Eu

Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 2019rako sustatutako tokiko enplegu-planek 196 kontratu eta 1,6 milioi euroko inbertsioa sortuko dituzte

2019.eko urriak 30
  • Artolazabal: “enplegu berri horiek aukera eta kontaktu gehiago irekiko dizkiete haiek garatzen dituzten pertsonei”
  • Goia: “Eusko Jaurlaritzarekin enpleguaren, prestakuntzaren eta ekintzailetzaren arloan abian den elkarlana giza kapitalean, lurraldean eta enpresetan oinarritzen da, eta hiru erronka ditu: berrikuntza-talentua, lurralde-kohesioa eta enpresa-lehiakortasuna”
  • Kontratatutako pertsonek hiriko eta azpiegituretako mantentze-lanetako, informazioko, inbentario eta artxiboko, administrazio-kudeaketako eginkizunei eta mugikortasuneko, kiroletako, hezkuntzako eta gizarte-sustapeneko lanei helduko diete
  • Autoenplegurako proiektuak hasten dituzten beste 30 pertsonak Lanbidetik 55.875 euro jasoko dituzte, aholkularitzarako eta laguntzarako, bai eta pertsona sustatzaileentzako laguntzak ere

 DSS, 2019 10 30

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak Donostia-San Sebastiángo Udalarekin batera sustatutako tokiko enplegu-planen programak, 2019. urte honetarako, 1.696.569,09 euroko inbertsioa ekarriko du, guztira, eta 196 kontratu sortuko ditu langabezia-egoeran zeuden pertsonentzat. Lanbideren bidez, Eusko Jaurlaritzak 1.418.520,91 euroren bidez bultzatzen du eta, Udalak, 278.048,18 euroren bidez. Gainera, autoenplegurako proiektuak hasten dituzten beste 30 pertsonak Lanbidetik guztira 55.875 euro jasoko dituzte: 16.000 € aholkularitzarako eta laguntzarako, eta 39.875 € pertsona sustatzaileentzat.

Eneko Goia alkateak eta Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Donostia-San Sebastiángo enplegua sustatzeko tokiko ekintzen helburuak aurkeztu dituzte. Zifra horien barruan, udalerriaren edo tokiko enpresen bidez kontratazioetan enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako laguntza bereziek Lanbidek emandako 1.495.026,55 euroko dirulaguntza dute; haren bidez, 192 kontratu sustatuko dira.

Kontratatutako 192 pertsona horiek honako lan hauei helduko diete: hiriko eta instalazio, parke eta lorategietako, ur- eta saneamendu-instalazioetako, ur- eta saneamendu-zerbitzuko dokumentazioaren inbentarioko eta artxiboko, hiri-hondakinen ikuskaritzako eta informazioko mantentze-lanak, hileta-zerbitzuen mantentze-lana eta haren inbentarioa eta artxiboa, hiri-mantentzeko eta -zerbitzuetako administrazio-kudeaketa, ingurumeneko proiektuetako lanak, mugikortasuneko, kiroletako, hezkuntzako eta gizarte-sustapeneko lanak, DBUSen konpainiaren instalazioen mantentze-lanak, DBUSen konpainian berdintasun-diagnostikoa egiteko dagoen dokumentazioaren kudeaketa, herritarrei arreta emateko prozesuen kudeaketako hobekuntza (UDALINFO) eta instalazio publikoen mantentze-lan orokorra.

Era berean, hasieran aipatutako magnitude ekonomikoaren barruan,  30 urtetik beherakoetan % 16,20ko edo gehiagoko langabezia-indizea duten udalerrientzako “2014-2020rako Gazte Enplegu”rako Eusko Jaurlaritzak abian duen programaren esparruan, toki-erakundeekgazteak kontratatzeko dagoen ildo berriak Donostia-San Sebastiánen 201.542,54 euro ditu, eta horiek 4 kontratu berri sortuko dituzte. 4 gazte horien artean, 2 arkitekto tekniko, 1 artxibo-teknikari eta osasun-sustapenerako 1 teknikari kontratatuko dira.

Hiru ardatz

Eneko Goia alkate donostiarraren hitzen arabera, “partaidetza eta elkarlan publiko/pribatua ekimen honen oinarria da; ekimenaren xedea da erakunde publikoen eta garapenerako lankidetza pribatuaren politikak eta programak integratzeko. Eusko Jaurlaritzaren elkarlan sendoa nabarmentzen da enpleguaren, prestakuntzaren eta ekintzailetzaren arloan. Hiru dira haren ardatzak: giza kapitala, lurraldea eta enpresak. Eta hiru erronkak: berrikuntza-talentua, lurralde-kohesioa eta enpresa-lehiakortasuna”.

“Udalak neurri ugari sustatzen ditu, besteak beste, nazioartekotze-bekak, talentuaren itzulera, saltokientzako eta ostalaritzarentzako laguntza, klusterren sustapena, kontrataziorako laguntzak, enplegu­-sustapena, ekintzailetza, Ekin Plus eta txeke teknologikoak; horretarako, 38 milioi euroko apustu ekonomikoa egiten dugu, Ekonomia Sustatzeko Planaren 6 edizioetan eta ondoko Donostia Upen inbertituta. Sei edizio horietan bildutako datuek 6.000 enplegu baino gehiago eta sortutako 1.700 enpresa berri inguru sustatzen ditu, eta guztira 39 milioi euroko inbertsio pribatua”, esan du Eneko Goiak.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu du nolako garrantzia duten Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 2019rako sustatutako tokiko enplegu-planek; izan ere, “196 kontratu eta 1,6 milioi euroko inbertsioa sortuko dute, eta haien bidez enplegu-plan arruntaren eta gazte enplegu-planaren tresnak jarriko dira abian. 196 enplegu berri horiek aukera eta kontaktu gehiago irekiko dizkiete haiek garatzen dituzten pertsonei”

“Kontratu horiek onura bereziak izango dituzte DSBEaren hartzaileetan, emakumeetan, gazteetan, iraupen luzeko langabeetan eta bazterketa-arriskuan dauden pertsonetan. Plan horien bidez, lankidetza publiko-pribatutik beste urrats bat gehiago ematen dugu enpleguaren berreskuratzean. Ekimen horren eta beste batzuen bitartez, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan autonomia-erkidegoan langabezia % 10etik behera murrizteko duen helburu handia finkatzen ari gara: dagoeneko % 9,2koa da, eta Donostian, are hobea: % 8,2koa”, esan du Beatriz Artolazabalek.

Ernesto Gasco Donostiako Udaleko Ekonomia eta Enplegu Sustapenerako zinegotziak esan du "kalitatezko enpleguaren aldeko apustua" dela. Lana aurkitzeko orduan arazo handienak dituzten pertsonentzako bigarren eta hirugarren aukerak defendatzen dituen plan bat da hau. Pertsona horiek emakumeak eta 45 urtetik gorako pertsonak dira ".

Aurkezpenean, Artolazabal sailburuak eta Goia alkateak ez ezik, Ernesto Gasco Ekonomia Sustatzeko zinegotziak eta Euken Sesé Donostia Sustapeneko zuzendariak, Marcos Muro Enpleguko sailburuordeak eta Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak ere parte hartu dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Eneko Goia, Euken Sese, Ernesto Gascó