Berriak Kultura
Eu

50 euskal udalerri baino gehiagoko hiriguneak dinamizatu eta girotuko ditu Eusko Jaurlaritzak Gabonetan

2009.eko abenduak 21

Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak eta Kulturako sailburuorde Antonio Riverak, gabonetan euskal udalerrietako hiriguneak dinamizatu eta girotzeko jarduera-programa aurkeztu dute gaur. Eusko Jaurlaritzaren bi Sail horiek milioi bat euroko aurrekontua bideratu dute guztira aurtengo kanpainarako, erdibanatuta.

Laguntza horiek ‘+Euskadi 09' ekimenaren barnean hartzen dira, eta kultura-jardueren kontratazioa (Kultura Bultzatuz programaren babesean) eta merkataritza-inguruneen dinamizazioa (merkagunea programaren bitartez) dituzte xede nagusitzat. Azken batean, hiriguneak erosketak egiteko erakargarriago bihurtzea lortu nahi du Eusko Jaurlaritzak neurri horren bitartez, baita Euskadiko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzea ere.

Merkatari-elkarteen eta hiri-merkataritzako plataformen bitartez bideratu dira laguntzak, euskal udalekin elkarlanean (zehazkiago, deialdiak 3.000 biztanle baino gehiagoko herriak hartu ditu eraginpean). Guztira, 50 udalerri baino gehiagotan egingo dira jarduerak, gabonetan. Musika-emanaldiak, ‘street marketing' ekintzak, haurrentzako jarduerak eta abar programatu dituzte elkarteek.

Udalerri bakoitzak eskabide bakarra aurkezteko aukera izan du, eta, hortaz, merkatari-elkarteek baterako programazioa aurkeztu behar izan dute. Esaterako, Bilbok aurkeztu duen programazioaren barnean, "Gau magikoak" izeneko jarduera nabarmentzen da, abenduaren 19rako (Indautxuko plazan, bi kanoik elur artifiziala jaurtiko dute) eta urtarrilaren 2rako (Zabalgunean, rock, jazz eta blues emanaldiak eta guzti) antolatu dutena. Bi ekintza horiekin batera, inguruneko saltokiak sustatuko dira, eta, horren adierazgarri, 22:00etara arte egongo dira zabalik. Gainera, Alde Zaharrean "Musika-bazterrak" programatu dituzte, formatu txikiko emanaldiak antolatuz abenduaren 19tik urtarrilaren 5era bitarte.

Donostiak kaleko musikaren alde egin du, eta guztira 116 kontzertu programatu dituzte abenduaren 22tik urtarrilaren 4ra bitarte. Kontzertuak hainbat auzotan eskainiko dira aldi berean (Alde Zaharra, Erdialdea, Amara, Egia, Altza, Gros eta Antigua), eta horietan ere zenbait estilo uztartuko dira, hala nola jazza, funka, rocka, folka eta abar. Programazioa osatzeko, haurrentzako jarduerak antolatuko dira.

Beste udalerri batzuetan, Laudion (Araba) esaterako, gabonetan patinajeko pista bat prestatzeko baliatu dute Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza.


Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 18a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Viceconsejera de Turismo y Viceconsejero de Cultura