Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Politika Orokorraren Eztabaidan Egindako Hitzaldiaren Laburpena. 2011ko irailaren 29an (2011-09-27(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko irailak 27

Datorren ostegunean, irailaren 29an egingo den Politika Orokorraren Eztabaidan egingo dudan hitzaldian, Euskadik gaur egun duen egoera politikoa, ekonomikoa eta soziala aztertuko dut eta nire Gobernuak gizarte gisa dauzkagun erronkei erantzuteko egiten dituen ekintzak eta proposamenak azalduko ditut.

Ereduaren krisia

Nazioartean dugun egoeraren azterketa labur bat eginez hasiko naiz; Lehman Brothers-ek porrot egin zuenetik hiru urte joan ondoren, mendebaldeko ekonomien hazkunde-itxaropenak geldialdi batean aurkitzen dira oraindik, eta ez gara gai izan krisiak zalantzan jarri duen ereduaren ordez balioko duen eta etorkizunean horrelako astinaldiak izatea saihestuko duen gobernantza-sistema berri bat eraikitzeko. Nolanahi dela ere, hemendik aurrera ezer ez da izango 2008 baino lehen bizi genuen egoeran bezalakoa.
Euskadi egoera honek dituen zalantzak eta larritasunak sufritzen ari da, euroaren eremuko gainerako herrialdeak bezala; Euskadi, hala ere, askoz egoera hobean dago, langabeziari eta kontu publikoen egoerari dagokionez, Espainiako gainerako lurraldeak baino.

Zailtasunak gorabehera, Euskadi hobeto dago

Langileek eta enpresek beren gain hartu dituzten sakrifizioengatik gertatzen da hori, batez ere, eta agente guztiek gure ekonomiaren egitura eta egitura horren modernizazioa babesteko egin duten apustu deliberatuarengatik, orobat.

Ekonomiaren dezelerazio-sintomak gorabehera, enpleguari dagozkion datuek erakusten dutenez, lanpostuen suntsitzea gelditu egin da, eta badira bizitasun pixka bat erakusten duten zenbait sektore, turismoarena adibidez, dagoeneko 26 hilabete daramatzana etengabe haziz.

Eusko Jaurlaritzak azkeneko urte honetan egin duen kudeaketaren laburpen bat egingo dut, gure agintaldiaren hasieran zehaztu genituen hiru helburu nagusietan zentratuz:

-Bizikidetasun demokratikoa berreskuratzea, terrorismoa eta bortxakeria gure bizitzetatik uxatuz.
-Krisiari aurre egitea, garrantzirik handiena enpleguari eta produkzio-jarduerari eusteari emanez.
-Zerbitzu publikoak mantentzea, aldi berean gure Ongizatezko Estatuan, etorkizuna bermatzeko, egin behar diren erreformak eginez.

Alor horietan egindako aurreramenduak aztertuko ditut; zenbait Sailetan izan diren ekintzarik nabarmenenak azpimarratuko ditut: azpiegituren eta garraioaren, hezkuntzaren, osasunaren, enpleguaren eta gizarte-zerbitzuen, kulturaren eta industria-politikaren eremuetan egin direnak, besteak beste.
Aurrekontuetan egin behar izan diren murrizteak eta gastu publikoan ezarri behar izan den zorroztasuna gorabehera, zenbait ekimen estrategiko aurrera eraman dira, hala nola, hezkuntzako marko hirueleduna, osasunaren erreforma gaixo kronikoen arreta bideratzeko, gizarte-laguntzak Lanbideren bitartez formakuntzari eta enpleguari lotzea, edo ekoizpen-prozesuen berrikuntza bultzatzea.

Euskadi
Aldi honetan Euskal Herriak herritarren erabateko askatasuna lortzeko eta izumen-aldiaren bukaera ikustatzeko urrats handiak egin dituela ere azpimarratuko dut. Eskubideko Estatuaren eta bere instituzioen irmotasunak bere proiektu totalitarioa bortxaren bidez ezarri nahi izatea baztertzera behartu du ETA, eta estrategia hori bultzatu edo toleratu zutenak politikan denok behartzen gaituzten arauak eta legezko baldintzak betez parte hartzera behartu ditu.

Berrogei urtetan lehendabiziko aldiz askatasunerako irabazitako eremu publikoetan, terroristen mehatxuaren eta estortsioaren ezin eramanezko pisurik gabe nola bizi daitekeen probatu ahal izan du euskal gizarteak. Baina oraindik ez gara libratu bortxakeria matxista den kriminalkeriaren beste adierazpen hortaz.

Orain arte hainbeste banandu gaituzten nortasunari buruzko eztabaida zaharrak baztertzen jarraitu dugu, eta horri esker bideratu ahal izan da nire Gobernuak bultzatu nahi duen herritar askez osatutako Euskadi solidario, iraunkor eta lehiakor hori baldintzatzen duten gaiei ekiteko behar zen indarra.
Horregatik, bada, Eusko Jaurlaritzak oinarrizko hainbat eremutan abiarazi behar dituen neurriak eta ekimenak azalduko ditut:

-Enplegua eta ekonomia berritzailea.
Ezin daiteke pentsatu ere egin guk nahiko genukeen Euskadi moderno eta kohesionatu hori, lan egiteko adinean dagoen biztanleriaren hamarren batek lanik egin ezin badu. Horregatik, bada, gure ekonomiak gaur egun behar bezala erantzuten ez zaion enplegu-eskaerari, hogeita hamar urtetik beherako gazteenari batez ere, erantzungo dion behar besteko jarduera sor dezan lortzeari eman behar zaio lehentasuna. Xede horretara bideratuko da lehentasunez Gobernu honen ekimena, berari dagozkion zenbait alorretan. Horretarako, ordea, behar-beharrezkoa izango da sektore pribatua eta agente sozialak ahalegin koordinatu batean konprometitzea.

-Zerbitzu publikoak eta Ongizatearen Estatua indartzea.
Krisi ekonomikoa aitzakia bezala ari dira erabiltzen talde neoliberalak, Europako gizarte-ereduaren ezaugarrizkoak diren eta gure gizartearen kohesioa bermatzen duten oinarrizko zerbitzu publikoak mantendu beharra zalantzan jartzeko. Eredu hori, herritar guztiei aukera-berdintasuna eskainiko dien derrigorrezko eta doako hezkuntza batek, erabiltzailearen erosmena kontuan hartzen ez duen osasunaren arreta unibertsal batek eta babesik gabe inor uzten ez duten gizarte-zerbitzu batzuek osatzen dutena, ezin egon daiteke merkatuaren erabaki soilaren mende.
Sistema horri eutsiko bazaio, ordea, erreformak eta egokitzeak egin beharko dira. Asmo horretan egokitzen da proposatzen dugun Administrazioaren modernizazioa eta haren eraginkortasuna hobetzea, eta asmo horretan kokatu behar da, orobat, uztailean Ahaldun Nagusiei igorri nien fiskalitateari buruzko proposamena ere. Krisi honek eragingarri bat gehiago izan behar du zerbitzu publikoak finantzatzeko erabiltzen ditugun zergetan zuzentasuna, eraginkortasuna eta progresibotasuna berreskuratzeko. Lan horri apriorismorik eta aldez aurretik betorik jarri gabe heltzea proposatzen dut, koordinaturik, behar den bezala, eta iruzurraren eta fiskalitatea saihestearen kontra hobeto jardunez.

-Terrorismoaren zikloa amaitzea.
Inoiz baino hurbilago gaude odolustu eta alde guztietatik pobretu gaituen bortxakeria kriminalezko berrogei urteko aldiaren amaiera ikustetik. Terrorismoaren zikloa amaitu beharra dago, behin betiko. Baina egoera honetara demokraziak eta legeak totalitaristei beren proiektua odolez eta garrez inposatzen utzi ez dielako iritsi garen bezala, ezinbestekoa da askatasun osoko eta bizikidetzazko aro berria sendotzeko bidea ere oinarri demokratikoetan oinarritzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan