Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzako Joko eta Ikuskizunen Unitateak Urte Zahar gaueko kotiloietako lokalak ikuskatuko ditu

2019.eko abenduak 26

Ertzaintzak, Joko eta Ikuskizunen Unitatearen bidez, datorren Urte Zahar gauean kotiloiak egingo dituzten eta bere eskumen-esparruan sartzen diren lokalak ikuskatuko ditu, jarduera segurtasun-baldintzei jarraituz gara dezaten. Ikuskapenak aurretik nahiz Urte Zahar gauean bertan egingo dituzte, eta, besteak beste, Lokalaren Autobabes Plana betetzen den baloratuko dute eta ebakuazio-bideak eta suteen kontrako sistemak egiaztatuko dituzte.


Ertzaintzaren eskumen-esparruan sartzen diren lokal horien (guztira sei dira, lau Bizkaian, bat Araban eta bat Gipuzkoan) aldez aurreko ikuskapenak abenduaren 19an hasi ziren eta hilaren 30ean amaituko dira. Ikuskapen horietan, besteak beste, egiaztatuko da lokaleko Autobabes Plana behar bezala betetzen den, diskotekako langileen artean zer-nolako ezarpena duen eta langileen zereginen banaketa.

Horrez gainera, baloratuko da lokalaren antolaketan aldaketak egitea aurreikusten den ospakizuneko berezko atrezzoaren ondorioz, piroteknia erabiliko den edo ohiko jarduera aldaraziko duen beste edozein egoera. Gainera, bereziki egiaztatuko dira ebakuazio-bideak eta horien seinalizazioa eta funtzionamendu egokia. Bestalde, suteen kontrako babes-neurriak, behar bezala instalatuta eta seinaleztatuta dauden eta azken azterketaren data ere egiaztatuko dira. Era berean, ezarritako osasun-zuzkidura ere gainbegiratuko da.

Sarreren salmenta, saldutako sarrera-kopurua, aurreikuspenak eta sarrera eta aforoa kontrolatzeko sistemak ere aztertuko dira, eta aparteko garrantzia emango zaio adingabeen kontrolari. Aurretik egingo diren ikuskapenez gainera, Joko eta Ikuskizunen Unitateko agenteak Urte Zahar gauean bertan ere lokaletan egongo dira, jarduerari hasiera ematen zaionean lehenengo ikuskapena egiteko eta, bereziki, aforoak, adingabeak sartu diren, ordutegiak eta lokalak hustu diren kontrolatzeko bisitak egiteko. Kasu honetan, eta dekretatutako ordutegi-luzapenen ondorioz, ikuskatu behar diren lokal guztiek 2020ko urtarrilaren 1eko 08:00etan amaitu beharko dute jarduera. Gau horretan, agenteak Ertzaintzaren Aginte eta Kontrol Zentroarekin harremanetan egongo dira etengabe egindako kontrolen berri emateko, bai eta dagozkien mugapeetako ertzain-etxeekin eta udaltzaingoekin ere, gorabeheraren bat gertatzen bada ere.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau