikzioen VII. Planaren lehen ebaluazio-txostenaren berri emateko. Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legea Legebiltzarren onetsi eta gero, 2017ko uztailean Adikzioen VII. Plana martxan jarri zen. Hala, “Arriskuei aurre eginez, osasuna eraikiz” lemapean, planean biltzen diren 50 ekintzei eta 16 helburuei heldu zitzaien; guztiak substantzia adiktiboen kontsumoa eta portaera-adikzioak gutxitzera bideratuak, arreta indibidualeko neurrien bitartez ez ezik, ekintza batzuk aurrera eramanez ere, ingurune osasungarriak sortzera eta gizartearen, ekonomiaren eta politikaren eremuei dagozkien faktore estrukturalagoetan eragina izatera zuzenduak.

Sailburuak berak nabarmendu duenez, azkena egindako Euskadiko Adikzioei buruzko Inkestako datuek berretsi egiten dituzte Eusko Jaurlaritzako eta udaletako prebentzio-politikak, agerian uzten baitute kontsumo-modalitate ugari egonkor mantentzen direla edo behera egin dutela ia substantzia guztietan, kontsumo eta substantzia jakin batzuen goraldiak bai Legean bai Adikzioen Planean ezarritako aurreikuspenekin eta lehentasunekin bat datozen bitartean.

Euskadiko Adikzioen VII. Planaren indarraldiaren lehenengo hemezortzi hilabeteetan ekindako jarduerari dagokionez, Nekane Murgak azpimarratu egin du adikzioen prebentzioan eta osasunaren sustapenean egin den lana, eskola-eremuan eta festa-inguruneetan prebentzioan esku hartzean, baita Tabako Kerik gabeko Euskadi estrategiaren bitartez ere, dagoeneko finkatuta dauden programekin ‒Osakidetzako eskaintza ohiturak kentzeko edo Kerik Gabeko Gazteak bezalako ekimenak‒. Portaera-adikzioei dagokienez, substantziarik gabe, aipatzekoak dira teknologia berrien erabilera arduratsua eta segurua sustatzeko giden edizioa, Jokoaren Behatokiaren sorkuntza edo portaera-adikzioei buruzko tailerrak.

Adikzioen Legearen arauzko garapena dela eta, sailburuak nabarmendu duenez, 2018an onetsi zen Adikzioen Behatokiari dagokion guztia arautzen duen 1/2016 Legean bildutako dispositibo instituzionala garatzeko Dekretua. Urte horretan bertan beste bi dekretu prestatzeari ekin zitzaion ‒bien tramitazio-fasea oso aurreratuta dago‒. Bestalde, seinaleztapena dela eta, edari alkoholdunei, tabako-produktuei eta nikotina aska dezaketen produktuei lotutakoa, sailburuak iragarri duenez, onetsita egongo da urtea amaitu aurretik. Eta bestetik, adikzioen arloko jardun egokien eta ibilbide profesionalaren aintzatespena sortu eta zehazteko Dekretua 2020aren hasieran onestea aurreikusita dago.

Adikzioen eremuko ezagutza, ikerketa eta dibulgazioa bultzatzen laguntzeko, garrantzi berezia hartzen dute txosten monografikoek aipatutako Euskadiko Adikzioei buruzko Inkestaren inguruan, eta horien artean aurkeztu dira dagoeneko tabakoaren, alkoholaren eta cannabisaren kontsumoari buruzkoak. Gainera, berritu eta zabaldu egin da Sailak bere web orriaren bitartez herritarren helmenean jartzen duen informazioa. Hala, adikzioei lotuta Euskadi osoan dauden baliabideen mapa bat gehitu da, oso erabilgarria interesa duen ororentzat.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriak 29

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2019.eko urriak 30

    Ekimen txalogarria, benetan, baina Jaurlaritzaren eraikinetan ez ikusiarena egiten den bitartean eta arau propioak betetzen ez direnean, nor gara gainontzekoei aginduak emateko?

  • 2019.eko urriak 30

    Tabako kerik gabeko estrategia NORBERE ETXETIK hasi behar da ezartzen: Eusko Jaurlaritzako sarreretan, jantokirako irteteko gunean, eskaileretan, komunetan, bulego itxietan... ERRE EGITEN DU JENDEAK eta gainontzekook kea irensten dugu.

Ekitaldiko kargudunak