Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

EGEFek (Eskualde Garapenerako Europako Funtsak) Atlantikoko trenbide-korridorea sustatu eta garatzeko CA-EFFIPLAT proiektua onartu du

2011.eko azaroak 17

 Proiektua Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen

CA-EFFIPLAT proiektua (2007-2013) INTERREG Atlantiko aldearen programaren hirugarren eta azken deialdira aurkeztu zen, EGEFekin batera finantzatuta, garraio-sareen arteko interoperabilitatea eta jarraitutasuna, eta itsas, trenbide, aire eta errepideko garraioen arteko intermodalitatea sustatzeko.

 Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako proiektuaren onarpenarekin beste bultzada bat eman zaio korridore atlantikoa Europan barnako garraio-sareen barruan lehentasunezko 10 ardatzen artean sartzeari (urriaren 19an hartu zen erabakia). Erabaki honi esker, Korridore Atlantiko bultzatzeko ekintzak Europar Batasunaren %65aren subentzioa jasoko dute.

 CA-EFFIPLAT proiektuak 1,4 milioi euroko aurrekontua du, eta Eusko Jaurlaritzak lideratutako nazioz gaindiko sare bat sortzea du helburu; sare hori 21 antolakundek osatuko dute. Tartean izango dira garraio-azpiegituren kudeaketarako administrazioak, eta trenbide-operadore publiko nahiz pribatuak, operadore logistikoak eta portuetakoak, eta guztien nahia da Atlantiko aldeko salgaien korridorean, Arku Atlantikoko portu eta plataforma logistikoekin elkar hartuta, trenbideko garraioa eta garraio intermodala hobetzea.

 Zehatzago esanda, proiektuaren xedea da salgaien garraiorako trenbide-azpiegiturak garatu, planifikatu eta gauzatzea, portuekiko konexioak ahalbidetzeko azpiegiturak barne. Aldi berean, lehiakorrak eta eraginkorrak izango diren garraio intermodaleko zerbitzuak sustatzea aurreikusten da, batez ere trenbide eta itsasokoak, errepideko garraioaren osagarri baitira.

 Jarduketak 2012ko urtarrilean hastekoak dira. Atlantikoko trenbide-korridorea osatzen duten trenbide eta portuen sarearen egoera teknikoa zertan den jakiteko analisi eta diagnosia egingo da; egungo egoera hobetzeko eta plangintza-tresnetan aurreikuspena egiteko proposamenak identifikatuko dira; eta korridorea, eskaintzen diren zerbitzu intermodalen ikuspegitik aztertuko da, plataforma multimodalen optimizazioa hobetzeko, eta zehazteko, plataforma logistiko multimodalen ikuspegitik zeintzuk izan daitezkeen zerbitzu berri eraginkorrak eta lehiakorrak.

 Jarduketa horiek aldi berean burutuko dira Espainia, Frantzia, Portugal, Irlanda eta Erresuma Batuan, proiektua benetan gauzatzeko dauzkagun 27 hilabetetan zehar, eta hori oinarri hartuta, CA-EFFIPLAT sarearen egiturari dagokionean sorrera, funtzionamendu eta garapenaren inguruan hainbat emaitza lortzea espero da, epe motz, ertain eta luzean, salgaien trenbide- eta portu-korridorearen inguruan Arku Atlantikoko komunitate logistikoa artikulatu ahal izateko.

 Eskualdeen arteko lankidetzak badu balio erantsi bat; lankidetza horrek sinergiak sortzen ditu, alde batetik, logistikaren balio erantsiaren kateko eragileen artean, eta, bestetik, trenbide- eta itsas azpiegituren eta nodo logistikoen kudeatzaileen artean. Horrela, bada, Atlantiko aldean garraio-sistema intermodal baten ikuspegi global eta integral bat taxutzea lortzen da, ezinbestekoa den eragile publiko eta pribatuen partaidetzarekin, azken finean, eragile horiek aztergai ditugun zerbitzuak sustatu, kudeatu eta ematen dituztenen interesak ordezkatzen baitituzte. Alde horretatik, proiektuaren balio erantsietako bat da Atlantiko aldeko erkidego logistiko bat taxutzea, Atlantikoko trenbide-proiektuaren inguruan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan