Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Ikuspegi Behatokiaren emaitzek agerian uzten dutenez, EAE-ko herritarrek immigrazioaz duten iritziak ez du okerrera egin krisiaren eraginez

2009.eko abenduak 16

• Harrera- eta gizarteratze-politikak ezarri ditzatela eskatu die Immigrazioko zuzendariak erakundeei, aniztasunean kohesionatutako gizartea eraiki ahal izateko, eskubide- eta ardura-berdintasuna oinarritzat hartuta.

• Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, sustatutako erakundea da Immigrazioaren Euskal Behatokia.

Miguel González Eusko Jaurlaritzako Immigrazioko zuzendariak gaur goizean adierazi duenez, "bizitzen ari garen krisi-egoerak eragin txikia du immigrazioaz euskal herritarrek dituzten iritzi eta jarreretan". Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreordearekin batera, "EAEko biztanleek atzerriko etorkinei buruz dituzten pertzepzioak, balioak eta jarrerak" txostenaren 2009ko datuen berri eman du González jaunak.

Immigrazioaren Euskal Behatokiaren azken inkestako datuen arabera, EAEko herritarren % 62k uste du atzerritarrekin duten harremana ez dela aldatu azken urtean. Inkestatuen % 19k baino ez du adierazten harremanak okerrera egin duela, eta % 14k, berriz, hobera egin duela uste du.

Miguel Gonzálezek esan duenez, "lehen aldia da Euskadin aldi berean ditugula eragin sakoneko krisi ekonomikoa eta immigranteen proportzio handia" (erroldaren % 6,1, Ikuspegiren datuen arabera).

Immigrazioko arduradunaren ustez, bateratze horrek "ez du eragin euskal gizartean aurreko azterlanetan adierazitakoa baino aurkako jarrera-proportzio handiagorik, ez nabarmenki, behintzat".

Hala eta guztiz ere, Gonzálezek azpimarratu duenez, "euskal gizartean, gure inguruko gizarteetan bezala, bitariko joerak aurkitzen dira; batetik, tolerantzia adierazten duen jarrera irekiak eta, bestetik, aurkako jarrerak azaleratzen dutenak". Adibidez, jarrerak zertxobait gogortu dira zenbait zerbitzu doan jasotzeko aukerari buruz edo indarreko legeak betetzearen inguruan.

Behatokiko arduradunek izandako agerraldian, langile atzerritarren kalteberatasunaz hitz egin dute. Haien datuen arabera, Euskadin azken hilabetean langabezia % 6 igo da immigranteen artean, eta hori ez-atzerritarren artean izandakoaren (% 1) oso gainetik dago.

Gaurko egunean, erregistratutako langabe guztien % 11,4 dira atzerritarrak. "Ehuneko hori espero zitekeena baino askoz handiagoa da, Gizarte Segurantzako afiliatuen artean duten presentzia aurtengo urrian % 5,6koa zela kontuan izanik", adierazi du Gonzálezek.

Egungo krisi-egoratik harantzago begiratu beharraz mintzatu da Immigrazioko zuzendaria; izan ere, "bai gure demografiak bai lan-merkatuaren beharrei buruz egin diren proiekzioek agerian uzten dute immigranteek ekartzen diguten gaztetasunaren eta lan-indarraren beharra izango dugula".

"Erakundeentzat erronka da harrera- eta gizarteratze-politika egokiak ezartzea, aniztasunean kohesionatutako gizartea eraiki ahal izateko", adierazi du Gonzálezek amaitzeko.

 

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 15a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Director de Inmigración