Berriak Kultura
Eu

Done Jakue Bide berezia ibiltzeari ekingo diote Euskadiko kartzelek

2011.eko maiatzak 05

Peio Ruiz Cabestany txirrindulari ohiak eta Rosa Arruti Orioko ostatu-emaileak Martuteneko kartzela bisitatu dute Done Jakue Bideko esperientzien berri emateko kartzelaratuen artean

Martuteneko presoek bere egunerokoa utzi dute alboan behingoz, izan ere, Done Jakue Bideko erromesaldiaren gainean gehiago ezagutzeko aukera izan dute gaurkoan: iparraldeko bidearen xehetasunen berri jaso baitute, gutxien ezagutzen denetariko ibilbidea eta, bere paisaiak tarteko, ederra baino ederragoa. Ibilbide hau ondo baino hobeto ezagutzen duten bi lagunek hartu dute parte hitzaldian, alde batetik, Peio Ruiz Cabestany txirrindulari ohiak guztiok berotu nahi izan ditu bide honetan murgildu daitezen, eta bidean aurkitu daitezkeen ustekabeen eraginpean egitera bultzatu ere. Bestetik, Rosa Arruti, Orioko ostatu-emailea, zortzi urtez aritu da Gipuzkoako herri honetan gelditzen diren erromesak zaintzen eta laguntzen.

Peiok eta Rosak bere publikoaren jakin-mina pizten saiatu dira pasadizo eta istorioen bidez, eta honez gain,Orreaga eta Obradoiroko plaza beraren arteko kilometroak ibiltzeko era ezberdinen zehaztasunak eskaini dituzte, txirrinduz, ibiliz, kostaldetik, barnealdetik, edozein modutan egin daiteke, gehien atsegin duguna aukeratzea besterik ez dago. Oso publiko berezia izan dute bi hizlariok, Martuteneko espetxeko presoak, euren zigorra noiz bete esperoan bizi direnak era honetako jarduerak egin ahal izateko; arteetan, entzun, ikasi eta kartzelaz kanpoko etorkizunerako prestatzen dira.

“Done Jakue Bidea Euskadiko kartzeletan” izenburuko hitzaldiak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo sailek abian jarritako ekimenak dira. Elkarlanean aritu dira Euskadiko presoen artean Done Jakue Bidea sustatu eta bere gainean hezi xedez. Bizkaian egin zen lehen hitzaldia, iragan martxoan, eta uda ostean Okako Langraitzen burutuko dute jarduera bera.

Txirrindulari ohiaren ustez, Done Jakue Bideari esker, laguntasunezko harremanak sortu daitezke, jende berria ezagutzeko parada eskaintzen du, konpartitzeko eta baita hausnarrean murgiltzeko aukera eman ere.

Rosaren kasuan, bere esperientzia pertsonalak eman zion bide ostatu-emaile bihurtzeko, berak kontatzen duenez, duela zortzi urte ibilitako kilometroek bizitza aldarazi zioten, eta iparraldetik igarotzen ziren erromes guztiak lagunduko zituela erabaki zuen, Jakuen bertan erabaki zuen eta orduz geroztik agindutakoa bete du.

Biek ala biek bultzatzen dute jendeak iparraldetik ekin diezaion Jakue Bideari, beharbada gainontzeko bidea baino gogorragoa izango da, baina aldi berean, erosoagoa euskaldunentzat gure etxeetatik gertuen baitago eta paisaiaren aldetik ustekabez beterik agertzen baitzaigu. Aipatu jarduera hau presoek gozatu dezaketen hezkuntza, kultura eta aisialdi programaren baitan kokatzen da, adituen iritziz, jarduerok berebiziko garrantzia dute presoek enpatia eta errealitatea hurbilagotik bizitzeko aukera izan dezaten.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko