Berriak Lehendakaritza
Eu

Iñigo Urkulluk “euskal gizarteak bere neska-mutilei eman beharreko legatuaren oinarri gisa hurbiltasun, adostasun eta konpromiso gehiago” proposatzen du

2019.eko azaroak 20
  • Haurren Eskubideen Aldeko Egunaren ospakizuna

  • 11 eta 15 urte bitarteko 70 umek haurrengan eragina duten zenbait gairi buruz eztabaidatu dute Lehendakaritzan

  • Artolazabal: “hiru hamarkada hauetan, hizkuntza aldatu da, aurrera egin du eta berdinzaleagoa da”

Iñigo Urkulluk “euskal gizarteak bere neska-mutilei eman beharreko legatuaren oinarri gisa hurbiltasun, adostasun eta konpromiso gehiago” proposatu du. Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren egoitzan eginiko ekitaldi batean, Urkullu Umearen Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 60 urteen ospakizunaren buru izan da; Umearen Eskubideen Konbentzioaren 30. urteurrena, eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak haurtzaroarentzako eta nerabezaroarentzako arretari eskainitako Zeuk Esan zerbitzuaren hamargarren urteurrena.

Lehendakariaz gainera, ekitaldian honako hauek ere parte hartu dute: Beatriz Artolazabal eta Cristina Uriarte, Izaskun Landaida, Manu Lezertua arartekoa, Jonan Fernandez, Lide Amilibia, Irune Muguruza, Marian Olabarrieta, Agurtzane Llano, Noemi Ostolaza, Maite Alonso, Lucia Torrealday eta Hezkuntzako lurralde-ordezkariak. Zenbait galdera egin dituzte 11 eta 15 urte bitarteko 70 umek, honako zentro hauetakoek: St. Partics’s (Donostia), Ekintza Ikastola (Donostia), Isabel Gallego Gorria (Bilbo), La Asunción (Donostia), Berri Otxoa (Bilbo), San Félix (Ortuella) eta San Jose etxea (Vitoria-Gasteiz).

“Gaur zuon iritzi, kritika, ideia eta ekimen-proposamenak entzun ditugu, aurrera nola jarraitu behar dugun eta 10, 30 eta 60 urte barru hobetzen jarraitzeko orain zer planteatu behar dugun pentsatzeko”. Iragana ezagutzen dugu, eta, etorkizunean pentsatzen dugunean, jaso ditugun eta mantendu behar ditugun hiru legatu daude: hurbiltasuna, adostasuna eta konpromisoa”, esan du Lehendakariak.

Iñigo Urkulluk azaldu duenez, “abian jartzen ditugun ekimenak umeekiko hurbiltasunetik diseinatu behar ditugu, eta eremu horretan esperientzia duten hirugarren sektoreko erakundeekiko konplizitatetik gauzatu.Horregatik da hain garrantzitsua UNICEFen parte-hartzea”.

“Orain, guri dagokigu konpromisoari erantzun eta hura erakustea, gertakarien eta gaur gogora ekarri eta eguneratu ditugun bizitzarako, osasunerako, hezkuntzarako, jolaserako, familia-bizitzarako eta indarkeria eta bazterketa aurreko babeserako eskubideak eraginkor egin ahal izateko ekimenen bidez”, esan du Lehendakariak.

Topaketan, bideo bat jarri da, eta Umeen Eskubideak irakurri dira; eskubide horiek duela 60 urte onetsi ziren.“Gure asmoa da Euskadi munduan erreferentziazko eredu izatea, haurren eskubideekiko hurbiltasunagatik, adostasunagatik eta konpromisoagatik, haiek izango baitira planeta kudeatu eta berreskuratuko dutenak eta hura bidezkoagoa eta humanoagoa izatea eragingo dutenak.

Parte-hartzaileen taldea 9 mahaitan banatu da (2 administrazioaren ordezkari, bat dinamizatzaile, 7-8 ume), eta honako gai hauei buruz eztabaidatu dute: “1.- Haurren eskubideak ezagutzen dituzu? Badakizu zertarako balio duten?; 2.- Uste duzu haur eta gazte guztiek eskubide berdinak dituztela? Eta badakizu zeintzuk diren zure ardurak herritar gisa?; eta 3.- Zer proposatuko zenuke haur eta nerabeen eskubideak babesteko eta sustatzeko?”

Aurrerapenak

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua bertaratu diren eskola-ikasleei zuzendu zaie, eta honako hau iradoki die: “begiratu hiru hamarkada hauetan nola aldatu den hizkuntza; aurrera egin du eta berdinzaleagoa da. Duela hiru hamarkada, orduko neskatoak agertu ere ez ginen agertzen konbentzio honen izenburuan; ikusezinak ginen maskulino generikoan, baita Nazio Batuen ekimen berdinzalean ere. Konbentzio hartako artikuluak gobernu eta pertsona guztiok bete beharrekoak ziren eta dira”.

“Urte hauetan, aurrera egin da, baina oraindik asko dago egiteko, munduko herrialde askotan, baita gurean ere, nahiz eta gure belaunaldi berriak pribilejiatuak direla pentsa dezakegun. Euskal politika publikoetatik, erne egon behar dugu eskubide horiek kolektibo ahulenek ere baliatzeko aukera izan dezaten. Egun batzuk barru, gure sailak EAEko neskato, mutiko eta nerabeenganako indarkeriari buruzko txosten zehatza aurkeztuko du”, esan du sailburuak.

Artolazabalek zera azpimarratu du: “azterlan horren diagnostikoa eta orientazioak parte hartzeko prozesu zabalean prestatu dira, eta gomendio horiek baliagarri izango zaizkigu beste euskal erakunde batzuekin eta Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekin elkarlanean neurri eraginkorrak zehazten jarraitzeko. Laster, abendu-hasieran, tresna baliagarria aurkeztuko dugu, adingabeek jasaten dituzten sexu-erasoen susmo oinarrituak izan daitezkeenak aztertzeko, eta, 2020an, azterketa edo screening tresna hori haurtzaroarekin zerikusia duten zenbait eremutako profesionalen artean gizarteratuko dugu. Gertakariekin baino ez, eskubideak errealitate bilaka daitezke. Aurrera egiteko, lehenengo eta behin ezinbestekoa da egungo errealitatearen erradiografia hobea egitea”.

Artolazabalek bere helburua zehaztu du, “datozen hilotan, hiru eremu zehatzetan toki-eremuan dauden baliabideei buruzko informazio fidagarria eskuratzeko: haurrek eta nerabeek toki-eremuan parte hartzeko mekanismoak aztertuko ditugu; aldi berean, 2020an proiektu pilotua jarriko dugu abian. Halaber, xehetasunez ezagutu nahi ditugu haur-pobrezia saihesteko baliabideak. Eta aita eta amei laguntza emateko programak aztertuko ditugu, gurasotasun positiboko irizpideetatik abiatuta”.

Sailburuak ekitaldian “116 111 (Bat bat sei, bat bat bat) Zeuk Esan” telefonoa gogorarazi du, sailaren zerbitzu publikoaren telefonoa; zerbitzuak 10 urte beteko ditu 2020an, eta “Euskadiko ume eta nerabeen arazo eta kezkak entzutera” bideratuta dago.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak