Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Itelazpi, 8 urte telekomunikazioen sektoreari balioa erantsiz

2012.eko urtarrilak 25

Itelazpi Sozietate Publikoa 212/2003 Dekretuaren (irailaren 23koa) bidez sortu zuen Eusko Jaurlaritzak. Zortzi urte hauetan, telekomunikazio zerbitzuak ematen eta komunikazio azpiegitura publikoak kudeatzen lan egin du erakundeak.

Urte hauetan guztietan bost arlo nagusi hauetan aritu da, batez ere, Itelazpi: irrati eta telebista seinaleak garraiatzeko eta hedatzeko zerbitzuak ematea, batez ere EITB euskal erakunde publikoarentzat; komunikazio azpiegitura publikoak kudeatzea eta hirugarrengoei ostatatze-zerbitzua eskaintzea; euskal Administrazio Publikoei TETRA komunikazio-zerbitzuak ematea; landa inguruetan banda zabaleko azpiegiturak hedatzea; eta komunikazio-gaietan sektore publikoari aholkularitza-zerbitzua ematea.

Zortzi urteren ondoren, erakunde publikoak zentro igorleen sare zabal eta modernoa jarri du Eusko Jaurlaritzaren eskura, euskal geografian zabalduta. Horien bidez, bezeroei zerbitzua zuzenean eman ez ezik, beste operadore batzuen zerbitzua erraztu ere egiten da. Horrela, aktiboen errendimendu ratioa hobetzen da eta ingurumenean eragin txikiagoa izaten da, Euskadin zerbitzu osoa eskaini ahal izateko.

Itelazpik garatu dituen ekimenen artean, banda zabala landa guneetan zabaltzeko proiektua nabarmentzen da. Izan ere, proiektu horrek oihartzun handia lortu zuen nazioartean eta hainbat erakundek saritu zuten, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetako Wireless Internet Institutek. Era berean, Broadcast arloan egindako berrikuntzei dagokienez, LTDaren seinalea leheneratzeko sistema garatu da, hornitzaileekin batera. Horri esker, zerbitzu hobea eskaini ahal izan zaie geografia inguru urrun edo sakabanatuetan seinalea jasotzeko arazoak dituzten bezeroei.

TETRA sarearen zabalkundeari eta kudeaketari dagokienez, erakunde publikoak Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat erakunde garrantzitsurekin sinatu ditu lan-hitzarmenak, hala nola Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin, Metro Bilbaorekin, Euskal Trenbide Sarearekin (ETS) eta Eusko Jaurlaritzako meteorologia eta segurtasun zerbitzuekin.

Hainbat planetan ere hartu du parte Itelazpik urte hauetan guztietan. Horien artean, hauek daude: Informazio Segurtasunaren Plan Zuzentzailea, Berrikuntza Publikoaren Plana, Gizarte Erantzukizun Korporatiboaren II. Plana eta, Eusko Jaurlaritzarekin batera, Euskadin ezarritako Telekomunikazioko Azpiegituren Maparen sorrera. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa gardenerako puntuak ere aintzat hartu ditu enpresak, besteak beste, Kode Etikoa eta Gobernu Onaren Kodea, eta Arriskuak Kudeatzeko Funtzioa.

Itelazpik UNIRED Erkidegoetako Telekomunikazio Operadoreen Espainiako Elkartea zuzendu du 2011. urtean, eta Telekomunikazioen Museoa ireki du, Zamudion.

Barne-antolakuntzari dagokionez, EFQM ereduan oinarritzen du kudeaketa Itelazpik. Prozesutan banatutako eredua da hori, eta interes-taldeei begira sortuta dago. Azken urteetan, hornitzaileei, bezeroei, kolaboratzaileei eta akziodunei zuzenduriko atariak jarri ditu abian Itelazpik, modu gardenean informazioa eta dokumentazio garrantzitsua eskaintzeko. Gainera, asebetetasun inkestak egiten ari da Itelazpi, interes-taldeetan. Kasu guztietan, ezarritako helburuak gainditu ditu puntuazioak eta 'oso ongi' nota eman diote enpresaren lanari, batez beste.

Kudeaketaren arloan, Itelazpik bi ardatz nabarmen ditu, ingurumenari dagokiona eta gizarte erantzukizun korporatiboari, batez ere pertsonen babesari eta kudeaketaren gardentasunari, dagokiona.

Lehen puntuari helduta, Itelazpik Ingurumenaren Plan Estrategikoa sortu du 2011. urtean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Estrategia aintzat harturik, etorkizunean zer lan ildori jarraitu zehazteko. Ingurumenaren arloan abian jarritako neurriei dagokienez, Lasturren energia hibridoko errepikagailu berria jarri du Itelazpik. Sistema berritzailea du errepikagailuak eta energia berriztagarria erabiltzen du; laster, Donostiako Eureka! Zientzia Museoan erakusgarri jarriko dute sistema hori. Horrez gain, Erosketa Berdea ezarri du Itelazpik agirietan, eta hitzarmenak egin ditu eskolekin, ingurumenarekiko harremana bultzatzeko jardunaldiak egite aldera.

Gizarte erantzukizun korporatiboaren arloari dagokionez, 2008. urtetik OHSAS egiaztagiriaren jabe da Itelazpi eta EMAKUNDEren erakunde laguntzailea. Gainera, konpromiso aktiboa du gardentasunarekin eta administrazio publikoaren erantzukizun korporatiboarekin, bai bere jardunbide egokien bidez baita QEPEAk zuzenduriko taldeen parte hartuz ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko