Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Errezetak emateko sistema unibertsala: beste pauso bat errezeta elektronikorantz

2011.eko azaroak 21

Gaurtik hasita, Errezetak emateko Sistema unibertsal berria (SUPRE) erabiltzen ari da Osakidetza lehen-mailako arretako zentro guztietan. Errezeta elektronikoa ezarri aurreko pauso bat da sistema hori

Errezeta elektronikoarekin, beste zenbait aurrerapen egiteaz gain, errezetak ematetik plan farmakoterapeutiko integratuak egitera igaroko gara, segurtasun handiagoa izango da botiken erabileran, kontraindikazioak dituzten errezetak ematea eta nahi gabeko interakzioak izatea saihestuko da, pazienteek atxikipen handiagoa izango dute tratamenduekin, tratamendu osorako bisa elektronikoa edukitzeko aukera egongo da, eta, azkenik, desagertu egingo dira farmazia-bulegoetako paperezko errezetak, emateko era ere elektronikoa izango baita.

Prozedura horrekin, jarraipen-errezetak jasotzeko laguntza-zentroetara egiten diren joan-etorriak saihestuko dira. Hala, pazienteak behar bezala identifikatuta joango dira EAEko edozein farmaziatara, eta, han, errezetarik behar izan gabe, emandako tratamendu-plana betetzeko behar dituzten botikak emango dizkiete.

Errezeta elektronikoaren ezarpena martxan dago; SUPREz gain, Vademecum bakarra ere badu, eta 2012an hasiko dira proba pilotuak.

Historia farmakoterapeutiko bakarrean elkartzen ditu SUPREk paziente batekin lan egiten duten mediku guztiek agindutako tratamenduak. Hala, profesionalek jakin dezakete pazientea zer botika hartzen ari den eta zer tratamendu egiten ari den; hori lagungarria da errezetak emateko.

Pazientearentzat, berriz, zenbait nobedade daude. Alde batetik, pertsona bakoitzak historia farmakoterapeutiko bakarra izango du, eta, errezeta-emate inprimatuarekin batera, tratamendu aktiboaren orri bat jasoko du -historia farmakoterapeutiko bakarrean erregistratuta geratuko dena-, eta errezetek medikuaren sinadura elektronikoa izango dute.

- Historia farmakoterapeutiko bakarra. Pazienteak jasotzen dituen tratamenduen erregistroa.
- Tratamendu aktiboaren orria. Bezeroak dokumentu inprimatu bat jasoko du, eta dokumentu horrek jasoko du tratamendu-plan osoa. Han zehazten dira zer botika errezetatu dizkioten, hartzeko jarraibideak, eta medikuak gehitu nahi duen edozein ohar. Historia farmakoterapeutiko bakarraren zati da informazio hori. Tratamendu aktiboaren orria lagungarria da tratamenduarekiko atxikipenerako; pazienteari ardura handiagoa ematen dio, eta, gainera, haren zaintzaileen lana errazagoa egiten du.
- Sinadura elektronikoa. Errezetetan, dagoeneko ez da agertzen medikuaren eskuzko sinadura, elektronikoa baizik (letraz eta zenbakiz osatutako kode bat). Sinadura elektronikoak indartu egiten du errezetak emateko sistema elektronikoaren segurtasuna.

Osasun-arloko profesionalentzat, sistemak errezetak emateko laguntzak ditu, botiken arteko bikoiztasunak edo interakzioak saihesteko edo gehienezko dosien oharrak emateko; hala, jarduera klinikoko segurtasuna indartzen da, bai eta botiken erabileraren eraginkortasuna ere.

Errezetak emateko sistema berria, aldi batean, gaur egungo Osabide-AP sistemarekin batera erabiliko da, paziente guztien errezetak formatu berrira ekartzen bukatu arte. Egokitzapen-aldi horretan, farmazia-bulegoetan sinadura elektronikoa zein eskuzkoa duten errezetak aurkeztu ahal izango dira, eta horrek ez du eraginik izango botikak jasotzeko garaian.

Sistema berria Osakidetzaren sare informatikora egokitzeak ahalegin handia eskatu du; izan ere, estatu osoko osoenetako bat da, laguntza-maila guztiak barnean hartzen baititu: lehen mailako laguntza, espezializatua eta ospitalekoa. Konplexutasun horrez gainera, profesionalen sinadura elektronikoa erabiliko duen Osakidetzaren lehen zerbitzua da. Ezarpen-zerbitzuan medikuek, farmazialariek eta informatikariek aktiboki parte hartu dute, bai eta osasun-langileek ere; azken horiek trebakuntza-lanak egin dituzte, bai sistemaren erabilerari dagokionez, bai ezarpenari dagokionez.

Denbora-tarte horretan, lanaren konplexutasuna eta programa informatikoaren egokitzapena direla eta, zenbait gorabehera izan dira, baina ez dute ekarri, inondik inora ere, pazienteei ematen zaien laguntzaren kalitatea jaisterik. Pazienteen datuen erregularizazioak -informazioa sistema berrira aldatzea-, bai eta errezetenak ere, aurrerapen handiak egin dituzte, eta, profesionalek erakutsi duten ahaleginarekin, halaxe jarraituko dute aurrerantzean ere.

SUPREren jarduera, azaroaren 2tik 20ra bitartekoa:

- EAEko 915 medikuri aktibatu zaie SUPRE

• 853 medikuk eman dituzte errezetak SUPREren bidez
• 62 medikuk ez dute erabili
(Kasu askotan, desaktibatu egin da osasun-txartel profesionalik ez izateagatik)

• Errezeta-emateak aktibo dituzten 30.025 paziente artatu dira
• Errezeta-emateak, guztira, 80.033 izan dira.

Hala nahi duten hedabideek irudiak eta ahozko azalpenak har ditzakete Irekiaren esteka honetan:

https://www.irekia.euskadi.net/es/ma/news/7942-sistema-prescripcion-universal

Iruzkin bat
  • @icsotomayor
    2011.eko azaroak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Sistema universal de prescripción: Un paso más hacia la receta electrónica. http://t.co/hOpzdS33

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan