Eu

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 276,3 milioi euroko aurrekontua izango du 2020an, eta, bertan, nabarmentzekoa da Artearen Euskal Sistemaren aldeko apustua eta euskararen irakaskuntzan doakotasunaren aldekoa, B2 mailara arte

2019.eko azaroak 13
  • Bingen Zupiria sailburuak 2020rako kontuen proiektua aurkeztu du Legebiltzarrean, 2019rako proiektuarekiko % 6,2ko igoera dakarrena.
  • - Kulturaren arloan, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak eta musika indartuko dira; hizkuntza politikan, berriz, Euskaraldiaren bigarren edizioa bultzatuko da.
  • - Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak jarduera fisikoa sustatzeko apustua areagotuko du Mugiment proiektuaren bidez, eta, aldi berean, Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia indartuko du.

 

Gasteiz, 2019/11/13          

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur aurkeztu du, Eusko Legebiltzarrean, bere Sailaren 2020rako aurrekontuen proiektua; guztira, 276.292.000 euroko proposamena, iazko aurrekontu proiektuak baino % 6,2 gehiago (16 milioi euro gehiago). Kulturako Sailburuordetzari dagokionez, nabarmendu behar da ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen arloetan euskal sorkuntzari emandako bultzada, bai eta Artearen Euskal Sistema indartzeko egindako apustua ere, euskal museo nagusiei egindako ekarpena nabarmen areagotuz. Hizkuntza politikan, Euskaraldiaren bigarren edizioa, euskararen irakaskuntzan B2 mailara arteko doakotasuna lortzea edota arlo sozioekonomikoan euskarari bultzada ematea dira apusturik aipagarrienak. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak, bestalde, Mugiment programa indartuko du jarduera fisikoa sustatzeko.

Zupiria sailburuarekin batera, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria izan dira gaurko agerraldian. Zupiriak adierazi duenez, aurrekontuetan jasotako politikek zeharkako hiru ardatzetan sakondu nahi dute: gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, euskararen sustapena eta, hirugarrenik, nazioartekotzea sendotzea.

Sailburuak, halaber, azpimarratu nahi izan du Legegintzaldian zehar kulturaren, euskararen eta kirolaren alde egiten ari den apustua aurrekontuen ikuspegitik. Gaur aurkeztutako aurrekontu proposamena 2017an onartutako aurrekontua (Legegintzaldi honetan onartu den lehen aurrekontua) baino % 13,6 handiagoa da. "Igoera oso aipagarria da. Kultura, euskara eta kirolaren inguruko politikei dagokienean, Jaurlaritzak apustu bat egin du Legealdi honetan, eta behar zuten arnasa berreskuratu dute urte hauetan. Apustu horri esker, funtsezkotzat jotzen ditugun estrategiak, proiektuak eta tresnak bultzatu ahal izan ditugu. Apustu horrek eta gaur aurkeztuko dugun aurrekontu proposamenak indartu nahi ditugun politikei egonkortasuna eta jarraipena emateko aukera ematen digute", adierazi du Zupiriak.

KULTURA SAILBURUORDETZA

Kultura Sailburuordetza osatzen duten bi zuzendaritzen (Kultura Sustapena eta Kultura Ondarea) aurrekontu-proposamenak lotura estua du Gobernu Kontseiluak uztailean onartutako 19/22 Kultura Planarekin. Hala, Eusko Jaurlaritzak euskal kulturaren esparrua osatzen duten hiru azpisistemei dagokienez iragarri zituen apustu nagusiak islatzen dituzte kontuek: kultur sorkuntza eta ekoizpena, kultur eskaintza, eta, hirugarrenik, Memoria Bizia (alegia, ondarea zaintzea, berreskuratzea, balioan jartzea eta hedatzea).

Kultura Sustatzeko zuzendaritzak 33,26 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean (2019rako aurrekontuen proiektuan baino % 2,9 gehiago), zatirik handiena kultur sorkuntza eta ekoizpena bultzatzera bideratua. Zupiria sailburuak azpimarratu duenez, sortzaileak Eusko Jaurlaritzaren kultura-politiken erdigunean daude, eta urtero kultura-sektore desberdinak (ikus-entzunezkoa, arte eszenikoak, liburua eta literatura, arte plastikoak eta musika; baita sorkuntza-fabrikak eta sormen-sektoreak ere) sustatzeko helburuarekin kudeatzen diren laguntzen deialdien eta laguntza izendunen garrantzia azaldu du. Horretarako, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak hamaika diru-laguntza deialdi bideratzen ditu (eta ia 40 modalitate desberdin), bai eta kultura-sektoreekin lotutako diru-laguntza izendun eta ekimen ugari ere.

Sorkuntzaren esparru horretan, nabarmentzekoa da ikus-entzunezkoaren aldeko apustua. Sektore horretara 2.560.000 euro bideratuko dira diru-laguntza deialdi irekien bidez, iaz baino 104.000 euro gehiago (ikus-entzunezko produkziorako laguntzak 316.000 eurotik 420.000 eurora igaroko baitira, % 30 gehiago). Era berean, Euskadiko Filmategira (966.000 euro, % 5 gehiago) eta Zineuskadira (1.095.000 euro,% 5 gehiago) bideratutako aurrekontua handituko da.

Aurrekontuen proposamenak gorakada nabarmena izango du arte eszenikoen arloan ere. Hala, arte eszenikoak ekoizteko deialdiak 120.000 euro gehiago izango ditu, 1.580.000 eurora iritsiz (% 8,2 gehiago), eta arte eszenikoak sustatzeko laguntzak mantendu egingo dira (630.000 euro). Era berean, Pabellón 6 (52.000 euros, % 62,5 gehiago), SAREA antzokien sarera (150.000 euro, % 30 gehiago) eta Harrobia zentrora (65.000 euro, iaz baino ia hiru aldiz gehiago) bideratutako partidak areagotuko dira.

Sailak, era berean, musikaren sektorea bultzatzeko ahalegin azpimarragarria egingo du. Nabarmentzekoa da Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) indartzeko apustua (278.000 euro % 39 gehiago), ERESBIL Musikaren Artxiboaren aldekoa (351.000 euro, % 7 gehiago) eta, horrekin batera, handituko da Musika Bulegoari emandako diru-kopurua (390.000 euro, % 10 gehiago), sektorea koordinatzeko eta laguntzeko egiten duen lana indartzeko. Deialdiei dagokienez, aipatzekoa da musika-jarduera profesionaletarako diru-laguntzen deialdiaren hazkundea. Deialdi horren bitartez 2019an 78 musika-proiektu babestu dira, eta datorren urtean 610.000 euro bideratuko dira (% 5 gehiago); horrez gain, musika-konposizioa laguntzeko deialdia 68.000 eurora iritsiko da (% 36 gehiago).

Kultura eta Sormen Industrien (KSI) esparruan, bi izango dira apustu nagusiak. Alde batetik, 100.000 euro bideratuko dira Gasteizko Free to Play Campusera, bideo-jokoen sektorea sendotzeko; bestetik, Tabakalerari egindako ekarpenaren baitan KSI Atea programa sustatzea aurreikusten da.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS), bestalde, 8.195.000 euroko aurrekontua izango du, 2019an baino 265.000 euro gehiago. Nazioartekotzea bultzatzea da igoera horren helburua.

Artearen Euskal Sistema

Sailburuak Artearen Euskal Sistema indartzeko apustua ere azpimarratu du. Esparru horretan eragile ugarik parte hartzen dute (artistak, museoak, galeriak …), eta, azaldu duenez, horri esker Euskadi Europako kultur panoraman leku nabarmenean kokatzen ari da. Sailak 2019an baino milioi eta erdi gehiago bideratuko du Guggenheim Bilbao Museora, 8,9 milioi eurora iritsiz (iaz 7,4 milioi euro izan ziren). Kopuru horren barruan, Eusko Jaurlaritzak Museoari egiten dion ohiko ekarpenaz gain, 1,5 milioi euro obra erosteko erabiliko dira eta 1,9 milioi krisi urteetan egin gabeko ekarpenenak kitatzeko.

Bilboko Arte Ederren Museoari dagokionez, handitzeari eta artelanak erosteari lotutako inbertsio plana gauzatzeko lehen urratsak emango dira, “aurreikusitako kronogramari jarraiki”. Inbertsioetarako 230.000 euro jarriko ditu Sailak, eta funtzionamendurako, berriz, 2,1 milioi (guztira, 2.321.000 euro). Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, era berean, 1,3 milioi bideratuko ditu Artium Euskal Arte Garaikideko Museora, iaz baino 500.000 euro gehiago. Igoera horrek islatzen du Eusko Jaurlaritzak zuzendari berria buru duen Artiumerako proiektuaren alde egin duen apustua. Halaber, 2020tik aurrera Euskadiko Filmategiaren programazioa hartuko du Artiumek, bai eta Dantzan Bilaka programa ere.

Tabakalerak jasoko duen ekarpena ere handituko da; kasu honetan 463.000 euro gehiago izango ditu, guztira, bi milioi eurotik gorako ekarpena izango duelarik (2.093.000 euro). Horietatik, 300.000 euro KSI Atea eta Eremuak programak bultzatzeko dira, eta 163.000, ustiapen gehigarriko aurrekontu gisa. Azkenik, Getariako Balenciaga Museoari egindako ekarpena 495.00 eurotik 515.000 eurora igoko da.

Kultura ondarea

Nazioartean eragina duten kultur azpiegitura horiek bultzatzeko apustu horren zatirik handiena Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren aurrekontutik ateratzen da, 25,7 milioi euroko aurrekontua baitu, 2019rako aurrekontuen proiektuan baino % 13 gehiago. Museoei zuzendutako partidak alde batera utzita, kultura-ondarearen arloan, 2020a Euskadiko Liburutegi Digitala abian jartzeko urtea izango da. Euskal kulturaren erreferentziazko ataria izango da, eta historian zehar euskal egileen lanak eta euskarazko edo euskal gaiei buruzko lanak bilduko ditu. Aurrekontuen proposamenak 560.000 euro proposatzen ditu dokumentuak digitalizatu eta ordenatzeko, eta beste 336.000 euro langile gastuetara, sei laguneko egitura sortzeko.

Kultur ondarearen arloan ere, 100.000 euro bideratuko dira ondare immaterialaren ikerketara, eta 63.000 euroko partida Elkano Fundazioari emango zaio, duela 500 urte munduari egindako lehen itzulia gogoratzeko ekitaldiak antolatzen laguntzeko. Azkenik, itsas ondarea babestu, hedatu eta balioan jartzeko 200.000 euroko deialdia izango da.

HIKUNTZA POLITIKA

Hizkuntza politikaren arloan, Zupiria sailburuak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak Euskararen Agenda Estrategikoa 2017-2020 betetzeko konpromisoa, euskararen ezagutza eta erabilera soziala bultzatzea bi erronka nagusitzat identifikatuz. Euskararen ezagutza bultzatzearen ikuspegitik, sailburuak gogorarazi du Legegintzaldiaren hasieran Sailak konpromisoa hartu zuela 2020rako euskararen irakaskuntzan B2 mailara arte doakotasuna lortzeko, eta adierazi du helburu hori gauzatuko dela datorren urtean. Xede hori lortzeko eta euskaltegietako irakasleen baldintzak hobetzeko, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak HABEri egingo dion ekarpena handituko du, 39,1 milioira iritsiz (2,3 milioi gehiago). Guztira, HABEk 3.150.000 euro bideratuko ditu 2020an euskara ikasleentzako diru-laguntzetara, B2 mailara arteko doakotasuna lortzeko, aurten baino 675.000 euro gehiago (% 27 gehiago). Sailak euskaltegien sarea finantzatzeko HABEri egindako ekarpena, halaber, 934.000 euro haziko da (% 3), 32.182.000 eurotik 33.116.000 eurora, euskaltegietako langileen baldintzak hobetzeko.

Euskararen erabilera soziala bultzatzeko, datorren urtean protagonismo berezia izango du Euskaraldiaren bigarren edizioak, hiztunen aktibazioa bilatzeaz gain, entitateak euskararen erabilera bultzatzen inplikatzen saiatuko dena. Era berean, gazteak aktibazio estrategietara erakartzeko, 45.000 euro bideratuko dira Euskarabenturara, UEMArekin (eun-euskaldun Mankomunitatea) lan egingo da euskaldunen dentsitate handia duten udalerrietan euskara indartzeko eta, aldi berean, Galtzagorri Elkartearen bidez euskarazko irakurketa sustatzeko proiektua indartuko da (45.000 eurotik 60.000 eurora).

Arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzeko apustua da aurrekontu proiektuan modu argian islatzen den beste apustuetako bat. Esparru sozioekonomikorako Euskararen Plan Estrategikoarekin bat eginez (abendurako amaituta egongo da), 2 milioi euro bideratuko dira Lanhitz proiektura (iaz baino % 6 gehiago), enpresetan euskara-planak egiteko diru-laguntzak emateko, eta 60.000 euro Bikainen bidez hizkuntza-kudeaketaren kalitate-ziurtagiria sustatzeko.

Bestalde, ingurune digitalean euskara bultzatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro inbertituko ditu 2020an euskarazko Wikipedia bultzatzeko, eta, IXA elkartearen laguntzarekin, beste 100.000 euro bideratuko dira Euskara eta Teknologia Plana egiteko.

Azkenik, 400.000 euro baino gehiago inbertituko dira hizkuntza-ikerketa bultzatzeko, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera egindako proiektuen bidez, bai eta beste erakunde batzuekin batera egindako ekimenen bidez ere, hala nola Soziolinguistika Klusterrarekin.

 

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA

Euskal kultura eta euskara nazioartekotzeari dagokionez, Sailak duen tresna nagusia Etxepare Euskal Institutua da, eta 3.060.000 euroko aurrekontua izango du, aurtengo ekitaldiaren antzekoa. Aurten, 'Scotland Goes Basque' programak Euskadiko sortzaileen lana eta kultura Eskoziara eraman badu, 2020an eta 2021ean Quebec-Euskadi programak Atlantikoaren beste aldera eramango du euskal kultura. Etxeparek munduan zehar bultzatzen dituen gainerako proiektuak ahaztu gabe, Quebec izango da euskal kulturaren nazioartekotzerako lurralde nagusia.

Gainera, Zabal proiektua bultzatuko da, nazioarteko arte-biurtekoen komisarioak Euskadira hurbiltzeko helburuarekin. Xedea da euskal artisten lana ezagutzea, nazioartera zabaltzen eta merkatu berrietan sartzen laguntzeko. Euskara Munduan proiektuak, halaber, 350.500 euro izango ditu euskara mundo osoko ikasleei irakasteko.

Azkenik, Etxeparek bere 36. irakurletza abian jarriko du, Tbilisiko Unibertsitatean (Georgia), eta katedra bat martxan jarriko Montrealgo McGill Unibertsitatean (bere 10. katedra).

JARDUERA FISIKOA ETA KIROLA

Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloan, Zupiria sailburuak Mugiment proiektuaren aldeko apustua nabarmendu nahi izan du, aurten 450.000 euroko aurrekontua izango baitu (90.000 euro gehiago). Helburua da kirol-zentroak osasun-zentroetara bideratzeko sareak indartzea, Mugiment Txartela udalerri gehiagotara zabaltzea, eta, hirugarrenik, udalerrientzako diru-laguntzak finkatzea, Mugiment sareak gara ditzaten.

Horrez gain, 175.000 euro bideratuko dira Getxon egingo den 2020ko Munduko Sokatira Txapelketa antolatzeko. Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak, berriz, 250.000 euroko (50.000 euro gehiago) aurrekontua izango du, eta Basque Teamek 1,36 milioiko (2019ko kopuru bera) aurrekontua izango du datorren urtean. Euskal kirol federazioek, bestalde, 2.475.000 euroko aurrekontua izango dute, ekitaldi honetako berbera.

Azkenik, euskal kirol markoa sustatzeko apustuaren barruan, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak 65.000 euro emango dizkio Jai Alai World Tourrari, eta beste 60.000 euro Euro Basque Rugby Challenge-Euskal Errugbi Ligari, Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria Euroeskualdearen esparruan egindako txapelketa, aurten estreinatutakoa.

Azkenik, sailburuak azaldu duenez, EiTBri egindako ekarpena % 5,5 handituko da, 143.240.000 eurora iritsiz. Edonola ere, EiTBren aurrekontua aurkeztua izan zen bere Administrazio Kontseiluan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak