Eu

Udalen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lanbideren ekintza bateratuari esker 2,5 milioi eurotik gorako inbertsioa egin ahal izan da Oarsoaldeko enplegu programetan

2020.eko urtarrilak 17
  • Lan-munduan txertatzeko eskualde-sare bat sortu da. Bertan hogei eragile publiko eta pribatu inguruk hartzen dute parte

  • Udalerriek sei proiektu berezi dituzte eta horiek, Euskal Enplegu Zerbitzuaren planen bitartez, 133 kontratazio eragin dituzte

  • Oarsoaldean erregistratutako langabezia-indizea % 9,5era jaitsi da, krisiaren hasierako —2008. urtea— mailara

2019an, Eusko Jaurlaritzak —Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez—, Lezoko, Oiartzungo, Pasaiako eta Errenteriako Udalek —Oarsoaldea Garapen Agentziaren bitartez— eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, guztira, 2.544.694,75 euro inbertitu zituzten Oarsoaldean (Gipuzkoa) enplegua eta lan-munduan txertatzea sustatzeko. Inbertsioaren % 71,73 —1.825.562,68 euro— Lanbidek ezarri zuen.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako foru diputatu Ainhoa Aizpuru, Oarsoaldea Garapen Agentziako kontseilari eta Errenteriako alkate Aizpea Otaegi eta Lezoko zinegotzi Miguel Angel Sanchez, gaur goizean, hedabideena aurrean agertu dira, Badia Berri lan-munduan txertatzeko enpresaren Lezoko egoitzan, inbertsio hori ahalbidetu duen eta jarraipena izatea aurreikusi den lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua azaltzeko.

Azken hilabetetan lau udalerrietan (Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteria) hainbat programa eta proiektu abiarazi dira. Horiei esker langabezia-tasa murriztu egin da, kolektibo ahulenei lan egiteko aukera emanez. “Oarsoaldean langabezia-maila krisia hasi zenean —2008. urtea— baino txikiagoa da. Garai hartan, Lanbidek erregistratutako langabezia-indizea % 9,9 zen, eta 2019aren amaieran, berriz, % 9,5", azpimarratu du Artolazabalek. 2013an, %15,8ra iritsi zen.

Horretarako, gizarteratze- eta laneratze-prozesuetan esku hartzen duten eragileen arteko lankidetza funtsezkoa izan da. Erakunde arteko lankidetzan eta lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako eredu bat sustatu da, lan-munduan txertatzeko eskualde-mailako sare bat sortuz. Horri esker, zerbitzuaren eraginkortasun handiagoa eta baliabide publikoen optimizazioa lortu da. Beste hainbaten artean, Eusko Jaurlaritzak —Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez—, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oarsoaldeko Udalek —Oarsoaldea Garapen Agentziaren bitartez—, zenbait erakunde eta elkartek —Lanbide Heziketako ikastetxeen, Helduen Hezkuntzako ikastetxeen, Oinarrizko Lanbide

Heziketako ikastetxeen bitartez—, bestelako elkarte batzuek —adibidez, Gurutze Gorria, Emaus Fundazioa, Sarea Fundazioa—, eta Enpleguko Zentro Bereziek —adibidez, Gureak, Arraztalo, Katea Legaia, Ijito Idazkaritza Fundazioa— osatzen dute sare hau. Guztira, hainbat motatako hogei erakunde eta elkarte inguruk.

Eskualdean ezarritako esku-hartze eredua tresnen diseinuan oinarritua dago, kolektibo zaurgarrienen behar espezifikoak kontuan hartuz. Kasurako funtsezkoa da inguru horretako pertsonen eta enpresen beharrak kontuan hartzea.

Lanbideren ekintzak

2019an zehar guztira sei proiektu berezi jarri dira abian Oarsoaldean, Lanbidek lagundutako finantzatzearekin. Proiektu horietan, guztira, 90 lagunek hartzen dute parte.  Ekimen horiei esker, langabeekin gizarteratze- eta laneratze-prozesuak modu integralean lantzeko aukera dago; horretarako, zeharkako prestakuntza, prestakuntza espezifikoa, prozesuan zehar laguntza eta bertan parte hartzen duen pertsona bakoitzarentzako enplegu-aukerak bilatuko dituen enpresa-prospekzio bat uztartuko dira.

M-BURDIN proiektu bereziak soldaduraren arloan prestakuntza ematen die trebakuntza eskasa duten 30 urtetik beherako gazteei. 45 urtetik gorakoentzako PIZGARRI+45 proiektua dago. Bertan, arrainaren manipulazioaren inguruan prestakuntza espezifikoa ematen da. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenentzako LANEKIN+ proiektu berezia jarri da martxan. Horri esker, parte-hartzaile bakoitzaren egoerara eta interesera egokituta, enpresetan denbora batez praktikak egiteko aukera ematen da. Laguntza behar duten pertsonak zaintzen edo zaindu dituztenek ZILARBIDE proiektu berezia dute. Proiektu horren bidez, laguntza behar duten pertsonen arreta soziosanitarioan ziurtagiri profesionala eskuratzeko aukera dute. Azkenik, ikasketak dituzten gazteak lan-munduan txertatzeko, HAZILAN bi proiektu berezi jarri ziren martxan. Proiektuak jada hiru urte daramatza martxan, eta gaur arte 176 pertsonek hartu dute parte bertan. Gainera, % 75etik gorako lan-munduan txertatzeko indizea dauka. Europako Gizarte Funtsak % 50 finantzatuz laguntzen duen Eusko Jaurlaritzaren programa bat da.

Bestalde, Lanbideren Enplegu Planen hiru deialdiren bitartez, azken urtean 133 kontratazio egin dira, 86 kontratazio sektore publikoan eta 47 sektore pribatuan, enplegagarritasun eskasena duten kolektiboei arreta berezia emanez. Sektore publikoaren esparruan kontratatutako pertsonetatik % 30ek DSBE jasotzen du, % 15ek 55 urte baino gehiago ditu, eta gainerakoak beste kolektibo batzuetakoak dira, adibidez, 30 urte baino gutxiagokoak, iraupen luzeko langabeak, emakumeak, etab.

Prestakuntza-ekintzei dagokienez, Lanbidek, Europako Gizarte Funtsarekin batera, 2019an, prestakuntza-ziurtagiria eskuratzea ahalbidetzen duten bi ikastaro azpimarragarri diruz lagundu ditu: bata, industria-tresneriaren mantentze-ikastaroa eta, bestea, muntatze mekanikokoa. Guztira 30 pertsonek jaso dute prestakuntza, eta horietako % 70 inguruk lana aurkitu du.

“Harro gaude, baina lanean jarraituko dugu. Lana bilatzeko eta lan-munduan txertatzeko gure laguntza eman nahi diegun pertsonak badaudelako oraindik. Zenbaki bakoitzaren atzean pertsona bat, historia bat, bizitza bat dagoelako” esanez amaitu du Beatriz Artolazabal sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak