Berriak Segurtasuna
Eu

Poliziari buruzko Lege berria ezartzea, belaunaldiak berritzeari aurre egitea eta hauteskundeak antolatzea, horiexek dira Segurtasun Sailaren 670,4 milioiko aurrekontuaren erronkak

2019.eko azaroak 13

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak urtearen amaieran deituko du 700 ertzainentzako hurrengo promozioa, eta 21,3 milioi izango ditu

2019/11/13  

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak gaur aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean 2020rako aurrekontu-proiektua, 670.454.000 eurokoa, 2019an baino % 1,9 gehiago. Sailburuarekin batera izan dira aurkezpenean Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Ana Agirre, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrena eta Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren zuzendari Guadalupe Camino.

 

Ekainaren 27ko 7/2019 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketarena, onartu izanak isla zuzena du 2020ko aurrekontu-egitasmoan. Eraginik esanguratsuena ertzain guztientzat karrera profesionala ezarri izana da. Ordainketa-egitura aldatzea dakarren osagarri horretarako 5,3 milioi izendatu dira, eta osagarri osoaren % 25 izango da, eta pixkana ezarriko da lau urtean, % 100era iritsi arte.

 

Lege berriak Ertzaintzako oinarrizko eskalako izangaiei eskatutako ikasketa-maila aldatu du, eta hurrengo sustapenean, 29.ean, izena eman ahal izateko, beraz, batxilergoko titulua edo kidekoa izan beharko dute.

 

Araudian egindako aldaketa horren ondorioz, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak urtea amaitu aurretik deituko duen 29. Promozioko 700 ikasleek hilean 891 euro kobratuko dituzte kidegoan sartzen diren une beretik, eta gaur egun 742 kobratzen dituzte.

 

Belaunaldiak berritzeko erronka horri aurre egiteko eta, aldi berean, kategoriaz igotzeko ikastaroak nahiz Ertzaintzako eskala eta kategoria ezberdinen, bai eta Euskadiko segurtasun publikoaren sistema osatzen duten beste kidego eta elkarte batzuen, eguneratze eta hobekuntza ikastaroak egiteko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak 21,3 milioi izango ditu aurten, iaz baino 3,5 milioi gehiago.

 

Bestalde, proiektuak 30.000 euroko partida bat du EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea sortzeko. Erakunde iraunkorra izango da, eta polizia-erakundearekiko autonomia funtzionala izango du poliziaren esku-hartze testuinguruan pertsona bat hiltzen bada edo larriki lesionatuta suertatzen bada gertaera ikertzeko.

 

Emakumeen aurkako indarkeria

 

Segurtasunaren kapituluaren baitan, aurrekontu-proiektuan 7,8 milioi euro izendatu dira GI/EIren biktima diren eta bizkartzaina behar duten emakumeak babesteko.

 

Zifra horri erantsi behar zaizkio Bortxa APPa biktimen telefono partikularretan eguneratzeko eta instalatzeko eta telefonoak hornitzeko beste 55.00 euro. Aurrekontu-egitasmoan jasota dagoen eta 90.000 euro izendatuta dituen beste ekimen bat EBA, Etxekoen eta Emakumeen Babesa da. Ertzaintza eta Segurtasun-Koordinazio Zuzendaritza, Udaltzaingoekiko kolaborazioan, garatzen ari diren ekimena.

 

Arriskua ebaluatzeko irizpideak partekatu eta GI/EI espedienteei eta salaketei buruzko berehalako informazioa integratu ahal izateko aplikatibo bat izatea nahi da.

 

Azpiegiturak

 

Getxoko Ertzain-etxea zaharberritzeko eta handitzeko proiekturako 8,3 milioi euro izendatu dira 3 urtean, eta 2020ko partida 3,4 milioikoa izango da.

 

Energia-jasangarritasunak ere badu bere lekua aurrekontu-egitasmoan, eta bertan jaso diren hainbat proiekturen bidez argindarraren eskaera jaitsi nahi da eta CO2 isurketak mugatu nahi dira ordezko energiak, hala nola, geotermia edo plaka fotovoltaikoak, erabiliz.

 

Finantzen ikuspegitik jasangarria izango den 50.000 euroko hasierako aurreikuspenarekin, 9 ertzain-etxetan eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian instalazio fotovoltaikoak ezartzeko planari ekingo zaio. Planaren baitan, guztira, 550.000 euroko inbertsioa egingo da bi urtean.

 

Irizpide horri berari jarraituz ezarriko da Iurretako egoitzan 400.000 euroko aurrekontua duen tenperatura baxuko girotze-sistema, Horizonte 20/20 jasangarritasun-proiektuen esparruan.

 

Bestalde, 650.000 euroko kontu-sail bat izendatu da Hernaniko Ertzain-etxean GI/EI biktimen arretarako gela espezifikoak, sarbideak zaharberritzeko, eta beste 500.000 euroko bat Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako prestakuntza-modulua goitik behera birmoldatzeko.

 

2020ko aurrekontu-egitasmoan parke mugikorra berritzeko prozesua osatzeko ibilgailu gehiago erostea ere aurreikusi da. Zehazki, 812.000 euro izendatu dira motorrak erosteko, 2021erako 1.102.000 euroko konpromiso-kreditu batekin. Eta 3,1 milioiko beste kontu-sail bat izendatu da herritarren babesaren ataleko furgonetak berritzeko.

 

Mugikortasun-politiken hobekuntzari dagokionez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren 200.000 euroko dirulaguntza nominal zuzena nabarmendu behar da, garraio kolektiboko zerbitzu bat finkatzen laguntzeko mugikortasun jasangarriaren esparruan.

 

Plataforma teknologikoen bilakaerarako, aplikatibo informatikoak eguneratzeko eta telefoniako eta telekomunikazioko zerbitzuak mantentzeko 5 milioi inguru bideratuko dira arlo bakoitzeko.

 

Lau inbertsio-egitasmo nabarmentzen dira: 75.000 euro mugikortasun-proiektu piloturako, patruila-autoetako routerrak jartzeko eta tabletak hornitzeko Ertzaintza bertatik sartu ahal izan dadin polizia-informazioko sistemetan; 1,1 milioi, hedapen azkarreko PREDER bideo-sistema bateraturako eta hormako aurkezpen-sistemak eta bideokonferentzia-aukerak dituzten unitate mugikorretarako; eta 2,2 milioi Enbor-Sarea osatzen duen azpiegitura teknologikoaren mantentze, bilakaera teknologiko eta zabalkunderako. Segurtasunerako Operazio Zentroa abian jartzeko eta barne-zibersegurtasunera 721.000 euro bideratuko dira 2020an.

 

Kontuan hartuta 2020an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo direla, Segurtasun Sailaren aurrekontu-proiektuak 11 milioi izendatu ditu hauteskunde-prozesu osoa antolatu eta gauzatzeko, alderdi politikoentzako dirulaguntzak barne direla.

 

Bestalde, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren aurrekontuan hiru urterako 300.000 euroko kreditua jaso da, urtean 100.000 eurokoa, Jokoaren Euskal Behatokiaren azterlanak egiteko Euskal Herriko Unibertsitatearekin egindako hitzarmen baten bidez.

 

Bestalde, bide-segurtasuneko gaiei buruzko gizarte-sentsibilizazioaren esparrurako, argitalpenak, formakuntza eta kontzientziazio-ekintzak, lankidetza-hitzarmenak eta azterlan espezifikoak barne direla, 1.023.200 euro izendatu dira; hor sartuta daude Don´t be Dummy-Zuk ez duzu ordezkorik programa ibiltarirako 274.000 euroak ere.

Euskararen erabileraren normalizazioa sustatzera bi milioi eurotik gora izendatu dira, zehazki, 2.280.000 euro, eta honako programetarako: Lanorduz Kanpo, Elebi eta Euskara Eskolak, eta Arkauteko Akademiatik HABErekin egindako kudeaketa-agindua hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen ari diren ertzainak liberatzeko eta sustapen berrietako ikasleentzat.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak