Berriak Lehendakaritza
Eu

Iñigo Urkullu Lehendakariak azken hamarkadetan euskarari emandako bultzadari jarraipena ematearen alde egin du, "bide berriak" eginez

2019.eko abenduak 03
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunean buru izan da, Bilboko Euskaduna Jauregian, 'Bide berriak, modu berriak' lelopean 

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta Bilboko Euskalduna Jauregian egin den ekitaldian. 'Bide berriak, modu berriak' izan da aurtengo ekitaldiaren leloa, eta bertan Lehendakariak azken hamarkadetan euskararen sustapenean egindako ibilbidea aitortu nahi izan du, nabarmenduz aurrerantzean “bide berriak” hartu beharko direla euskara gizartearen esparru guztietan hazten jarraitzeko, lan-mundutik hasi eta aisialdiaren esparruraino, kultura-sorkuntza atzean utzi gabe.

Euskal erakunde nagusietako ordezkariez gain, Lehendakariarekin batera honako ordezkari hauek izan dira Eusko Jaurlaritzaren izenean: Josu Erkoreka, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta bozeramailea; Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua; Iñaki Arriola, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua; Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburua; eta Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.

Adierazpena

Ilaski Serranok eta Zuhaitz Gurrutxagak aurkeztutako ekitaldian zehar, enpresa, kultura, kirol edota ikerketaren arloko hainbat ordezkarik hartu dute parte, zuzenean edo bideoen bidez, eta berretsi dute euskara arlo guztietan sustatzeko beren apustua. Halaber, Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek, EUDELek eta UEMAk Euskararen Nazioarteko Egunaren harira adostu duten adierazpena irakurri dute ekitaldian. Joan den ostegunean argitaratutako agiri horretan, erakundeen eta euskararen aldeko gizarte ekimenaren arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratzen dute, baita euskararen aldeko bultzadan gizartearen atxikimenduak duen garrantzia ere.

Lehendakariak, hain zuzen ere, gizartearen atxikimendu hori nabarmendu du euskararen sustapenaren oinarri nagusi gisa: “Euskal gizarteak hautu bat egin zuen aspaldi eta aldiro berretsi egiten du: euskara bizi-bizirik nahi dugu gaurko eta biharko gizartean. Garenaren parte garrantzitsua delako, aberasten gaituelako, euskarak gehitu egiten duelako, inoiz ez kendu… Euskarak, bere txikitasunetik eta bere neurrian, mundua aberasten du, anitzago egiten du… Ibilbide bat egin dugu, ibilbide horri jarraipena ematea dagokigu”.

Ekitaldian izan den emanaldietako bat Eider Etxeandia abeslariarena izan da; Lauaxetaren 'Bide barrijak' obran oinarritutako bertsioa egin du, eta Lehendakariak erreferentzia hori baliatu du etorkizunari begiratzeko: “Etxeparek orain bost mende eskatu bezala, euskaldunok bide luzea dugu egina euskara duintasun osoz plaza eta eremu guztietara eramateko. Lauaxetak orain dela ia mende bat proposatu legez, Eider Etxeandiak gogoratu bezala, bide berriak hartuko ditugu unean uneko egoerari ahalik eta egokien erantzuteko”. Euskara bultzatzen jarraitzeko berrikuntzaren aldeko apustu horren adibide gisa, Lehendakariak Euskaraldia aipatu du, datorren urtean bigarren edizioa ospatuko baitu.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Kike Amonarriz arduratu dira Euskaraldiaren bigarren edizio hori zertan datzan azaltzeaz. Duela urtebete, lehen edizioan, 225.000 pertsona inplikatu ziren euskararen erabilera bultzatzen. Nabarmendu dutenez, bigarren edizioak, lehen edizioak bezala, banakako inplikazioaz gain, erakundeen eta kolektiboen parte-hartzea ere bilatuko du.

Lehendakariak bere hitzaldia amaitzeko, euskal hiztunei eskerrak eman dizkie beren "gogo, anbizio, ilusio eta irudimenagatik”, euskararen erabilerarako esparruak irabazten jarraitzeko. Ekitaldia Itoizko 'Lau Teilatu' abestuz amaitu da, EiTB Maratoiarekin eta haurren minbiziaren aurkako borrokarekin bat eginez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak