EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-06-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2015119

AGINDUA, 2015eko ekainaren 10ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena. Honen bidez, laguntza-deialdia egiten da 2015eko ekitaldian aurrerakin itzulgarriak emateko oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko, eta laguntza-deialdi hori arautzen da (Gauzatu-Industria Programa).

Xedapenaren data: 2015-06-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201502859
Maila: Agindua
Gauzatu-Industria Programa tresna bat da, Industrializazio Planean definitutako jardute-politiketako bat aplikatzen laguntzen duena.
Azken bi hamarkadetan, euskal ekonomia errotik eraldatu eta modernizatu da. Gure ekonomiaren eta enpleguaren hazkunde-tasak Europar Batasuneko batez besteko tasak baino handiagoak izan dira, eta, egoera horri esker, administrazio publikoek fase berriak urratu ahal izan dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasuna garatzeko bidean. Gaur, beste fase bati ekiteko moduan daude, batez ere berrikuntzan oinarrituta.
Ekonomia globalizatu baten testuinguruan, berrikuntza fenomeno estrategiko bat da ekonomien lehiakortasunerako, eta sano eragiten du gizartean. Horregatik, egungo abagunean, berritu egin behar da ekonomia hazteko eta enplegua sortu eta mantentzeko.
Prozesu edo emaitza tekniko bat baino gehiago da berrikuntza. Gizarte-fenomenoa da, pertsonen eta gizarte osoaren sormena adierazten duena. Gizarte baten ahalmen berritzailea, enpresa batena bezalaxe, urratsez-urrats eratzen da. Ahalmen berritzaile hori ez da inprobisatzen, eta, horrenbestez, nekez imitatu edo erreproduzitu daiteke.
Ekitea, arriskatzea eta aurrera egitea, berrikuntzaren osagai diren heinean, gizarte honen berezko berezitasunen ondorio dira, eta, ondorioz, hasierako abantaila dakarte. Horrela, paradoxa bitxia gertatzen da globaltasunaren eta tokikotasunaren artean, baita epe luzearen eta epe laburraren artean ere. Berritzeko, ezinbestekoa da epe luzera lan egitea, baina epe laburrean erreakzionatzen jakin behar da unean uneko aukerak aprobetxatzeko. Beraz, oso lotuta dago aurrea hartzearekin.
Produktibitatea indize bat ere bada, herrialde bateko egitura sektorialarekin lotuta dagoena. Euskal Autonomia Erkidegoak aurrera egin behar du bere egitura apurka-apurka dibertsifikatzeko; horretarako, jakintza-oinarri erreala duten eta etorkizunean eskaria izango duten sektoreen alde egin behar du.
Enpresen jasangarritasuna eta hazkundea bermatzeko planteatzen diren estrategiek, bestalde, bide eman behar dute finantzazio lortzeko, enpresa-taldeak sortzeko, globalizaziora egokitzeko lanak errazteko eta beste enpresa eta erakunde batzuekin lankidetza-akordioak eta aliantzak lortzeko.
Ildo horretatik, ahaleginak egiten dira inbertsioak teknologian eta berrikuntzan oinarritu daitezen batez ere. Hori guztia egiten da, zeren uste da sektore tradizionalek gai izan behar dutela balio erantsi handiagoa duten zerbitzu eta produktuetara egokitzeko eta enpresa berritzaileak garatzeko enpresak jasangarriak izan daitezen eta hazi daitezen. Horrela jokatuaz, aipatutako parametroak indartu nahi dira, eta, gainera, oinarri teknologikoa edota berritzailea duten proiektuetara bideratu nahi da ahalegina, kontuan izanik badirela laguntza-programak batzuk ere, bestelako eduki edota filosofia bat duten proiektuetara bideratzen direnak.
EAEko ekonomiak hazi egin behar du enplegua sortzeko; kontu publikoak orekatu behar ditu, eta modu iraunkor batean garatu behar du ongizate-estatua. Gure enpresa-ehunari lagundu behar diogu egoera ekonomikoak eragindako oztopoak gainditzen, enpleguaren suntsipena geldiarazten eta enpresa bideragarriak sendotzen.
Jaurlaritzak, batez ere egungo egoeran, enpresei lagundu nahi die beren izaera eta enpresa-zikloetara egokitutako finantzazio- eta berregituratze-soluzioak lor ditzaten; izan ere, ez du nahi enpresa bideragarririk desagertzea edo enpresen lehiakortasuna murriztea halako mekanismoen faltagatik. Egungo atzeraldiaren testuinguruan, finantziazioa lehiakortasun-faktore erabakigarria da, aurreko urteetan ez bezala; izan ere, enpresen osasun ekonomikoa gorabehera, gure inguruko enpresek –batez ere enpresa txiki eta ertainek– arazo larriak dituzte beren jarduna finantzatzeko eta hazkunde- eta inbertsio-planak egiteko. Helburua da: enpresa bideragarriek finantzazioa lortzea bizirik irauteko eta sendotzeko.
Finantzazioa ez da faktore bakarra, baina baldintzatzen ditu enpresek, eta batez ere enpresa txiki eta ertainek, hazteko dituzten aukerak, baita lehiakortasuna hobetzeko jarduerak abian jartzeko dituzten aukerak ere.
Esparru horretan, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila ez ditu ohiko diru-laguntzak emango, hau da, itzuli beharrik ez duten ohiko diru-laguntzak emango; haien ordez, aurrerakin itzulgarriak lortzeko finantza-tresnak garatu eta aplikatuko ditu.
Ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua argitaratu da –aurrerantzean, Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorra–; erregelamendu horren bidez, 2014-06-26ko AO, Lko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta, barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira laguntza-kategoria batzuk. Hori dela eta, 2015eko ekitaldian, Gauzatu-Industria Programako nondik norakoak garatu behar dira arauak lortu nahi dituen helburuak betetzen dituzten enpresek errazago lor ditzaten inbertsioak modu dinamikoak egiteko laguntzak, eta, laguntza horiek amaitu eta gero, onuradun horiek gutxieneko denboraldi batean mantendu ditzaten laguntzak emateko kontuan hartu zitzaizkien baldintza guztiak.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onartzea Gauzatu-Industria Programako laguntza-deialdiko oinarri arautzaileak eranskinean jasotzen den baldintzetan. Oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko egiten da laguntza-deialdia, eta 2015eko ekitaldi honetan aplikatuko dira oinarri arautzaileak (Gauzatu-Industria Programa).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honen bidez arautzen diren laguntzen ondorioetarako, Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorra aplikatuko da; erregelamendu horren bidez, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatu (2014-06-26ko AO, L), eta barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria. Era berean, erregelamendu horretara joko da interpretazio-auziak ebazteko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 10a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
ERANSKINA
GAUZATU-INDUSTRIA PROGRAMA ARAUTZEKO OINARRIAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da: Gauzatu-Industria programa izeneko aurrerakin itzulgarrien laguntza-deialdia garatzea oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortzeko eta garatzeko.
2. artikulua.– Denbora-eremua.
2015eko ekitaldian izango da indarrean laguntza-programa hau.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
26.000.000 euro erabiliko dira 1. artikuluko helburua betetzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean aurreikusitako sustapen-neurriei finantza-babesa emateko ezarritako kredituetatik aterako dira. Kreditu horiek, bestalde, Socade, S.A. - Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak kudeatuko ditu sozietate horrekin izenpetutako lankidetza-hitzarmenean ezarritako moduan.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Enpresa Txiki eta Ertainek (ETE) lortu ahal izango dituzte agindu honetan zehaztutako laguntzak, baldin eta oinarri teknologikotzat edota enpresa berritzailetzat jotzen badira ETE horiek, eta, gainera, erauzketetako, eraldaketarako, produkzioko enpresak badira edo zerbitzu teknikoak egiten badituzte era horretako enpresentzat (produktu-prozesuari lotuak).
Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko enpresa-taldeetako enpresa nagusiek ere lortu ahal izango dituzte laguntza horiek, eskatzen badituzte, eta aurreko paragrafoko ezaugarriak guztiak badituzte; betiere, hurrengo idatzi-zatiko definizioarekin bat etorriz eta kontuan izanik haien egoera ekonomiko kontsolidatua.
2.– Honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresak joko dira enpresa txiki eta ertaintzat (ETE):
– Guztira, 250 langiletik behera izatea.
– Urteko negozio-bolumena ez izatea 50 milioi eurotik gorakoa, edo, bestela, urteko balantze orokorra ez izatea 43 milioi eurotik gorakoa.
Dena delako enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, horrela sortutako enpresa-taldeak ere bete beharko ditu aurreko betebehar horiek.
3.– Enpresa txikien eta ertainen artean bereizi behar denean, irizpide hauek hartuko dira kontuan enpresa txikitzat jotzeko:
– Guztira, 50 langiletik behera izatea.
– Urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra ez izatea 10 milioi eurotik gorakoa.
Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, horrela sortutako enpresa-taldeak ere bete beharko ditu arestian adierazitako betebehar horiek.
Arestian adierazitakoa bestela interpretatzeko, kontuan izango da zer ezartzen den Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorrean.
4.– Dena den, ETEek Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean kokatu behar dituzte diruz lagundu daitezkeen inbertsioak, hau da, laguntzagaiak.
5.– Arau honen bidez arautzen diren laguntzek Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorra bete beharko dute, eta, haren osagarri modura, laguntza horizontalei eta laguntza sektorialei buruzko araudia; betiere errespetatzen bada laguntza-kategorietatik kanpo egoteko betebeharra, Salbuespenen Erregelamendu Orokorreko 1. artikuluan ezartzen dena.
5. artikulua.– Erakunde baztertuak.
1.– Ezin izango dira laguntza hauen onuradun izan Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Instituzionala osatzen duten erakundeak, ez eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko teknologia-ikerketako erakundeak ere.
2.– Era berean, laguntza hauetatik kanpo geratuko dira EBri ezer zor dioten enpresak, jasotako laguntza itzultzeko agindu baten zain daudenak Europar Batzordeak legez kanpokotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat jo duelako jaso duten laguntza hori.
6. artikulua.– Oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren enpresak.
1.– Enpresak teknologia-oinarrikotzat eta/edo berritzailetzat jotzeko, kontuan honako dira irizpide hauek (bat edo batzuk):
– Goi-teknologiako industria-sektoreetan lan egitea.
– I+Gko inbertsio-maila handiak izatea.
– I+Gko proiektuak ustiatzea.
– Jabetza teknologiko babestua izatea enpresa horien jabetza industriala.
– Teknologia-parkeetan edo enpresa- eta berrikuntza-zentroetan egotea kokatua.
– Euskal Autonomia Erkidegoko eskaintza teknologikoa eskuratzeko modua izatea.
– Merkaturatu daitezkeen produktu edo prozesu berri bilakatzea jakintza teknologikoa.
– Honako enpresa- eta berrikuntza-zentro (EBZ) hauetakoren batek gidatuta hasi direnak lanean, edo zentro hauetakoren baten gidaritzapean daudenak:
• Arrasateko Eraberrikuntza Industrialdea, S.A. (Saiolan).
• Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (Berrilan).
• Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (CEIA).
• Ezkerraldeko Enpresa Garapenerako Zentroa (CEDEMI).
• Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentroa / Centro de Empresas de Innovación de Bizkaia (BEAZ).
– Nazioartekotzeko plana izatea, enpresaren produktuak kanpoko merkatuetan sartzeko estrategia eta egin beharreko ekintzak zehazten dituena, eta enpresari interesatzen zaizkion eremuak eta horien periodifikatzea adierazten dituena.
– Informazioaren gizartean sartu eta garatzeko estrategia eta ekimena edukitzea, eta enfasi berezia egitea informazio- eta komunikazio-teknologiak sartzen enpresaren jardueran eta negozio-ereduan.
– Berdintasun-plana izatea edo gizon eta emakumeen arteko berdintasunean lankidetzan ari den erakunde baten ziurtagiriak izatea, baita jazarpen sexistaren kontrako protokoloak, lana eta familia uztartzeko neurriak izatea, eta abar ere.
– Agindu honen ondorioetarako, halaber, oinarri teknologikoko enpresatzat eta/edo enpresa berritzailetzat jo ahal izango dira enpresa sortu berriak, Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia eta Teknologia Planeko programen babespean egindako ikerketa eta/edo garapen teknologikoko proiektuetan jatorria dutenak.
2.– Batzorde bat sortuko da aztertzeko ea enpresa bat teknologia-oinarrikotzat eta/edo berritzailetzat hartuko den ala ez. Industria-sailburuordea izango da batzordeburua, eta honako kide hauek izango ditu batzorde horrek: Industria Garatzeko zuzendaria, Industria Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, Teknologia eta Estrategiako zuzendaria eta Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentziako kide hauek: teknologia-arduraduna eta ekintzailetzako eta enpresa-garapeneko arduraduna, zeinak idazkari-lanetan jardungo baitu. Batzorde horretan, nahikoa izango da bertan batzordeburua eta idazkaria eta gutxienez beste kideetako bat egotea bilkurek balioa izan dezaten. Batzordearen funtzionamenduari buruz idatz-zati honetan aurreikusi ez den guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko da.
3.– Dena den, enpresa bat teknologia-oinarrikotzat eta/edo berritzailetzat hartzeko, ezinbestekoa izango da Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentziako Enpresako Garatzeko Ataleko txostena; txosten horri, Estrategia eta Teknologia eta Berrikuntza Unitateak egindako txostena erantsi ahal izango zaio.
7. artikulua.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioa.
1.– Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat joko dira enpresaren aktiborako lortzen diren aktibo finkoak, betekizun hauek betetzen dituztenak:
a) Honako kategoria hauetakoren batean dauden aktiboak izatea, horretarako azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan bildutako Kontabilitate Plan Orokorrak ezarritako definizioaren arabera:
203. Jabetza industriala eta patenteak.
206. Aplikazio informatikoak.
210. Lurrak eta ondasun naturalak
211. Eraikuntzak
212. Instalazio teknikoak
213. Makineria
214. Tresneria.
215. Bestelako instalazioak
217. Informazioa prozesatzeko ekipamenduak
«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, laguntza jaso dezaketen gainerako aktibo guztiak batera bestekoa izango da. Gehienezko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da laguntza jaso dezakeen inbertsio gisa zenbatuko.
Edonola ere, aktiboek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren helburu soziala den jarduerarekin.
Aktiboen preziotzat joko da haien balio «garbia», hots, fakturatutako zenbatekoari balio erantsiaren gaineko zerga kenduta ateratzen den balioa.
b) Aktiboak lehenengo aldiz erabili edo abian jartzea. Erabilitako eraikin edo bestelako eraikuntzak eskuratzen badira, berriak balira bezala jokatuko da haiekin. Establezimendu bateko aktiboak lortzeko ere eman ahal izango da laguntza, baldin eta establezimendu hori itxita badago edo itxita egon bada, eta, aktiborik eskuratzen ez bada, zerikusia ez duten hirugarren pertsonei erosiko zaizkie aktiboak, merkatuko baldintzetan.
c) Gutxienez, hiru urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta hiru urte irautea, gutxienez, enpresaren aktiboan.
d) Aktiboak, oro har, ez egotea inori lagata, ez kontraprestazioaz, ez kontraprestaziorik gabe.
e) Aktiboak, oro har, enpresa eskatzaileak berak fabrikatutakoak ez izatea (eta inoiz ere ez da zenbatuko aktiboek dakartzaten kanpo-kontsumoetatik gorako baliorik).
f) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenek ezin izango dute laguntzarik jaso.
g) Finantza-errentamendu bidez finantzatutako inbertsioak lagundu ahal izango dira, baldin eta kontratuan ez bada berariaz sartzen ezen laguntzaren onuradunak aktiboa eskuratu behar duela errentamendu-kontratua amaitzean, edo alderdiek agiri bat sinatzen badute adierazteko onuradunak erosteko aukera gauzatuko duela.
h) Ordezkapen-inbertsioei ez zaie inongo laguntzarik emango.
i) Enpresa onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu behar dira laguntza jaso dezaketen aktibo ez-materialak; aktiboaren elementu amortizagarritzat joko dira; hirugarren pertsona bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan, eta gutxienez hiru urte eman behar dute enpresaren aktiboan.
Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioen berri eman beharko zaio beren-beregi Industria Sailari, Batzordeak 2014ko ekainaren 17an Salbuespenei buruz emandako 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera (mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioei buruzkoa), eta kanpo-auditoritzetan oinarrituta baloratuko dira.
3.– Enpresa-taldeei dagokienez, bakarrik lagunduko zaie enpresa-taldean egindako inbertsioei, baldin eta % 100ekoa bada taldeko enpresa guztien arteko akzio-partaidetza, eta haien prozesuak erauzketetakoak, eraldaketarakoak edo produkziokoak badira edo zerbitzu teknikoak egiten badituzte era horretako enpresentzat (produktu-prozesuari lotuak).
8. artikulua.– Kontuan hartu beharreko enplegua.
1.– Kopuru garbietan neurtuko da mantentzen den enplegua. Horretarako, egun dauden enpresen kasuan, deialdia argitaratu aurreko hamabi hilabeteetako batez besteko aritmetikoa hartuko da enpleguaren erreferentziatzat enplegu-mantentzeari buruzko jarraipena egiteko.
Aurreko paragrafoan ezarritakoari kalterik eragin gabe, kontuan izango da zer bilakaera izan duen batez besteko plantillak laguntza-eskabidea aurkeztu aurreko hiru urteetan. Hori dela-eta, enpresa eskatzaileak behar bezala justifikatu beharko ditu alderdi horiek, eta, aurkeztutako agiriak aztertuta, enplegu-galera adierazgarriak izan direla egiaztatzen bada, ez da abiapuntutzat hartuko deialdia argitaratu aurreko azken hamabi hilabeteetako batez besteko aritmetikoa, eta bai, ordea, azken hiru urte horietako informaziotik ateratzen den batez bestekoa. Denbora-horizontea amaitzen denean eta/edo azken inbertsio-aitorpena aurkezten denean, justifikatu beharko da zer enplegu mantentzen eta/edo sortzen den.
2.– Denbora-horizontea amaitzean justifikatu beharko da mantendu eta/edo konprometitu den enplegu hori. Nolanahi ere, kontuan hartuko dira onartutako luzapenen ondorioz lortutako luzapenak. Luzapenak, gehienez ere, 24 hilabetekoak dira, eta onuradunak eskatuta emango dira, edota Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentziak proposatuta.
3.– Talde industrialetako enpresen kasuan, enpleguaren gaineko justifikazioak eta jarraipenak bakarrik eragingo die, baldin eta % 100ekoa bada taldeko enpresa guztien arteko akzio-partaidetza, eta, gainera, enpresa-taldean industriako, erauzketetako, eraldaketarako, produkzioko enpresak badira edo zerbitzu teknikoetako prozesuak egiten badituzte era horretako enpresentzat (denak ere produktu-prozesuari lotuak).
9. artikulua.– Laguntzen modalitatea.
Aurrerakin itzulgarriak izango dira agindu honen esparruan emango diren diru-laguntzak. Egin beharreko inbertsioen proportzio bereko laguntzak emango dira, eta 18. artikuluan ezarritako moduan itzuli beharko dira. Oinarri teknologikoko enpresei edota enpresa berritzaileei emango zaie laguntza hori, baldin eta gutxienez 120.000 euroko inbertsio onartua egiten badute, eta, aldi berean, enplegua mantentzen eta/edo sortzen badute 36 hilabetean, gehienez jota.
10. artikulua.– Aurrerakin itzulgarrien ezaugarriak.
Inbertsioaren % 35erainokoak izan daitezke aurrerakin itzulgarri moduan emango diren laguntzak, 11. artikuluan xedatutakoaren arabera. Gehienez ere, 150.000 euroko laguntza emango da sortutako enplegu bakoitzeko, eta inoiz ez 1.500.000 euro baino gehiago. Inbertsioaren xedeetako bat enplegua mantentzea bada, aurrerakin itzulgarria gehienez ere 100.000 eurokoa izango da.
11. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak.
Hona zer laguntza lortu dezaketen Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan inbertsioak egiten dituzte ETEek:
a) Oinarri teknologikotzat jotzen diren enpresa txikientzat: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 35eko aurrerakin itzulgarriak.
b) Oinarri teknologikotzat jotzen diren enpresa ertainentzat: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 30eko aurrerakin itzulgarriak.
c) Enpresa berritzaile txikientzat (berritzaileak baino ez): laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 30eko aurrerakin itzulgarriak.
d) Enpresa ertain berritzaileentzat (berritzaileak baino ez): laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 25eko aurrerakin itzulgarriak.
12. artikulua.– Laguntzak metatzea eta laguntzen mugak.
Programa honetan jasotzen diren laguntzak bateragarriak izango dira xede bererako beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek ematen dituztenekin, baldin eta laguntza guztiak batera ez badute gainditzen Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorreko 8. artikuluan ezarritako muga (EBAOren 187. zk., 2014ko ekainaren 26koa). Laguntza horien berri eman beharko zaio Industria Garatzeko Zuzendaritzari.
Muga hori gaindituz gero, gutxituko emandako laguntzaren zenbatekoa: gehiegizko kopurua zenbat, hainbat gutxituko da.
13. artikulua.– Eskaerak eta haiek aurkezteko epea.
1.– Aurreikusitako laguntzak lortzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek eskabide bat eta dokumentazio osagarria aurkeztu beharko dute Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentzian; bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen legean aurreikusitako bideak erabili ahal izango dituzte eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko. Aurkeztu beharreko agiri horiek, bestalde, laguntzak emateko eskumena duen organoari zuzendu beharko zaizkio epe honetan: laguntza-deialdia argitaratu, eta hurrengo eguneko 09:00etatik 2015eko uztailaren 30eko 22:00ak arte. Diru-laguntza ordaindu arte mantendu beharko dira onuradun izateko bete beharreko baldintzak.
2.– Interneteko helbide honetan bete eta/edo deskargatu ahal izango dira eskabide-orria eta inprimakia: www.spri.es/gauzatu
3.– Laguntzen eragin pizgarria bermatzeko, laguntza-eskaera aurkezten den egunetik aurrera hasten diren inbertsioek baino ezin izango dute jaso laguntza.
14. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Enpresa eskabidea bete beharko du, eta, han, enpresari buruzko informazio orokorra azaldu beharko du, baita honako informazio hau ere:
a) Egin beharreko inbertsioei buruzko memoria zehatza, industria-plana, plan ekonomiko-finantzarioa eta laborala eta haiek gauzatzeko epeak biltzen dituena. Era berean, enpresa oinarri teknologikokoa edo berritzailea dela frogatzen duten agiriak.
b) Eratze-eskritura eta identifikazio-fiskaleko txartelaren fotokopia eta eskatzailearen ahalordearen fotokopia (agiri hori ez da aurkeztu beharko aurretik ere Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren esku badago eta enpresan aldaketarik izan ez bada).
c) Urteko kontuen eta haien dokumentazio osagarriaren kopiak, Merkataritza Erregistroan azken bi ekitaldietan aurkeztuak; halakorik aurkeztu ezean, sozietateen gaineko zergaren azken aitorpen biak edo –hala badagokio– pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken bi aitorpenak.
d) Enpresako plantillaren eboluzioari buruzko memoria –urteka zehaztua eta sexua, kategoria eta kontratu-motaren arabera banandua– eta urteko deialdia argitaratu aurreko 12 hilabeteetako TC1ak eta TC2ak.
e) Honako alderdi hauek egiazkoak direla dioen zinpeko aitorpena (ikuskatze-fasean egiaztatu ahal izango dira):
– Ez aritzea armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen; betiere Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.
– Eskatzailea enpresa txiki edo ertaina izatea, eta urteko datu hauek: enpresako eta –hala gertatuz gero– berarekin elkartu edo lotutako gainerako enpresetako enplegua, negozio-bolumena eta balantze orokorra. Baita enpresa-taldearen datu orokorrak ere, laguntza eskatu aurreko bi ekitaldietakoak.
– Proiektu berarentzako beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako laguntzak edo erakunde horietatik jasoak.
– Laguntza eskatzen duen enpresak ez duela zehapen administratiborik edo penalik jaso, eta ez duela legezko debekurik horretarako ezgaitzen duenik, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluaren arabera sexua diskriminatzearren izan ditzakeenak barne. Ez duela zehapen administratibo edo penalik diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela legezko debekurik hartarako ezgaitzen duenik, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne –Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera–, eta, gainera, bete egiten duela Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarriari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikuluan ezarritakoa. Era berean, ez dagoela sartuta inongo itzultze- edo zehatze-prozeduratan.
– Bere egiten dituela, halaber, Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak (4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa), hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua.
2.– Laguntza eskatzen duen enpresak gezurrezko daturen bat jartzen badu zinpeko aitorpenean, zehapen administratiboak eta penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zehapen-araubideari jarraituz.
3.– Nolanahi ere, Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentziak beharrezkotzat jotzen badu, beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango dio laguntza eskatzen duen enpresari aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko, eta adieraziko dio Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legera joko dela arau honetan berariaz aurreikusi ez den guztirako.
4.– Diru-laguntza emateko eta –hala badagokio– ordaintzeko, diru-laguntzen programa hau kudeatzen duen organoak egiaztatu egingo ditu hala zerga-betebeharren ziurtagiriak nola Gizarte Segurantzararekiko betebeharrenak.
15. artikulua.– Eskabideak aztertzea.
1.– Eskabidean jarri beharreko daturen bat edo aurreko artikuluan aipatutako agirietakoren bat falta dela antzemanez gero, Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentziak enpresa interesdunari eskatuko dio hutsa konpontzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko 10 eguneko epean, eta adieraziko dio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela atzera egin duela eskabidean, eta, horretarako, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak ebazpena emango duela Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak xedatzen duen moduan.
2.– Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentziaren zeregina izango da aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea. Arau honek esleitzen dizkion eginkizunak betez, Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentziako Enpresa Garapenerako Atalak txosten bat emango du, zeinean aztertuko baitira proiektuari aurre egiteko sortu diren enpresa-proiektua eta negozio-plana, baita enpresa teknologia-oinarrikotzat eta/edo berritzailetzat jotzeko arrazoiak ere. Era berean, Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentziako Estrategia eta Teknologia Unitate Estrategikoak txosten bat eman ahal izango du enpresa oinarri teknologikotzat eta/edo berritzailetzat jotzeko arrazoiak sakontzeko.
Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentziak egoerari buruzko txosten zehatza igorriko dio proiektuen jarraipena egiteko sortzen den batzordeari erabaki dezan enpresa oinarri teknologikotzat eta/edo berritzailetzat jo behar den ala ez.
Batzordeak hartutako erabakian oinarrituta, Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentziak aurrerakinak emateko proposamena idatzi, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Industriako sailburuordeari zuzenduko dio.
16. artikulua.– Laguntzak emateari buruzko ebazpena.
1.– Nolanahi ere, enpresa oinarri teknologikokotzat edo/eta berritzailetzat jo beharko da laguntzak emateko. Batzordeak, zeina agindu honetako 6. artikuluan ezarritako moduan eratuko baita, baloratuko ditu proiektuak, eta laguntzak esleituko dagokien hurrenkeraren arabera. Enpresei laguntzak ukatuko zaizkie, baldin eta oinarri teknologikotzat edo /eta berritzailetzat jotzen ez badira, edo agortu egiten badira programa honetarako zuzendutako baliabide ekonomikoak.
2.– Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentziak txostena eman eta gero, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko industriako sailburuordeak ebazpen administratiboa emango du sei hilabeteko epean, urteko deialdia argitaratzen egunaren hurrengo egunetik aurrera; ebazpen administratibo horretan, berriz, onartutako inbertsio-plana sartuko du, eta kasuan-kasu erabakiko du: zer inbertsio jotzen den lagungarritzat, zer enplegu sortuko den, eta, ondorioz, zer aurrerapen itzulgarriari onartzen den.
Adierazitako epe hori igaro eta beren-beregi horri buruzko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, enpresa interesdunak ulertu ahal izango du ezetsi egin dela bere asmoa. Nolanahi ere, eskatutako diru-laguntzari buruzko ebazpen espresua eman beharko du administrazio-organo eskudunak. Halaber, eskatutako laguntza ukatzeko ebazpena emango du industria-sailburuordeak baldin eta eskabideak ez baditu betetzen laguntzak jasotzeko bete beharreko betekizunak.
Ebazpen horren kontra, berriz, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoaren arabera.
3.– Urte anitzeko proiektuen kasuan, ebazpenak jasoko du zein den laguntza jaso dezakeen inbertsioa, zer enplegu sortu behar den eta zenbatekoa izango den onartutako inbertsio-planaren arabera emango den aurrerakin itzulgarria.
4.– Laguntzak emateko ebazpena banan-banan jakinarazi beharko zaie enpresa interesdunei. Horrez gainera, esleipendunen zerrenda urtero argitaratu ahal izango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
5.– Enpresa onuradunei laguntzarik eman eta ordaindu aurretik, buruturik egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko laguntzak edo diru-laguntzak enpresa horiei itzularazteko prozedura guztiak edo haien zioz zehapenak ezartzeko oraindik izapidetze-fasean dauden prozedura guztiak.
17. artikulua.– Laguntzak ordaintzeko ebazpena.
1.– Laguntzak jasotzeko, enpresak Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentziari aurkeztu beharko dio egindako inbertsioen adierazpena, eta, adierazpen horrekin batera, faktura-koadro bat aurkeztu beharko du, emandako ereduaren arabera egina.
Aitortutako inbertsio horiek, berriz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko lurralde-ordezkaritzek ikuskatuko dituzte, laginketa-metodoak aplikatuz, eta/edo kanpo-auditorien bitartez egiaztatuko dira. Enpresa onuradunak ikuskatze-zerbitzuaren eskueran jarriko du: 14. artikuluko zinpeko adierazpenean aipatzen den dokumentazio guztia, behin betiko fakturak, behin betiko fakturak –goian adierazitako faktura-koadroan zehaztutakoekin bat etorri beharko dute– eta ekonomia-jardueren gaineko zergaren alta-agiria.
Horrez gain, beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio eta informazio guztia ere eskatu ahal izango du.
Alderdi horiek guztiak egiaztatu ondoren, aurrerakin itzulgarria ordaintzeko proposamena igorriko dio Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentziak Industria Sailburuordetzari.
2.– Socade, S.A. Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak aurrerakin itzulgarriak ordaindu aurretik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Industria Garatzeko zuzendariak ebazpen bat emango du, zeinaren bidez adieraziko baita zein den enpresa onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa, guztizkoa edo partziala. Gehienez ere, urtean bitan ordainduko dira aurrerakin itzulgarriak.
3.– Inbertsioak egiteko epea amaituta, hiru hilabete izango ditu enpresak azken inbertsio-aitorpena aurkezteko. Epe hori igarota, inbertsioak ebaluatuko dira; horretarako, oinarritzat hartuko dira egun horretara arte aurkeztutako inbertsio-aitorpenak eta egindako edo egitekoak diren ikuskatze-lanak, eta Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentziak bere aldetik, aurrerakin itzulgarriei buruzko azken likidazio-txostena emango du, justifikatutako inbertsioen partidari buruzkoa.
4.– Goian adierazitako ebazpena, bestalde, enpresa onuradunari eta Socade, S.A. Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateari igorriko zaie, azken horrek, ebazpenean adierazitako zenbatekoari kontuan hartu, eta aurrerakin itzulgarriak ordain ditzan.
5.– Enpresa batek laguntza ez-legitimo bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordea kontrako erabakia hartu baitu hura itzultzeko aginduarekin, eta laguntza hori itzulita ez badago, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ez du ordainduko programa honen markoan emandako laguntza harik eta itzuli beharreko laguntza hori guztiz kitatu arte.
18. artikulua.– Aurrerakin itzulgarriak itzultzea.
1.– Aurrerakin-itzulketak izaera finkoa izango dute, eta aldian-aldian itzuliko dira Socade, S.A. Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietatearen kontu batean, bost urtean.
2.– Honela itzuliko da urte bakoitzean itzuli beharreko zenbatekoa: emate-ebazpenean inbertsioak egiteko ezarritako epea amaitu eta gero, enpresek urtebete osoa izango dute ezer itzultzen hasi aurretik. Hau da, proiektuko inbertsioak amaitu eta 2. urtean gauzatuko da lehenengo itzulketa, eta gainerakoak, berriz, elkarren segidan egingo dira, bosgarren urtera arte.
3.– Aurrerakina modu finkoan itzuliko da: urtean bosten bat. Urtean, bi itzulketa egingo dira. Otsailean, % 50 itzuliko da, eta gainerako % 50, berriz, uztailean.
4.– Itzulketa bi horiek eginda, eta haiek egiten diren ekonomia-ekitaldiko uztaileko azken egun balioduna baino lehenago, enpresak egindako banku-transferentzien kopia bat bidali beharko dio Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentziari.
5.– Urteko itzulketak egin ondoren, urteko likidazio-txostena idatziko du Administrazioak, eta, txosten horretan azalduko du zer diferentzia egon den Administrazioaren alde edo aurka –halakorik egonez gero– eta zer interes aplikatu den (interesik aplikatu bada). Diferentzia horiek, berriz, hurrengo autolikidazioan konpentsatuko dira, behin betiko likidazio-txostenean ezarritako eran. Diferentziak Administrazioaren aurkakoak izanez gero, dagozkion interesak aplikatu beharko dira, enpresa onuradunak oker egindako autolikidazioa egin zuenetik aurrera. Azken autolikidazioan aurkitzen badira diferentzia horiek, enpresa onuradunak autolikidazio hori zuzendu eta erregularizatu beharko du hiru hileko epean, eta legezko interesak ere, dagokion kopurua itzuli, baita onuradunak autolikidazio okerra egin zuenetik ezar daitezkeenak. Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera egin beharko da hori dena (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).
19. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Arau honetan jasotako araubideari jarraituz onartzen diren laguntzen ondorioetarako, erakunde laguntzaile izendatzen dira Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentzia eta Socade, S.A. Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietatea, betiere Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoari jarraiki, eta arau honetan jasotako zehaztasunekin; horretarako, lankidetza-hitzarmena izenpetu beharko da.
Socade, S.A. Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean aurreikusitako laguntzak kudeatuko ditu, sozietate horrekin sinatutako lankidetza-hitzarmenean finkatzen den moduan.
2.– Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentziak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako funtzio hauek izango ditu:
a) Eskabideak eta –behar izanez gero– laguntzak zuzentzeko eskaerak jasotzea (jaso beharko du zer egunetan eta zer ordutan aurkeztu diren), eta dokumentazioa aztertzea.
b) Inbertsio-proiektuak bildu eta kalifikatzea.
c) Enpresa-proiektua eta bideragarritasun-plana aztertzea.
d) Laguntzak emateko proposamenak egitea.
e) Ordainketa-proposamenak eta ikuskatze-errekerimenduak egitea.
f) Itzulketen autolikidazioak ebaluatzea.
3.– Socade, S.A. Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak, erakunde laguntzailea eta Ekonomia Sustatzeko Fondoa kudeatzen duen erakundea denez, honako eginkizunak izango ditu:
a) Onuradunei ordaintzeko agindua ematea.
b) Itzuli beharreko zenbatekoak eta –interesik badago– haien interesak jasotzea, eta haiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusia itzultzea.
c) Programako funtsen finantza-kontrola eramatea.
d) Kontuko mugimenduen (sarrerak eta gastuak) berariazko kontabilitatea eramatea.
e) Aldian-aldian, kontabilitatearen eta izan daitezkeen gorabeheren berri ematea Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentziari eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari.
20. artikulua.– Betekizunak ez betetzea.
1.– Enpresa onuradunak betetzen ez baditu agindu honetan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan eta laguntzak emateko ebazpenean ezarritako baldintza eta beharkizunak, organo eskudunak ebazpen administratibo bidez deklaratuko du hark galdu egin duela laguntza jas.o.tzeko eskubidea, eta –hala badagokio– jasotako laguntzen printzipala itzuli behar diola Socade, SA Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateari, eta haren interesak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Horretarako, ebazpen hori eman aurretik, organo eskudunak ez-betetzeari buruzko espedientea egin beharko du, eta interesatuari entzunaldia eman. Lege-ondorio guztietarako, aipatutako diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira.
2.– Ez-betetzeen artean honako hauek daude:
a) Ez gauzatzea proiektua egiteko inbertsioari eta proiektuko enpleguari buruz ezarritako gutxieneko baldintzak, agindu honetako 7., 8. eta 9. artikuluetan ezarriak.
b) Ez itzultzea ekitaldi bakoitzean itzuli beharreko diru-kopuruak.
c) Proiektua beste eraren batera desbideratzea, edo ez betetzea laguntzak emateko ebazpenean ezartzen den beste edozein betebehar.
3.– Industriako sailburuordeari dagokio ez-betetzeari buruzko espedientea hasi eta ebaztea. Proiektua amaitu baino lehenagoko gorabeherak direla eta, Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) agentziak proposatuta egin dezake hori, edo, itzulketei buruzko gorabeheren kasuan, Socade, S.A. Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak proposatuta.
4.– Proiektua egiten ari den bitartean enpresak ETE izateari uzten badio, ez da ez-betetzeari buruzko espedientea hasiko, eta likidazio bat egingo da, ETE izateari utzi dion unera arteko inbertsioak baino ez dituena kontuan hartuko. Une horretatik aurrera proiektua amaitutzat emango da, eta, hala badagokio, jasotako kopuruak itzultzeko prozedurak aplikatuko dira, 18. artikuluan adierazitako eran.
5.– Erakunde onuraduna konkurtso-prozedura batean baldin badago, Administrazioak lehentasuna izango du, kasuan-kasu aplika daitezkeen xedapenek aitortzen diotena, eman dituen aurrerakin itzulgarriak berreskuratzeko.
21. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunetakoren bat aldatzen bada, edota, aldi berean, beste laguntza edo diru-laguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; nolanahi ere, bete beharko dira diru-laguntzaren arauak onuradun izateko ezarritako gutxieneko betekizunak. Halakoetan, Industriako sailburuordeak ebazpen bat emango du onartutako laguntzen zenbatekoak eta/edo epeak berregokitzeko.
2.– Orobat, eta enpresak aurretik eskatu eta justifikatuz gero, laguntzak onartu zituen administrazio-organoak luzatu egin ahal izango du egin beharreko jarduerak egiteko epea, baldin eta enpresak alegatu dituen arrazoiek luzapen hori justifikatzen badute. Luzapenaren ondorioz, atzeratu egingo da laguntzen ordainketa. Epea luzatze horrek ez du ekarriko, baina, emandako aurrerakin itzulgarriaren zenbatekoa aldatzea, ezta laguntza emateko ebazpenean itzulketarako ezarri ziren baldintzak eta datak aldatzea ere.
22. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.
1.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak egoki jotzen dituen egiaztapen-lan guztiak egingo ditu aztertzeko nola garatu eta betetzen diren proiektuak. Enpresa onuradunek, berriz, aurreko artikuluaren ondorioetarako beharrezko jotzen den informazio guztia eman beharko dute.
2.– Laguntza zertarako ematen den, horrexetarako erabili beharko dute enpresa onuradunek, aurreko artikuluan araututakoa aplikatzen denean izan ezik.
3.– Esleitutako diru-laguntza onartu beharko dute. Ildo horretatik, laguntza onartutzat joko da, baldin eta erakunde onuradunak espresuki uko egiten ez badio laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean.
4.– Behin betiko fakturak artxibatuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura egon behar dira, 5 urtez.
5.– Enpresa onuradunen betebeharra da: Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea eskatzen dieten informazio guztia, laguntzen zertarakoa fiskalizatze-funtzioak betetzean eskatzen dietena.
6.– Helburu bererako edo antzeko helburu baterako diru-laguntzarik edo laguntzarik edo diru-sarrerarik edo baliabideak eskatuz gero beste administrazio bati edo erakunde publiko edo pribatu bati, edo halakorik lortuz gero erakunde horietatik, horren berri eman beharko diote Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari.
7.– Bere egiten dituzte, halaber, Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak (4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa), hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua.