Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak parte-hartze nabarmena izango du Eskualdeetako Komiteak Lisboako Tratatua indarrean sartu denetik egingo duen lehen bilkuran

2009.eko abenduak 04

Lisboako Tratatua indarrean sartu den aste honetan, Eskualdeetako Komintearen 82. osoko bilkura egingo da, abenduaren 3an eta 4an, Bruselan, eta Euskadiko ordezkariek agenda betea izango dute.

Eusko Jaurlaritza Guillermo Echeniquek, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, eta Irune Aguirrezabalek, Europako Gaietarako zuzendariak, ordezkatuko dute, eta Eskualdeetako Komitearen osoko bilkuran Euskadiren jarrera defendatuko dute Euskadiri zuzenean eragiten dioten gaietan.

 

Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea Eskualdeetako Komitearen bilkuran

Eskualdeetako Komitearen osoko bilkuran EBko eskualde guztietako ordezkari politikoak biltzen dira, eta, besteak beste, gizarte-kohesioari, Europako garraio-sareari eta arrantza-politika erkideari buruzko irizpenak eztabaidatuko dira.

Eusko Jaurlaritzak hau defendatuko du:
- Lisboako Estrategiak, 2010aren ondoren, toki- eta eskualde-mailako berezitasunak kontuan hartzeko beharra.
- Estatuen arteko koordinazio hobea Europako garraio-sareei dagokienez; lehentasuna ematea mugaz gaindiko tarteei eta plataforma logistikoen bidez bigarren mailako sareak eta eskualde-sareak indartzea.
- Eskualde- eta toki-aireportuen bideragarritasuna babestea.
- EBko baso-politika, bai eta arrantza-politikaren erreforma, EAEko arrantza-ezaugarrietarako egokiagoa izan dadin.


Osoko bilkuran, Eusko Jaurlaritzak bere jarrera aurkeztuko du, ekonomia-hazkundeari, enpleguari eta gizarte-kohesioari buruz 2010aren ondoren EBk hartuko dituen lehentasunen agendari dagokionez (EB2020).
Politika guztietarako lurralde-planteamendu bateratua izatea defendatuko du Euskadiko ordezkaritzak, toki- eta eskualde-mailan dauden berezitasunak kontuan hartuz. Eusko Jaurlaritzaren iritziz, toki- eta eskualde-mailako berezitasunak eraginkortasun handiagoa ematen dio ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioari epe luzera erronkak gainditzeko; eta hori guztia asmo handiko aurrekontu baten laguntza izanda, EBn lurralde-garapen orekatua izan dadin.

Halaber, diru-sarrerak bermatzeko politika pasiboak lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonen enplegua aktibatzeko politikekin lotzeko eskatuko dugu. Horrela, gizarte-kohesio hobea lortuko da.


EBko garraio-ekimenen iraunkortasunari eta sare transeuroparrei dagokienez, estatu kideen arteko koordinazioa hobea izatea defendatuko dugu, plangintzan eta betearazpenean desfaseak saihesteko, eta lehentasuna emango diegu mugaz gaindiko tarteei.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarentzat -Guillermo Echenique-, "EBko garraio-sareen artean koordinazio hobea izatea, mugaz gaindiko tarteei lehentasuna ematea eta plataforma logistikoen bidez bide nagusiak eta bigarren mailakoak lotzea ekimen lagungarriak izan daitezke EBren esku-hartzea eraginkorragoa izan dadin". Era berean, Echeniquek aireportu-tasak finkatzeko eta kalkulatzeko arau bateratuak ezartzea defendatzen du, baldin eta gure aireportuen bideragarritasuna bermatzen bada.


Bilkuran, EBren baso-politika eta arrantza-politika erkidea ere protagonista izango dira eta Euskadin dauden berezitasunak defendatuko dira. Arrantza-politika erkidearen erreformari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak arrantza-tokien ezaugarrietara ondoen egokitzen den kudeaketa eskatuko du.


Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak agenda betea izango du

Eskualdeetako Komitearen osoko bilkura aprobetxatuz, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Europako Gaietarako zuzendariak lan-bilera bat izango dute Europako Sozialisten Taldearekin, eta, era berean, Espainiako autonomia-erkidegoek Eskualdeetako Komitean dituzten ordezkariekin batzartuko dira.

Halaber, Eskualdeetako Komitearen "automobilaren krisia" taldearen bileran izango dira. Eratu zenetik, eta Bretainiako eskualdeko lehendakariaren koordinaziopean, taldeko kideek automobilaren sektoreko krisiari aurre egiteko proposamen eta ekimenak bilatzeko lanean eskualdeen zeregina bultzatzea erabaki zuten.


Lisboako Tratatua eta Eusko Jaurlaritzaren lehentasunak Espainiaren Lehendakaritza dela eta

Eusko Jaurlaritzako ordezkarientzat, "Lisboako Tratatua indarrean sartzea eta Espainiak EBren Lehendakaritza betetzea momentu historikoak dira, eta Euskadik hor izan behar du, izan ere, mesedegarria da bai euskal herritarrentzat baita erakundeentzat ere".
Eusko Jaurlaritzak Lisboako Tratatua indarrean sartu dela-eta egindako adierazpen instituzionalean nabarmendu duenez -Jaurlaritzaren Kontseiluak abenduaren 1ean hartua-, tratatuak aukera emango dio Europar Batasunari hobeto prestatuta egoteko etorkizuneko erronkei aurre egiteko, herritarrei erakundeak hurbiltzeko baliabide gehiago eta hobeak emanez. Horrela, Lisboako Tratatuak subsidiariotasun printzipioa indartzen du; printzipio horrek esaten du erabakiak herritarrengandik ahalik eta hurbilen eta modurik eraginkorrenean hartu behar direla.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Acción Exterior