Berriak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Eu

Ikerbasqueko Enrique Solano ikerlariak simulazio kuantikoari buruzko artikulua argitaratu du Naturen

2010.eko urtarrilak 08

Ikerbasqueko ikertzailea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatean ikerlaria den Enrique Solanok, simulazio kuantikoari buruzko artikulua argitaratu du Nature aldizkari zientifiko ospetsuan. Argitalpenaren epaileek esan duten lez, lan hau "funtsezko pausu bat da Fisikaren arloan". Horrez gain, "lehen aldiz eta berez, zientifikoek lortu dute sistema batek beste baten fisika irudikatzea", azpimarratu dute.

Fisikan doktorea (Rio de Janeiroko Unibertsitate Federala, Brasil), Solano hamar urtez baino gehiago ikertzaile izan da munduko elite ikertegietan. Ikerbasqueko ikertzaileak egitasmo hau burutu du Rainer Blattekin batera, Innsbruckeko (Austria) Fisika Institutuan Laborategi arduradura dena. Blatten kideak R. Gerritsma, G. Kirchmair, F. Zähringer eta C.F. Roos dira.

‘Dirac ekuazioaren simulazio kuantikoa' izen duen artikuluak ikertzaile hauen esperimentua jasotzen du, non orain arte bateraezinak ziren bi arlo uztartzen baitira: 30 hamarkadako fisika kuantiko erlatibista eta optika kuantikoaren punta-puntako teknologia, hain zuzen.

Simulazio kuantikoak erdietsi du sistema batek beste baten propietateak bereganatzea era antinatural batean. Hori dela bide, informazio kuantikoak ohiko ordenagailuek ezin duten fenomenoak kalkulatzea ahalbidetzen du. Solanok horrela azaltzen du: "Simulazioaren artea fenomeno helezinen ikerketan datza. Adibidez, munduko ordenagailu guztien memoria ez litzateke nahikoa izango 100 atomoen aldagaiak kalkulatzeko".

Atomoen baztertze teknikaren bitartez -non atomo bat laserrekin ‘harrapatzen' den eta geldiarazten den-, Innsbrucken burutu den simulazioak lortu du atomo bat partikula erlatibista bat izango balitz bezala jardutzea. Partikula erlatibistak argiaren abiadura hartzera ailegatzen dira. Muga teknikoak direla eta, partikula hauen mugimendua inoiz ezin izan da behatu.

Simulazioaren eremu berriztatzaile honek materialen propietate berriak aurkitzea ahalbidetu egingo du. Datozen urteetan, gero eta simulazio konplexuagoak garatuko dira, zeinak ezagutza berria sortuko duten. "Erreakzio kimiko nahiz nuklearreko simulazioak edota portaera genetikoenak sekulako emaitzak emango dizkigute", iragarri du Solanok.

Ikerbasqueko ikertzaileak atseginez hartu du Nature aldizkarian argitaratutako emaitzak, baina gogoan hartzen du "eszeptikoa izatea zientzialari baten beharra" ere dela. Lan honek ikerketa esparru berria ireki duen arren, Solanorentzat eta bere taldekideentzat "lehenengo pausua" ez da nahikoa, eta "askoz gehiago" eman nahi dute.

Solanok Richard Feynman 1965eko Fisika Nobel sariduna aipatu du. Feynman (1918-1988) simulazio kuantikoaren aitzindaria izan zen, eta bere ametsa zen gizakiak ezin duena Izadiak berak kalkulatzea. "Simulazioa antzerki kuantiko bat da, eta bertan gizakiarentzat eskuraezinak diren Izadiaren eguneroko fenomenoak antzezten dira", erantsi du EHU-ko fisikariak.

Enrique Solano


Enrique Solano ikertzailea (Lima, 1964), Fisikan doktorea da (Rio de Janeiroko Unibertsitate Federala, Brasil, 2000) eta munduko elite ikertegietan ikertzaile gisa aritu da hamar bat urte baino gehiago. Honela bada, Alemaniako Max Planck Optika Kuantikoko Institutuan (Garching) eta Ludwig Maximilian Unibertsitatean (Munich) lan egin du, baita Estatu Batuetan, Perun, Txilen, Frantzian eta Austrian ere. Izan ere, aipatu zentro askotan kolaboratzailea da egun.

2008ko maiatzetik hona, Getxon (Bizkaia) bizi da eta Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioko ikertzailea da. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultatean lan egiten du, Kimika/Fisika sailean, hain zuzen. Bertan Doktoretza eta Doktoretzaondoko ikasketen zuzendaria da.

Solanok lantzen dituen ikerketa esparruak hauek dira: Informazio Kuantikoa, Optika Kuantikoa, Mekanika Kuantiko Erlatibista, Qubits-en (Bit kuantikoen) Teknologia Superkonduktorea eta QED (Elektrodinamika kuantikoa) zirkuitoak.

Nature aldizkaria


Nature aldizkari zientifikorik ospetsuenetarikoa da. 1869tik astero argitaratzen du Nature Publishing Group britaniar konpainiak, Macmillan Publishers-en sorospidezkoa dena.

Argitaletxeak aldizkari berezituak ere kaleratzen ditu, hala nola Nature Physics, Nature Neuroscience, Nature Structural eta Molecular Biology, adibide batzuk aipatzearren.

Artikuluen argitalpen irizpideak esklusibotasun zorrotzean oinarritzen dira, alegia, lan bakoitzak ezagutza berria eskaini behar dio munduko zientzia-elkarteari. Egitez, Naturek jasotzen dituen artikuluen %95 inguru arbuiatzen du.

2007an, Nature aldizkariak Komunikazio eta Giza Zientzien Asturiaseko Printzearen Saria jaso zuen bere lehiakide nagusia den Science aldizkariarekin batera.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan