Berriak
Eu

Lehen FAMTOUR Argentinarra Euskadin

2011.eko apirilak 20

Ibilbide turistikoko zerbitzuen eta prestazioen kalitatea positiboki baloratu dute partaideek

Argentinako hainbat probintziatako dozena bat touroperadorek eta hedapen handiko egunkari baten Turismo-arloko editoreak astebetez gozatu dute Euskal Herriak eskaintzen dituen proposamenez. Turismoaren esparruko profesionalek hiru hiriburuak bisitatu dituzte, baita Arabako Errioxako eta Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldeko tokirik enblematikoenak ere.

Euskadi ezagutzeko lehenengo "Famtour" bidaia elkarrekin antolatu zuten Eusko Jaurlaritzak Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguain daukan ordezkaritzak, Air Europa konpainiak eta Ola turismo-operadore maioristak. Turismo Sailburuordetza eta Basquetour-en babesari esker egin ahal izan da, eta azken hori da ibilbidea eta egonaldia kudeatzeaz arduratu dena.

Bisitariei honako hauek egin zieten harrera: Manu Narváez Donostia Turismoren gerentea, Esther Virto Bilbao Turismoren Sustapen Turistikoko arduraduna eta Ana Lasarte Gasteizko Udaleko Turismo eta Kongresuen zerbitzuburua, eta beren jomuga bakoitzeko aurkezpen ofiziala egin zuten.

Euskal lurraldeak dastatzen

Bisitarien lehenengo kontaktua Gasteizekin egin zen, eta, bertan, taldea Euskadiko Erdi Aroko hirigune bitxiko kaleetatik ibili da (aipatzekoa da hirigune historikoa Europan oso izen ona duela). Araban ere, touroperadoreek ardoaren ibilbideko zaporeak dastatu zituzten eta geldialdiak egin zituzten Guardian eta Fabulista Upeltegian. Bertan, urtero bi mila ardo-pegar ekoizten dira modu artisauan. Horrez gain, Eltziegon ere geldialdi bat egin zuten, zehazki, Marqués de Riscal hotela eta upeltegi zaharraren ateak ireki zizkieten. Eraikina Frank O. Gehry arkitekto kanadarrak diseinatu zuen eta gaur egun nazioarteko ikono bihurtu da.

Donostian, berriz, bisitariek Igeldo Mendiko behatokitik hiriko ikuspegi ederraz gozatzeko aukera izan zuten. Gainera, pintxo-tailer batean parte hartu zuten, eta jatetxerik sarituenetako batzuetako platerak dastatu zituzten.

Bilborako bidea kostaldetik ibilaldi bat eginez hasi zen, eta txakolin-upeltegi bat bisitatu zuten. Hirira iritsi zirenean, Alde Zaharreko kaleetatik ibili ziren, "Alondiga" biltegi zaharra bisitatu zuten eta Guggenheim museo enblematikora joan ziren. Operadore turistikoek, Bizkaitik joan baino lehen, kostaldea bisitatu zuten eta geldialdiak egin zituzten Gaztelugatxeko Donienen, Gernikan eta Bermeon.

Ibilbide turistikoko zerbitzuen eta prestazioen kalitatea positiboki baloratu dute partaideek, eta haien esku-hartzea eta konplizitatea lortu da Euskadi, jomuga gisa, beren eskaintzetan erreferente izan dadin.

La Nación egunkariak ohar bat argitaratu zuen taldeak Bilbon egin zuen bisitari buruz. Oharra irakurtzeko egin klik hemen

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko