Eu

Kontroleko osoko bilkura (2019/11/29)

2019.eko azaroak 29

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek legebiltzarreko taldeen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.  

Jasone Agirre Garitaonandia andreak, EH Bildu taldeko legebiltzarkideak, lehendakariari egindako galdera, Espainiako futbol-selekzioak San Mames Barrian jokatuko dituen partidei buruzkoa.

Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du Euskadiren eta euskal erakundeen erronka nagusietako bat dela Euskadi nazioartean ezagutaraztea, "Euskadi-Basque Country" estrategiaren bidez. Hartara, adierazi du Europako Futbol Txapelketaren ondorioz, eta horren barruan Bilbon jokatuko diren futbol-partiden ondorioz, Euskadi, Europaren begitan ez ezik, mundu osoaren begitan ere izango dela.  “Gaizki egingo genuke aukera hori baliatzen ez badugu”, eman du aditzera.

Lehendakariak onartu du gisa horretako kirol-lehiaketek askotariko sentimenduak pizten dituztela. Ildo horretan, adierazi du Eusko Jaurlaritzak errespetua, askatasuna eta bizikidetza babestuko dituela, banako bizipen eta sentimendu horien adierazpen gisa.

Julen Bollain Urbieta jaunak, Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak, lehendakariari egindako galdera, hizkuntza-politikari buruzkoa.

Lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak laguntza publikoak dituela euskara ikasteko, eta laguntza horiek egoera ekonomiko edo sozial zailean daudenei zuzentzen zaizkiela. Era berean, arlo horretan esku artean dituzten proiektuen berri eman du. Besteak beste, hauek aipatu ditu: HABEren eta, lan-arloan, LANBIDEren laguntzak; B2 mailara arteko doakotasuna; gazteek euskara jakin eta erabil dezaten sustatzea; edo premia handiena duten pertsona helduek euskara ikasteko laguntzak. “Euskara ikasten laguntzeko beste neurri batzuk hartzeko prest gaude, batez ere arrazoi ekonomikoen edo sozialen eraginez laguntza gehien behar duten pertsonen artean” eman du aditzera.

Alfonso Alonso Aranegui jaunak, Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak, lehendakariari egindako galdera, estatus berriari buruzkoa.

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, adituen batzordeak agindu zaion eginkizuna bete du, eta, egindako lanari esker, testu artikulatu baterako lehen hurbilketa lortuko da. Testu artikulatu horretan, adostasun handiko arloak identifikatu dira, baita desadostasunak ere. “Uste dut Batzordearen lanaren emaitza positiboa eta eraikitzailea izango dela. Euskal autogobernua eguneratzeko eta sakontzeko oinarria eskainiko du”, adierazi du.

Era berean, eta orain Legebiltzarrean berriro hasiko den elkarrizketa aipatuz, eta gizartearen aniztasunarierreparatuta, aitortu du adostasuna lortzea lan konplexua dela, baina azpimarratu du Autogobernu handiagorako eta hoberako bidean aurrera egitea dela erronka eta aukera. “Gure gizartearen aniztasuna eta historia eta gure gizartean nagusi diren borondateak kontuan hartuz, gure gizarterako datozen urteetako bizikidetza-esparrua diseinatzea dagokigu”, erantsi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak