Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Kronikgune eta Espetxe-Osasunaren transferentzia saritu ditu Diario Médico aldizkariak Osasun-Arloko urteko ideiarik onenetakoak izan direlako

2011.eko azaroak 07

Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak bi sari jasoko ditu gaur arratsaldean, "osasun-arloko urteko ideiarik onenak" izeneko sariak, alegia, Kronikgune abian jarri duelako eta espetxe-osasunaren transferentzia egin delako. Diario Médico argitalpenak ematen ditu sari horiek.

Urtero osasun-arloko egunkari horrek bere sariak ematen ditu pertsonen, instituzioen edo enpresen eguneroko jarduna eskertzeko; izan ere, horien ekarpen, berrikuntza eta ekimenen bidez medikuntza, osasun-asistentzia eta osasuna bera hobetzen laguntzen dute, urte osoan zehar.

Aurten, Kronikgune gaixo kronikoen osasun-asistentziaren arloko Ikerketarako Bikaintasun Zentroa da sarituetako bat, kudeaketaren atalean, alegia. Onarpen horren bidez Diario Médico aldizkariak paziente kronikoekiko dagoen kezka nabarmendu nahi du, baita kronikotasunak geroz eta gehiago eragingo dien biztanleak artatzeko modu berriak ikertu beharra dagoela ere.

Kronikgunek munduko erreferentzia-zentro bihurtu nahi du osasun-sistemei eta sistema soziosanitarioei eusteko planen, proiektuek eta erantzunen azterketan. Osasun-sistemak eraldatzeko eta hobetzeko beharrezkoa den ezagutza sortzea du helburu, bai eta sistema horiek hazkunde demografikoak, biztanleen zahartzeak eta gaixotasun kronikoek izango duten geroz eta garrantzi handiagoak ekarriko dizkigun erronketara egokitzea ere. 2,2 milioi euroko aurrekontua du, eta gaur egun Osakidetzako profesionalek sustatutako 65 ikerketa-proiektu analizatzen ari da.


Espetxe-osasunaren transferentziak, berriz, osasun-politikaren arloko saria jaso du. Kasu horretan, Diario Médicok prozesu luze eta konplexu hori bukatu dela hartu du aintzat; izan ere, konponbidea eman dio Sociedad Española de Sanidad Penitenciariak, eta hedaduraz, mediku-lanbideak, urteetan egin dituzten eskaerei.

Uztailaren 1etik Euskadi da espetxeko osasun-zerbitzua bere osasun-zerbitzuan sartu duen lehenengo autonomia erkidegoa. Hala, osasun-arloko 43 profesional Osakidetzako plantillaren parte izatera pasatu dira: 16 mediku, 19 erizain, 7 klinikako laguntzaile eta farmazialari bat. Horiek guztiek 1.493 preso zaintzen dituzte, horietako asko, gaixo kronikoak, gainera. Horretaz gain, EAEko hiru espetxeetako osasun-zerbitzuak Osakidetzako osasun-zentro izatera pasatu dira, eta lehen mailako arretako dagokien eskualdetan sartu dira, eta erreferentziazko ospitale bat izendatu zaie. Langileak pazienteen historiara sar daitezke Osabide global-en bidez, eta espezialistekin telekontsultak egiteko aukera ere badute.

Sariak gaur arratsaldean emango dituzte Kataluniako Teatre Nacionalen, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Ekitaldian izango dira Esteban de Manuel Kronikguneren zuzendaria, Daniel Zulaica espetxe-osasunaren transferentziaren koordinatzailea, eta Julian Pérez Gil Osakidetzaren zuzendari nagusia.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan