Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak "Gernikako Arbolaren Gurutzea" eman dio Carlos Garaikoetxeari, eta, halaber, "Lan Onari" eta "Lagun Onari" goraipamenak eman ditu (2011-10-18(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko urriak 18

Eusko Jaurlaritzaren kontseiluak, gaurko batzarrean, "Gernikako Arbolaren Gurutzea", goraipamenik handiena, Carlos Garaikoetxea lehendakariari ematea erabaki du. Era berean, gobernuak onartu duenez, honako hauei emango zaie "Lan Onari" goraipamena: Pedro Anitua; Juan Ángel Balbás, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteko zuzendari nagusia; Ana Blanco kazetaria; Martín Fiz kirolaria; Juan Pablo Fusi historialaria eta Milagros García Crespo ekonomialaria. Halaber, José Ignacio Sánchez Galáni "Lagun Onari" goraipamena emango zaio.

Lehendakariak emango ditu dagozkion dominak, datorren urriaren 25ean, Euskadiren Egunean, Lehendakaritzan egingo den jaian.


CARLOS GARAIKOETXEA (Iruñea, 1938)

Abokatua eta ekonomi zientzietan lizentziaduna da. Jarduera profesionalari dagokionez, enpresen zuzendaritzan eta bere abokatu-bulegoan egin zuen lan. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberako lehendakaria izan zen, eta, aldi berean, hainbat jarduera filantropiko eta kulturaletan parte hartu zuen, batez ere, euskararen defentsan eta ikastolak bultzatzen, Francoren diktaduraren sasoian.

EAJko lehendakari aukeratu zuten diktaduraren amaieran, eta 1980an kargua utzi zuen, bateraezina baitzen Eusko Jaurlaritzako lehendakari karguarekin. Euskal Kontseilu Nagusiaren lehendakari izan zen (1979-1980) eta bi legealditan aukeratu zuten Lehendakari (1980an eta 1984an)

Nafarroako Parlamentuko parlamentaria izan da, Europako diputatua bi legealditan eta Eusko Legebiltzarreko kidea bost legealditan. EFAko (European Free Alliance) lehendakaria izan zen, bai eta Eusko Alkartasunakoa ere 1987an eratu zenetik 1999ra arte.

Artikulu ugari idatzi izan ditu hainbat argitalpen eta komunikabidetan, eta, duela gutxi "Euskadi: la transición inacabada" liburua argitaratu du.


EDUARDO ANITUA (Vitoria-Gasteiz, 1956)

Estomatologoa eta ikertzailea. BTIren sortzailea (Biotechnology Institute).

Gazte-gaztetatik zeukan oso argi medikuntza zela bere benetako bokazioa eta, batez ere, ikerketa biomedikoa; izan ere, horretan jardun du azken hogei urteotan.

Oinarri eta esperientzia kliniko zabalekoa izanik, arlo kirurgikoan eta ehunen birsorkuntzaren arloan berrikuntzak bilatzeari ekin zion. Horrela, BTI Biotechnology Institute sortu zuen. Bertan, inplante-sistema berritzailea garatu du, bai eta norberaren gorputzetik lortutako proteinetatik abiatuta ehunak birsortzeko teknika berri bat ere. Teknika horri PRGF-Endoret (Plasma Rich in Growth Factors) deritzo, eta aitzindaria da munduan.

Gaur egun BTIk nazioarteko 37 patente ditu, eta enpresak onarpen zabala dauka ikerketa, garapen eta berrikuntzari ikuspegi biologiko batetik abiatuta ekiten dielako. Horrek konponbide terapeutiko berritzaileak eskaintzen ditu, eta, aldi berean, oinarrizko baliabide biologiko berriak garatzen dira, prozedura kirurgikoekin lotuta eta arlo mediko desberdinetara egokiturik.


JUAN ÁNGEL BALBÁS (Urretxu)

Industriako ingeniari teknikoa.
1989tik, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteko zuzendari nagusia da. Elkarte horrek eskualde horretako garapen ekonomikoa sustatzeko helburua du, eskualdeko premiak hobekuntza-ekintza zehatzak bihurtuz.
Elkartea 1985ean sortu zen, eskualdeko 8 udalek bultzatuta. Herritarrei zerbitzu publiko bat eskaintzen die, eta, horretarako, udal sustatzaile horiekin berekin eta Euskadiko, Espainiako eta Europako administrazioekin lankidetzan jarduten du.

ANA BLANCO (Bilbo)

Pedagogia ikasi zuen, Deustuko Unibertsitatean.
Badira hogei urte TVEko notizia-programetako aurpegi ezagunetako dela. Albistegia ia ordu-tarte guztietan aurkeztu izan du, eta urte horietan guztietan TVEk eman dituen programa berezietako askotan parte hartu du.
Lanbide horretan diharduenetik, hainbat sari jaso du, esate baterako, "Urrezko Antena" (1999); Prentsa, Irrati eta Telebistako Informatzaileen Elkarte Profesionalaren saria; "Informatiboetako Komunikatzaile Onenaren" ATVa (2000, 2004 eta 2005); eta aurreko 10 urteetako informatiboetako komunikatzaile onenaren ATV Saria (2007).

2009an, Urrezko TP irabazi zuen. 2005ean, Frantziak Espainian duen enbaxadak "Merezimendu Ordena Nazionaleko zaldun-ikurra" eman zion.


MARTIN FIZ (Vitoria-Gasteiz, 1963)

Azken hamarkadotan nazioartean gehien nabarmendu diren euskal atletetako bat dugu. Maratoiko munduko txapelduna izan zen 1995ean, eta Europakoa 1994an, eta distantzia horretako diploma olinpiko bana irabazia da Atlantan 1996an (laugarren) eta Sydneyn 2000.ean (seigarren).

Atleta gogorra inondik ere, krosean zaildutakoa. Espainiako maratoilari guztien palmaresik onena dauka: Urrea Goteborgeko mundialetan, 1995ean; zilarra Atenasko mundialetan, 1997an; urrea Helsinkiko europarretan, 1994an; laugarren Atlantako olinpiadetan, 1996an; eta seigarren Sydneyn, 2000.ean. Eta beste maratoi hauek ere irabazi ditu: Otsu (1999 eta 1997), Kyong Ju (1996), Rotterdam (1995) eta Helsinki (1993).

Hainbat aitorpen jaso du, kirolean egindako lanarengatik, besteak beste: Kiroletako Asturiasko Printzea 1997an, Maratoiko ekipo nazionaleko kide modura; Kiroletako Merezimenduaren Urrezko Domina eta Ordena Olinpikoko Domina, eta baita beste bi hauek ere: Arabako Probintziako urrezko domina, eta Vitoria-Gasteiz Hirikoa.
Eliteko kirola utzia du, baina oraindik ere parte hartzen du proba batzuetan, elkartasun-ekintzetan eta Gasteizko atleta gazteak entrenatzen.

JUAN PABLO FUSI (Donostia-San Sebastián, 1945)

Diktaduraren ondorengo urteetako Espainiako eta Euskadiko historiografia berreskuratzeko ahalegin handiena egin duen historialarietariko bat da.

Historian doktorea da Oxfordeko Unibertsitatean (1974) eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (1979). Oxforden ikasi zuen Raymond Carr irakaslearekin eta 1976-1980. urteetan unibertsitate hartako St. Antonys Collegeko Ikasketa Iberiarren Zentroko zuzendari izan zen.

1988az geroztik, Historia Garaikideko katedraduna da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean eta, aurrez, Kantabriako (1982-1986) eta Euskadiko (1986-1988) unibertsitateetako katedradun ere izan zen.

1987an Giza Zientzietako Honoris Causa Doktoregoa jaso zuen New York Universityn.

1986 eta 1990. urteen artean, Liburutegi Nazionaleko zuzendari izan zen. 2001etik 2006ra, Ortega y Gasset Unibertsitate Institutuko eta Ortega y Gasset Fundazioko zuzendari akademikoa izan da.

Espainiako historia garaikidearen gainean egin du lan nagusiki, eta, bereziki, Euskadiren inguruan, haren industrializazioak erakarrita. Gure historiografiaren erreferentzia diren hainbat lan argitaratu ditu.
"Espainiaren ispilua" (1976), Saiakerako Europako "Montaigne" saria eta Madrilgo Autonomia Erkidegoaren Giza Zientzietako "Julián Marías" sariak jaso ditu.

MILAGROS GARCIA CRESPO (Bilbao 1934)

Ekonomi zientzietan lizentziaduna. Politika ekonomikoan katedraduna.

Hainbat unibertsitatetan irakasle izan ondoren, 1987an Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Plangintzako sailburu izendatu zuten. Eusko Jaurlaritzan maila horretako kargu bat betetzen zuen lehenengo emakumea izan zen.

Jaurlaritzan egon ondoren, lehenengo, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko lehendakaria izan zen (1989-1991) eta, ondoren, Espainiako Kontuen Epaitegikoa (1994-1997).

Gaur egun, EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko katedradun emeritua da Sarrikon. Hain zuzen ere, fakultate horretako dekanoa izan zen bost urtez.

Artikulu eta lan asko argitaratu ditu ospe handiko aldizkari espezializatuetan, eta hainbat libururen egile ere bada.


JOSÉ IGNACIO SÁNCHEZ GALÁN (Salamanca, 1950)

Industri ingeniaria eta Enpresen Administrazioan eta Kanpo Merkataritzan Diplomatua da hainbat unibertsitatetan.

1972an jarduera profesionala hasi zuenetik 2001. urtera arte, zuzendaritza postuak izan ditu Grupo Exiden, ITPn, Eurojet partzuergo alemaniarrean presidente ere izan zen- eta Airtel Móvilen (egun Vodafone España).

Gaur egun Iberdrolako presidentea eta kontseilari delegatua da. 2001ean euskal konpainiara iritsi zenean jarri zuen abian azken urteetan burutu den enpresa eraldaketako prozesu garrantzitsu eta arrakastatsuenetariko bat. Nazioartean zabaltzearen eta energia garbien aldeko apustua egiteak sektoreko mundu-mailako lau enpresa handienen artean kokatzeko aukera eman dio Iberdrolari 40 herrialde baino gehiagotan dago eta Erresuma Batuko ScottishPower edo Brasilgo Elektro konpainiak barne hartzen ditu-; burtsako kapitalizazioaren bidez guztiz pribatua den sektoreko bigarren enpresarik handiena da eta energia eolikoaren arloko munduko aitzindaria.

Honoris Causa doktore izendatu du Edinburgoko Unibertsitateak eta nazioarteko hainbat sari ere jaso ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan