Eu

Artolazabal: “2020an, Lanbidek jarraituko du emakumeen aurkako indarkeria-egoera posibleak antzemateko eta prebenitzeko prestakuntza sendotzen”

2019.eko azaroak 15
  • Iaz, 1.406 emakume biktimak DSBEa jaso zuten; 500ek lehen aldiz
  • Sailburuak honako hau gogorarazi du: “SATEVI arreta-zerbitzuak, 900 840 111 zenbakiaren eta Estatuarekin duen hitzarmenaren ondorioz 016 bidez, sortu denetik, duela hamahiru urtetik hona, 30.000 emakume baino gehiagori eman die arreta”

 

VG 15 11 19

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean esan du 2020an jarraituko duela Lanbideko prestakuntza sendotzen, emakumeen aurkako indarkeria-egoera posibleak antzeman eta prebenitzeko”. Iaz, guztira 1.406 emakume biktimak jaso zuten DSBEa, eta ia 500ek lehen aldiz.

 

“DSBEaren bidez, emakume biktimen oinarrizko beharrei erantzun nahi zaie, bai eta beren seme-alabenei ere, eta Satevi emakume biktimentzako gure informazio- eta arreta-zerbitzu espezializatuak garatzen duen lan handia eskaintzen dugu”, esan du Artolazabalek.

 

Beatriz Artolazabalek, Legebiltzarrean, honako hau gogorarazi du: “SATEVI arreta-zerbitzuak, 900 840 111 zenbakiaren eta Estatuarekin duen hitzarmenaren ondorioz 016 bidez, sortu denetik, duela hamahiru urtetik hona, 30.000 emakume baino gehiagori eman die arreta; berehalako zerbitzu anonimo, konfidentzial eta doako horretan profesional espezializatuen taldea dugu, eta urteko 365 egunetan dago erabilgarri, eguneko 24 orduetan. 2018an, SATEVIk 1.833 emakumeri eman zien arreta; haietatik, 1.470ek lehen aldiz jaso zuten”.

 

Sentsibilizazio-ekintza berriak prestatzen ari gara, SATEVIko profesionalek hain hurbiletik ezagutu duten errealitate hori ezagutzera emateko. ‘Zer egin emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean?’ gida berriro argitaratu dugu, eta hizkera argia eta irakurketa erraza baliatu ditugu horretarako. Indarkeria jasaten duten emakumeak sarritan babesgabe sentitzen dira, nora jo jakin gabe, eta orduan entzuten, orientatzen eta laguntzen ditu SATEVIk. Gidak euskal administraziook berentzat eskuragarri ditugun baliabideak errazten ditu”, esan du Artolazabalek.

 

Prestazioa

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak erasotzailearengandik urrun bizitza independenteari eta autonomoari ekin ahal izateko laguntza ekonomikoa behar duten genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako ordainketa bakarreko prestazio ekonomikoa kudeatzen du. 200 emakume inguruk jasotzen dute prestazio hori urtero. Artolazabalek zera esan du: “Ganbera honek 2020ko aurrekontuak onesten baditu, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko eskuragarri dauden baliabideak hobetzen jarraitu ahalko dugu”.

 

 “Emakumeen aurkako indarkeria horrek, zoritxarrez, egiturazko izaera du, eta dimentsio eta bizitzako eremu guztietan du eragina. Eraildako emakumeak gizarteko desberdintasunaren icebergaren tontorra dira. Erabat gaitzesteaz gainera, nabarmendu behar dugu Euskadik, gizarte kohesionatu eta aurreratu gisa aurrera egiteko, desberdintasun horrekin amaitu behar duela”, esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.

 

Koordinazioa

Artolazabalen hitzen arabera, “emakumeen aurkako indarkeriari erantzuteko, erakundeen arteko erantzuna areagotu behar da, administrazio-maila guztiak inplikarazteko, haien eskumen-arloekin. Emakumeak indarkeria matxistaren aurka babesteko sisteman sartzeko atea edozein dela ere, erantzunak bakarra izan behar du, eta biktimen harrerak pertsonalizatua eta sailen arteko eta erakundeen arteko ahalik eta koordinazio handiena ziurtatzeko modukoa izan behar du".

 

“Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak urteak daramatza euskal erakundeetatik egiturazko gaitz horri ematen diogun erantzun bateratuan parte oso aktiboa izaten. Jarraitzen dugu gure ahalegina Emakunderen, Ertzaintzaren, Etxebizitza Sailaren, foru-aldundien edo udalen ahaleginekin bateratzen. 2006tik, biktima horiei arreta emateko SATEVIren telefonoa abian jarri zenetik, kolektibo ahul eta sentikor horri laguntza eman diogu, kontu handiz, eta indarkeria matxistaren biktimen alde funts gehien bideratzen duen eta bideratuko duen saila gara; urtean 10 milioi baino gehiago”, esan du Artolazabalek.

 

Lanbideren bulego guztietan indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako gizarte- eta lan-orientazio bereziko zerbitzua eskaintzen da. Genero-indarkeriaren tutorearen irudiaren bidez, 130 profesionalek emakume horiei arreta ematen diete, zuhurtziaz eta beren egoera zailetara egokituta.  

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak