Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Enpresentzako Europako Ingurumen Sariak

2011.eko maiatzak 16

Ingurumen Sailak 2011-2012ko Enpresentzako Europako Ingurumen Sariak-EAEko Atalaren deialdia egin du

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2011-2012ko Enpresentzako Europako Ingurumen Sariak-EAEko Atalaren deialdia egin du, berriro ere, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietatearen bitartez. Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa guztiek har dezakete parte lehiaketa honetan; hautagaitzak aurkezteko epea 2011ko irailaren 30ean bukatuko da.

Enpresentzako Europako Ingurumen Sariak Europar Batzordeko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak antolatzen ditu, eta 1987an sortu ziren Ingurumenaren Munduko Urtearen harira. Haien helburua garapen jasangarriaren printzipioak betetzen lagundu duten erakundeak publikoki goraipatzea da, baita haien ahaleginari esker beste konpainia batzuentzat eredu izan daitezkeen erakundeen ekarpena aitortzea ere.  DTS-Oabe EAEko enpresak saria jaso zuen 2006eko edizioan, Produktu kategorian, “Nupilac Hidro” izeneko proiektuarekin.

EAEko Atala Ingurumen Sailak eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietateak koordinatzen dute. Sari hauek sona handia dute enpresen garapen jasangarriaren alorrean, eta ospea dakarkie irabazleei. Euskal Autonomia Erkidegoan, 2011-2012ko edizioan, lau kategoriaren inguruan egingo dira:

- Garapen jasangarrirako kudeaketa.
- Garapen jasangarria lortzeko produktua edota zerbitzua.
- Garapen jasangarrirako prozesua.
- Garapen jasangarrirako nazioarteko enpresa lankidetza.

Lehiaketan parte hartu nahi duten erakundeek inprimaki ofizialean deskribatutako formatua erabili beharko dute (inprimaki orokorra + kategoria bakoitzeko berezko inprimakia). Era berean, hautagaitzarekin lotutako agiriak (bi kopia) folio neurriko bi uztaidun karpetetan aurkeztu beharko dituzte, paper birziklatuan eta orrien bi aldeetan inprimatuta. Azalean «Enpresentzako Europako Ingurumen Sariak 2011-2012» idatzi beharko dute, enpresaren izena eta hark lehiatu nahi duen kategoria ere adierazita.   Hautagai bakoitzaren inprimakiak paperean zein euskarri elektronikoan (CDan, DVDan, pen drivean edota Windows xp-rekin bateragarria den beste edozein euskarri digitaletan) aurkeztu beharko dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek aurkeztutako hautagaitzek Euskal Autonomia Erkidegoko Atalean hartuko dute parte eta, ondoren, Europako sariketan lehiatuko dira, Espainiako Atalaren deialdiaren bidez. EAEko Atalaren kasuan, Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan 2010-2014 Programaren helburuak betetzen dituzten ekimenak baloratuko ditu epaimahaiak. Sarien irabazleak zeintzuk diren dagokionean jakinaraziko da.
2011ko irailaren 30eko 14:00ak baino lehen Ihoberen egoitzan bertan (Urkixo zumarkalea 36, 6. solairua, 48011 Bilbo) entregatutako hautagaitzak sartuko dira hautaketa prozesuan.
Bai lehiaketaren oinarriak bai edozein kategoriatan hautagaitzak aurkezteko formularioak www.ihobe.net webgunean daude. Informazio gehiago behar izanez gero, Ihobe-Line doako ingurumen informazio zerbitzura jo behar da, 900 15 08 64 telefonora deituta.

Iruzkin bat
  • @XabiGV
    2011.eko maiatzak 20

    Comentario de Twitter:
    Premios Europeos de #medioambiente a la empresa vasca http://is.gd/HyfCeQ #ihobEJGV #in

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko