Eu

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Perez Ezquerrak Turismoa Euskadin kanpainaren irudi berria aurkeztuko du

2019.eko azaroak 11

Gaurtik aurrera Euskadik #Basquexperience lema eta doinu propioa izango ditu herrialdea sustatzeko garaian bere irudi turistikoa bateratzeko asmoz.

Sailburuak azaldu duen bezala, “Zerbaitek bereizten bagaitu, hori espazio txiki batean jarduera-eskaintza ugari eta erakargarriak, mota askotako paisaiak eta aukerak edukitzea da. Euskadik ez ditu milaka esperientzia soilik biltzen, Euskadi bera esperientzia bat da”.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Perez Ezquerrak Euskadin Turismoaren irudi berria aurkeztu du, eta horretan laguntzeko, kanpainaren lema eta doinu bereizi eta espezifikoa ere aurkeztu ditu. Halaber, Turismo Sailak barne-merkatua bereziki sustatzeko EITBrekin elkarlanean egin dituen hainbat telebista-programatan agertuko da irudi berri hori. EITBko zuzendari nagusi Maite Iturbe sailburuarekin batera egon da aurkezpenaren atal honetan.

Sailburuak Euskadin turismoak bizi duen une gozoa gogoratu du eta horretaz baliatzeko eskatu du, era horretan, hurbil dugun espazio batean aukera ugari eskaintzen dituen helmuga erakargarri gisa Euskadiren irudia indartzeko. “Euskadik bera irudikatuko duten berezko izen bat eta melodia bat merezi ditu, bere izaera, sustraiak, oraina eta etorkizuna erakusteko”.

Horregatik, doinu propio bat sortu da “Euskadik nolako soinua duen gogoratzeko; antzinako tradizioa eta berrikuntza kosmopolita gogoratzeko; itsasoa, gatza, basoetako goroldioa eta bailaretako berdea gogoratzeko; kulturarekin elkartutako industrien burdina eta kea gogoratzeko, euren sustraiekin leialak diren abangoardiako hiriak gogoratzeko; kalitatezko produktuak, lapikoen eta saltsen lurrina, eta sukaldeko delicatessenak gogoratzeko. Euskadik bere soinua, usaina eta zaporea ditu, Esperientzia paregabea da”.

Euskadiren aberastasunaz gozatzen duten bisitariek bisita-liburuetan utzitako oharren grafian oinarritutako #Basquexperience leman islatzen da esperientzia-izaera hori.

#Basquexperience programak

Bai doinua bai lema hilabete honetatik aurrera ikusi ahal izango diren hainbat telebista-programatan —EITBrekin elkarlanean eginak— estreinatuko dira. Programa horietan arreta berezia ematen zaie Euskadi bertako biztanleei, hauek gutxiago ezagutzen dituzten edo, ezagunak izan arren, hain ohikoak ez diren ikuspegiak eta espazioak gordetzen dituzten txokoak bisita ditzaten.

“Euskadin, 2. merkatu garrantzitsuena, hain zuzen ere, gure autonomia-erkidegoko pertsonek osatzen dute, bisitari guztien % 10 dira”, ñabartu du sailburuak. ”Garrantzitsua da ez bakarrik beste autonomia-erkidegotako bisitariengana zuzentzea, baita bertako bisitariengana ere, askotan gure lurraldean barrena mugitzen garelako, bertan bidaiatzen dugulako eta gure lurra ere ezagutu nahi dugulako”.

Programak modu monografikoan planteatzen dira gai diferenteak jorratuz, baina beti elementu azpimarragarrienak barne hartzeko aukera ematen duen zeharkako ikuspegi batekin. Natura-turismoa, familia-turismoa, industria-turismoa, hiriburuak, kostaldea eta enoturismoa dira gai horietako batzuk, esperientzia gastronomikoz eta erosketa arduratsuko turismoz lagunduta.

“Izan ere, erosketa arduratsuen turismoak gero eta garrantzi handiagoa hartzen du kapituluetan zehar, benetako erosketa-esperientziak indartzeko eta garatzeko asmoz. Denda horiek balioa eransten diote gure turismo-eskaintzari eta, aldi berean, euren turismo- eta jarrera-marka definitzen dute”.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @EndikaVazquez
    2019.eko azaroak 12

    Comentario de Twitter:
    Con el lema #Basquexperience Euskadi presenta su nueva imagen turística https://t.co/zqsalg5qhv

  • @nekatur
    2019.eko azaroak 11

    Comentario de Twitter:
    Con el lema #Basquexperience Euskadi presenta su nueva imagen turística https://t.co/KVJSvEcPZq

Ekitaldiko kargudunak