Berriak Lehendakaritza
Eu

Enpresaren funtzio ekonomikoa eta soziala azpimarratu du Lehendakariak Joxe Mari Korta Sarien sari-banaketa ekitaldian

2019.eko azaroak 19
  • Klima-aldaketaren erronkak enpresa-munduaren lankidetza eta partaidetza eskatzen dituela adierazi du Lehendakariak

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia lagun zuela, Joxe Mari Korta Sariak banatu ditu. Aurten, Laura Mendizabal, Pedro Luis Uriarte, Javier Roquero eta María Ángeles Amenabar izan dira sarituak.

Sari-banaketaren ekitaldiaren aurretik, Lehendakaria eta Tapia sailburua bildu egin dira sarituekin, Confebaskeko, Adegiko, Cebekeko, Seako eta Korta Fundazioko presidenteekin eta Korta familiarekin.

Bere jardunean, Lehendakariak zorionak eman dizkie sarituei eta eskerrak eman dizkie beren ekarpenengatik, Joxe Mari Kortak ordezkatutako legatuari eta balioei jarraitasuna ematen dietelako. “Balioak, ezagutza eta konpromisoa metatzen dituzue. Sari hauek aitortza bat dira zuen lanari eta azpimarratu egiten dute enpresaren funtzio ekonomikoa eta soziala baterako proiektutzat hartuta”, gaineratu du Lehendakariak.

Zailtasun ekonomikoko testuinguru batean, Lehendakariak azpimarratu duenez, sarituen etsenpluak irmotu egiten du hazten jarraitzeko konfiantza, eta adore ematen du lanean, inbertitzen eta erronka hauei aurre egiten jarraitzeko: industria, inbertsioa, berrikuntza, internazionalizazioa, enpresa-eredu berria, prestakuntza, emakumearen integrazioa edo eraldaketa digitala eta teknologikoa. Erronka horiei, Lehendakariaren hitzetan, baterako lanetik eta konpromiso partekatutik abiatuta bakarrik erantzun ahal izango zaie.

Bestalde, Iñigo Urkulluk adierazi duenez, klima-aldaketaren erronkak enpresa-munduaren lankidetza eta partaidetza eskatzen ditu. Hala, nabarmendu duenez, sarituek ordezkatzen dituzten balioak Agenda 2030ean eta Garapen Iraunkorrerako 17 Helburuetan kokatzen dira. “Hori da zuen esperientziaren legatua Giza Garapen Iraunkorraren euskal ereduaren alde”, adierazi du. Horrekin lotuta, Nazio Batuen Idazkari Nagusi Kofi Annanen deklarazioak gogora ekarriz Lehendakariak adierazi duenez, “merkatuaren indarrak funtsezkoak dira Garapen Iraunkorrerako”.

Bere aldetik, epaimahaiak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia buru zuenak, eta Confebask, ADEGI, CEBEK eta SEA enpresa-elkarteetako eta Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioko ordezkariek ere osatuak, lau pertsona sarituek bizitzan eta enpresa-munduan egin duten ibilbide garrantzitsua nabarmendu du.

Sarituen curriculumari buruzko informazio gehiago Irekian: https://bit.ly/34X2tRB

Lehendakaritzan egin da ekitaldia eta bertan izan dira, aipatutakoez gain, sailburu hauek: Josu Erkoreka, Beatriz Artolazabal, Pedro Azpiazu, Cristina Uriarte, Nekane Murga, Estefanía Beltrán de Heredia, Bingen Zupiria eta Mª Jesús San José.

Joxe Mari Korta Sariak

Joxe Mari Korta sariak 2000an sortu ziren ‒enpresari gipuzkoarra eta orduan Adegiko presidentea eraila izan ondoren‒ jendaurrean aitortzeko euskal ekosistema ekonomikoaren aitzindaritzan diren pertsonen dohainak eta ahalegina, kontuan hartuta haien inbertsioekin eta haien lanarekin sortzen dela enplegua eta aberastasuna; gizarte osoaren onurarako diren elementuak, alegia.

Sarirako hautagaiak hiru Lurralde Historikoetako enpresa-elkarteek, merkataritzako korporazioek edo elkargo profesionalek proposatuak izan daitezke, baita Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioak eta Euskadin egoitza duten enpresek ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak