Berriak Lehendakaritza
Eu

500 lagun izan dira Euskadiren aurkezpenean New Yorken

2011.eko urriak 21

Lehendakaria merkataritza eta promozio ekintzak egiten ari da Estatu Batuetako hainbat hiritan eta aipatu ekitaldia ekintza horien barruan sartzen da 2011n zehar

Euskadik Ipar Amerikako 42.000tik gora turista hartu ditu, 2010eko lehen zortzi hilabeteetan baino %21 gehiago

Patxi López Lehendakariak 500 lagunen babesa izan du New Yorken, etxe-orratzen hirian, Euskadiko eskaintza turistikoa aurkezteko ekitaldian. Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Basquetour-en (Turismoaren Euskal Agentzia) bidez antolatutako ekitaldi horren helburua izan da Euskadiren erakargarritasun turistiko guztiak erakustea eta AEBetatik datorren turista kopurua handitzen jarraitzea. 2011ko abuztura arte 42.366 turista iparramerikar erregistratu dira Euskadin, hau da, 2010eko lehen zortzi hilabeteetan baino %21 bat gehiago, orduan 34.996 izan baitziren.

Ekitaldia Queensboro Bridge zubiaren oinarrian kokatutako Guastavinos merkatu zaharrean izan da, ekitaldiak antolatzeko espazio bezala erabiltzen baita gaur egun. Teresa Barrenecheak (New Yorkeko Maritxu lehen euskal jatetxearen fundatzaileak eta Estatu Batuetan euskal sukaldaritzari buruz gehien saldu den liburuaren idazleak) aurkeztu du ekitaldia eta Wynton Marsalis-ek ere parte hartu du. Wynton Marsalis munduko gaur egungo jazz musikari garrantzitsuenetakoa da eta Estatu Batuetan eragin gehien duten 25 pertsonetako bat ere bai "Time Magazine" aldizkari famatuarentzat. Wynton Marsalis Euskadi eta, bereziki, Gasteiz ongien ezagutzen duen nazioarteko pertsonaietako bat da, sarri etortzen baita Gasteizko jazz jaialdietara. “Vitoria Suite” sortu zuen, hiriko Urrezko domina jaso zuen eta eskultura bat ere badauka EAEko hiriburuan.

Euskal modak ere izan du bere txokoa ekitaldian eta Euskadiko paisaietan inspiratutako hamabi jantzi egon dira ikusgai, guztiak ere gure moda diseinatzaile garrantzitsuenek sortuak: Mercedes de Miguel, Ion Fiz, Modesto Lomba, Miriam Ocariz, Isabel Zapardíez, Alicia Rueda, Miguel Palacio, María Clé, Lemoniez, Minimil, Ian Mosh eta J+G.

Aurtengo urtarrila eta abuztua bitartean %21 handitu da Amerikatik etorritako bisitari kopurua.

Ekitaldia bukatutakoan, euskal produktuen cocktail bat zerbitzatu da eta Juan Mari Arzak eta besteak beste Andoni Luis Adurizek parte hartu dute cocktail horretan.

New Yorkeko 80 tour-operatzaile

Aurkezpen ekitaldia baino lehen, Euskadiko turismoaren sektoreko hamaika enpresarik lan jardunaldi batean parte hartu dute New Yorkeko 80 tour-operatzaile eta bidaia-agenterekin. OET erakundearen laguntzarekin, lan hitzorduak adostu dituzte New Yorkeko workshop turistikoan, turismoaren euskal sektoreko enpresa eta elkarteen 11 ordezkarik eta Convention Bureau-ak beren eskaintza aurkez diezaieten Ipar Amerikako 80 tour-operatzaile eta komunikabide espezializatu horiei.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)