Berriak Lehendakaritza
Eu

Emakundek Soldata Arrailaren aurkako Estrategiaren barruan, enpresentzako laguntzak handitu ditu berdintasunaren arloko betebehar berrien aurrean

2019.eko azaroak 05

Emakundek, Soldata Arrailaren aurkako Estrategiaren barruan, handitu egin ditu enpresentzako laguntzak, hauen betebehar berrien aurrean berdintasun-diagnostikoak eta -planak egin ditzaten. Enpresek betebehar berriak dituzte martxoan onartu ondoren 6/2019 Errege Lege Dekretua, emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko premiazko neurriak ezartzen dituena.  Emakumearen Euskal Erakundeak, urtero egiten duen deialdiaz gain, 160.000 euroko laguntzen ezohiko deialdia egin du, enpresek berdintasun-diagnostikoak eta -planak egiteko aholkularitza-enpresak kontrata ditzaten (aurkezteko epea azaroaren 11n amaituko da); era berean, ohiko deialdiaren zenbatekoa 200.000 eurora igo du.

Emakundek enpresei zuzendutako jardunaldi bat egin du gaur goizean Bilbon, eta bertan, enpresen betebeharretan izandako aldaketa nagusiak azaldu ditu Begoña Suarez Emakumearen Institutuko Emakumeen Berdintasunerako eta Aukera Berdintasunerako zuzendariorde nagusiak. Orain arte, 250 langile baino gehiago zituzten enpresentzat zen derrigorrezkoa bakarrik berdintasun-plan bat negoziatzea. Azaldu duenez, aldaketa horrekin, 2020ko martxoaren 7tik aurrera berdintasun-plan bat eduki beharko dute 150 langile baino gehiago dituzten enpresek, 2021eko martxoaren 7tik aurrera 100 langile baino gehiago dituztenek, eta 2022ko martxoaren 7tik aurrera 50 langile baino gehiago dituztenek.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak nabarmendu du berdintasun planak "tresna garrantzitsuak direla berdintasunean aurrera egiteko eta enpresen kudeaketaren bikaintasunean aurrera egiteko", eta jakinarazi du horiek egiteko diru laguntzez gain, beste baliabide batzuk ere eskaintzen dizkiela Emakundek enpresei: "Diagnostikoak eta planak egiteko materialak eta gidak, Bai Sareko enpresen arteko lankidetza esparrua, jardunaldiak edo sexu jazarpenaren eta sexu arrazoien aurkako protokolo eredu bat, besteak beste". Jardunaldian, bestalde, Miren Edurne Lopez EHUko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakasleak informazioa eskaini die enpresei, lanaren esparruan emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko protokoloei buruz.

Jardunaldia amaitzeko, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak Aukera Berdintasunerako Erakunde Laguntzailearen lau plaka bereizgarri eman dizkie Do 's Formación S.L., CPES Fernando BHI, Harrobia Lanbide Ikastola eta Ascensores Muguerza S.A. erakundeei. Erakunde horiekin dagoeneko 107 erakundek lortu dute Emakundek ematen duen aitorpen hori.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak