Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Kontsumoari buruzko online ikastaroen programa martxan jarri da

2011.eko maiatzak 11

Ikastaroek kontsumitzaile eta erabiltzaileak modu erosoan trebatzea izango dute helburu, haien premietara egokitzeko moduko formatoa eskainiz

'Bidaiariaren eskubideak eta betebeharrak' izeneko online ikastaroa eskuragarri dago jada. Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo Zuzendaritzaren helburuetako bat kontsumitzaileak eta erabiltzaileak trebatzea da, gaur egungo kontsumo-gizartean era kritikoan, autonomoan eta arduratsuan moldatzeko gai izan daitezen eta premia berrietara etengabe egokitu daitezen.

Teknologia berriek dakartzaten onurez jabetuta, Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo Zuzendaritzak hasiera eman dio online ikastaroen programa bati. Ikastaro horiek 2011. urtean zehar garatuko dira eta helburu hau izango dute: kontsumitzaile eta erabiltzaileak modu erosoan trebatzea, haien premietara, interesetara eta inguruabarretara egokitzeko moduko formatoa eskainiz. Ikastaroak herritarrongan pentsatuz antolatuko dira eta kontsumo.net webgunean izango dira eskuragarri.

Ikastarook helburu praktikoa dute: ikuspegi teorikoaz gain, alde praktikoa ere badute, ikasitakoan sakontzeko aukera emanez. Halaber, ikastaroen gai bakoitzean adituak diren hainbat teknikari izango dira tutore; horrela, parte hartzen duten ikasleek, zalantzaren bat izanez gero, argitu ahal izango dute.

Programa horren baitan, 'Bidaiariaren eskubideak eta betebeharrak' izeneko online ikastaroa da eskuragarri jarri den lehena.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan