Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak Euskadiren 2012rako Aurrekontu Orokorrak aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean

2011.eko abenduak 09

 

Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012rako Aurrekontu Orokorrak aurkeztu ditu gaur Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Aurrekontu horiek jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko diseinatu dira. Carlos Aguirrek esan duenez "2012ko aurrekontu-politika honako hiru helburu nagusi hauek lortzeko dago bideraturik: produktibitatearen hobekuntzan oinarrituriko ekonomia-lehiakortasuna handitzearen bidezko enplegua sortzea, oinarrizko gizarte-zerbitzu eta prestazioak bermatzea eta zerga-sendotzeak lagundutako aurrekontu-egonkortasuna".

 

Aurrekontu-egonkortasunaren konpromisoak betetzeko, sendotze fiskalaren bideak BPGd-ren % 1,3ko defizita ezarri du gehienez 2011rako.  Defizita zuzentzeak eta horrek eragindako aurrezki positiboak aukera eman du zorpetze garbia 1.000 milioi euro inguruan egonkortzeko. Eragiketa arruntengatiko diru-sarrerek 8.840 milioi euroko aurrekontua dute, gastu arruntek ostera 8.710 milioiko kalkulua dute. Horrek 130 milioiko aurrezki positiboa dakar, nahitaezko baldintza dela legez.

 

2012rako Aurrekontu Orokorren guztizko kopurua 10.449 milioi eurokoa da, eta horrek esan nahi du % 1 murriztu direla aurtengoarekin alderatuz. Eusteko ahalegina % 2,3koa da langileria-gastuak eta Abiadura Handiko Trenaren finantzaketa kontuan hartzen ez badira (langileria-gastuek kostu finkoko izaera dute  eta Abiadura Handiko Trenaren finantzaketa kupoaren bidez deskontatzen da).

 

Langileria-gastuak % 1,9 hazi dira. Hazkunde apala dela esan daiteke, transferentzia berriei dagokien langileria eta soldata-deribak ere barne hartzen dituelako. Eransketa horiek kontuan hartu gabe, homogeneoagoa da erkaketa, eta I. kapituluko gastuak % 1,1 baino ez dira hazten horrela.

 

Gastu arruntetarako transferentzia eta diru-laguntzek % 3,3 egin dute behera. Aurrekontuen inguruko urteko legeetan araututako finantzaketa duten erakundeei egindako transferentziak salbuetsiz gero, % 5eko murrizketa da arau orokorra.

 

Euskal Jaurlaritza EAEko gizarte-zerbitzuen emaile nagusia da. Hori dela eta, aurrekontuen zati handiena zerbitzu publikoak emateko eta gizarte-babes eta -sustapenerako erabiltzen da. 3.450 eurokoa da biztanleko gizarte-gastua.  Biztanleko guztizko aurrekontua 4.742 eurokoa da.

 

 

2012rako aurrekontuak zorrotzak dira halabeharrez, foru-aldundiek EAEko Administrazio Orokorrari ematen dizkioten diru-sarrerak murriztu egin baitira.  Eusko Jaurlaritzaren diru-sarrera ez finantzarioen aurrekontua 9.232 milioi eurotan ezarri da, hau da, % 1,3 murriztuko da 2011rekin alderatuz. 

 

Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak azpimarratu du "Jaurlaritzak azken bi ekitaldietan egin izan duen aurrekontu-egonkortasunerako politikaren oinarria gastuaren doikuntza izan dela. Hala ere, diru-sarrerak eragin du desoreka. 2007. eta 2009. urteen artean diru-sarrera itunduen ondoriozko bilketak BPGd-ren 4 puntu egin zuen behera, ia 3.000 milioi euro. Krisiaren kargak zuzen banatu nahi baldin badira, diru-sarreretan ere jardun beharko da, batez ere zergaren ihesean eta elusioan".

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)