Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako gobernuak, sei hilabetez, “dekretu digitala” negoziatzea adostu dute, Gernikako Estatutuaren urraketa ekiditeko (Gobernu Bilera 2020-01-21))

2020.eko urtarrilak 21
  • Aldebiko negoziazioak Konstituzio Auzitegiaren aurrean errekurtsoa jartzea geldiarazten du, sei hilabetez, haren interpretazioa eta aplikazioa adosteko
  • Negoziazio hori inbestidura-akordioan jasota dago. Horren arabera, bi gobernuek desadostasunen auzien ordez akordio politikoa bilatuko dute
  • Eusko Jaurlaritzaren ustez, 14/2019 Legegintzako Errege Dekretuak, segurtasun publikoa bermatzeko aitzakiarekin, kontrol-sistema neurrigabea eta hierarkikoa ezartzen du Estatu deszentralizatu batean, eta horrek Euskadiren autonomia politikoko printzipioa eta autoantolakuntza-eskuduntza urratzen ditu
  • Gainera, lege hori hain azkar tramitatzea eragin duten salbuespena, larritasuna, adierazgarritasuna eta aurreikus ezintasuna justifikatuko dituen arrazoirik ez dago

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak 6 hilabeteko aldebiko negoziazio-epea zabaltzea adostu dute, “administrazio digitalaren, sektore publikoaren kontratazioaren eta telekomunikazioen arloetan segurtasun publikoko arrazoiengatik premiazko neurriak hartzen dituen urriaren 31ko 14/2019 Legegintzako Errege Dekretuaren” inguruan diferentziak konpontzeko. Datorren otsailaren 5a baino lehen, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak eta Lurralde Politikako ministro Carolina Dariasek, idazki bateratu beten bitartez, Konstituzio Auzitegiari jakinaraziko diote desadostasunak negoziatzeko prozesua zabalduko dela “Lankidetzako Aldebiko Batzordean”. 

Negoziazio horren xedea da 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7 artikuluak, Xedapen Gehigarri Bakarra, lehen eta bigarren xedapen iragankorrak, eta azken xedapenaren aplikazioa adostea; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren ustez, haien egungo idazketak Gernikako Estatutuan jasotako Euskadiren eskuduntzak urratzen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren ustez ez daude justifikatuta hain eduki garrantzitsua duen lege hori Espainiako Gobernua hainbesteko premiaz tramitatzera eraman zuten “salbuespena, larritasuna, adierazgarritasuna eta aurreikus ezintasuna” justifikatuko duen arrazoiak. Horrek, gainera, nortasuneko dokumentazio nazionala, identifikazioa eta sinadura elektronikoa administrazio publikoen aurrean, administrazio publikoaren esku dauden datuak, kontratazio publikoa edo telekomunikazioen sektorea erregulatzen dituzten 7 lege aldatzen ditu.

 

Negoziazio-prozesu hori irekiz, sei hilabetez, Konstituzio Auzitegiaren aurreko errekurtsoa gauzatzea geldiarazten da, inbestidura-akordioan hala adostu ondoren. Akordio horretan jasotakoaren arabera, bi gobernuek lanean jardungo dute desadostasunen inguruko auzien ordez akordio politikoa lortzeko.

AUTONOMIA POLITIKOAREN ETA AUTOANTOLAKUNTZAREN URRAKETA

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Legegintzako Errege Dekretuak, “segurtasun publikoa”, “ordena publikoa” edo “segurtasun nazionala” bermatzeko aitzakiarekin, kontrol sistema ez-legitimoa, neurrigabea eta hierarkikoa ezartzen du Estatu deszentralizatu batean. Horrek Euskadiren autonomia politikoko printzipioa eta autoantolakuntzako eskuduntza urratzen ditu, batez ere, bi esparrutan: 

  • Identifikazioa eta sinadura elektronikoa eta datu-base jakin batzuen kokapena: Espainiako Gobernuak Estatuko aurretiazko baimena ezartzen du, Barne Ministerioko segurtasun-idazkariaren txosten lotesle batean oinarrituta (isiltasun negatiboarekin), administrazio publikoek ziurtagiri eta zigilu elektronikoa ez den identifikazio-sistema propio bat erabili ahal izan dezaten. Gainera, erregistro banatuko teknologiatan oinarritutako identifikazio- eta sinadura-sistemak erabiltzea debekatzen du Espainiako Gobernuak haiek erregulatu arte. Halaber, identifikazio- eta sinadura-sistema horiek, erroldak, datu fiskalak, datu medikoak, etab. jasotzeko, biltegiratzeko eta kudeatzeko behar diren baliabide teknikoak Espainiaren eta Europar Batasunaren barruan egotea behartzen du.
  • Segurtasuna telekomunikazioen arloan: Eusko Jaurlaritzak larritzat jo du Legegintzako Errege Dekretuak Euskadiko komunikazio elektroniko publikoen zerbitzuetan eta sareetan esku hartzeko baimena ematea, esku-hartze hori nola egingo den, zein baldintzetan egingo den eta gehienez zenbat iraungo duen adierazi gabe. Aurretik agindu judizialik gabe telekomunikazioen sare publikoan esku hartzeko aukera zabaltzen duten arrazoiak edo irizpideak ez dira zehazten, ezta justifikatzen ere.

NEURRIZ KANPOKO ZIGORRAK

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren iritziz arau-hauste batzuen eta hauei lotutako zigorren artean ez dago proportzionaltasunik. Proposatutako helburura egokitzen ez diren alferrikako eta gehiegizko neurriak, kautela berezikoak, aurreikusi dira.

ADIERAZPEN ASKATASUNA

Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren iritziz arau horrek Espainiako Konstituzioaren 18. eta 20. artikuluen oinarrizko eskubideak eta askatasunak larriki eta modu murriztailean urratzen ditu, Espainiako Gobernuak haren ondorioak transmititzen diren edukietara zabaltzen dituelako, eta, horrekin batera, adierazpen askatasunera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko