EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-10-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2015202

EBAZPENA, 2015eko urriaren 22koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzeko laguntzen 2015eko deialdia argitaratzekoa.

Xedapenaren data: 2015-10-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201504470
Maila: Ebazpena
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2015eko urriaren 22an egin zuen batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzeko laguntzen 2015eko deialdia onartu du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko p) idatzi-zatian araututakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Hori horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzeko laguntzen 2015eko deialdia argitaratzea. Erakunde autonomo horren Administrazio 2015eko urriaren 22an egin zuen bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onartu zen deialdia, eta ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 22an.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.
ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREKIN ELKARLANEAN DESABANTAILA-EGOERAN DAUDEN KOLEKTIBOETAKO PERTSONENTZAT ENPLEGURAKO ORIENTAZIO-EKINTZAK ETA -ZERBITZUAK GARATZEKO LAGUNTZEN 2015KO DEIALDIA
Enplegu-zerbitzuen erabiltzaileei arreta espezializatua eta banakakoa ematea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekintzaren funtsezko zutabea.
Arreta pertsonalizatu hori da bermerik onena, langabezian daudenen lan-aukerak hobetzeko eta lana dutenen enpleguaren kalitatea eta iraunkortasuna lortzeko.
Gizarteak, oro har, eta lan bila ari diren pertsonek enplegurako orientazio-zerbitzuak eskatzen dituzte, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak dauka zerbitzu hori eman beharra.
Enplegurako orientazio-zerbitzutzat hartzen dira informazio-, laguntza-, motibazio- eta aholkularitza-ekintzak eta -neurriak. Betiere pertsonaren lanbide-inguruabarrak kontuan izanik, ekintza eta neurri horiek pertsonari bere gaitasunak eta interesak zehazteko aukera ematen diote, bai eta bere ikaskuntza-ibilbide indibiduala, enplegu-bilaketa eta enpresa-ekimenak gauzatzeko prozesua kudeatzeko aukera ere.
Lanbide-orientazioko ekintzen hartzaileen artetik, kolektibo lehenetsi batzuei arreta berezia eskainiko zaie. Enpleguari buruzko 56/2003 Legearen 19 octies artikuluaren 1. paragrafoak lehentasunezkotzat jotzen ditu gazteak, batik bat prestakuntza-gabeziak dituztenak, emakumeak, iraupen luzeko langabeak, 45 urtez gorakoak, ezintasunen bat duten edo gizartetik baztertuta dauden pertsonak eta etorkinak, atzerritarrei buruzko legearekin lotuta. Horrez gainera, artikulu beraren 2. paragrafoak dioenez, kolektibo horien inguruabar bereziak aintzat harturik, Enplegu Zerbitzu Publikoek banakako eta pertsonalizatutako enplegu-ibilbideak diseinatzea bermatuko dute, neurri eta politika guztiak konbinatzen dituztenak, behar bezala egokituak eta doituak bertako pertsonen lanbide-profilari eta beren premia bereziei. Beharra dagoenean, enplegu-zerbitzu publikoek balioetsi egingo dute gizarte-zerbitzuekin koordinatu beharrik ba ote dagoen, pertsona horiei arreta hobea emateko.
Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen xedea da Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema eratzea, eta sistema horren kudeaketan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak parte hartzen du, beste administrazio batzuekin lankidetzan. Lege horren 3. artikuluak Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren oinarrizko printzipioak ezartzen ditu, eta horien artean daude gizarte-arloko politikak aktibatzea eta enplegua errentagarri egitea, bai eta prestakuntza-, orientazio- eta laneko bitartekaritza-neurriak ere, formula jakin batzuk ezarriz lan-merkatuan sartzea aukera erakargarriagoa eta errentagarriagoa izan dadin diru-sarrerak bermatzeko prestazio ekonomikoak jasotze hutsa baino. Artikulu horrek ezartzen dituen printzipioen artean, halaber, arreta pertsonalizatua dago, pertsonen premiei egokitua eta haien egoeraren diagnosi integralean oinarritua.
Testuinguru horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ardura izango da lan bila dabilen pertsona bakoitzaren banakako enplegu-ibilbide pertsonalizatua diseinatzea, prestatzea eta gauzatzea; horren barruan sar daitezke enplegurako eta autoenplegurako orientazio- eta informazio- zerbitzuak, lanbide-kualifikazioa eta enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak, eta enpresekin eta entitate nahiz erakunde publikoekin harremanetan jartzeko zerbitzuak, interesduna laneratzea errazteko, alde batera utzi gabe eskatzaileen gaitasunak hobetzea eta enplegurako motibazioari buruzko alderdiak.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beretzat hartuko du eskatzaileen enplegagarritasuna balioesteko eta ibilbide pertsonalizatuak diseinatzeko lana.
Behin ibilbide pertsonalizatuak ezarrita, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zuzenean edo entitate laguntzaileen bitartez gauzatuko ditu ekintza eta zerbitzu zehatzak.
Ikusita egungo langabezia-tasak, eta ikusita enplegurako orientazio-ekintzen eta -zerbitzuen zenbait hartzaileren egoera berezia, premiazkoa da prozedura bat finkatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuekin lan egingo duten erakundeen sare bat aukeratzeko. Sare horretako erakundeen egitekoa izango da enplegu-zerbitzuak erabili eta desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat ezartzen diren ibilbide pertsonalizatuen ondoriozko orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak ematea.
Erabaki honen bitartez, zehazten da zein diren desabantaila-egoeran dauden kolektiboak eta noiz behar den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik kanpoko erakunde espezializatuen laguntza orientazio-ekintzak eta –zerbitzuak gauzatzeko, eta, gainera, haiek finantzatzeko deialdia egiten da.
Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonei zuzendutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko erakunde laguntzaileek izan beharreko gutxieneko baliabide pertsonal eta materialen baldintzak ezartzen dira, jarduera horren kalitatea eta eraginkortasuna bermatze aldera.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hala proposatuta, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2015eko urriaren 22an egindako bilkuran, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzeko laguntzen deialdia onartzen du, baldintza hauekin:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xede dira desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonei zuzentzen zaizkien enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzeko 2015. urtean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen laguntzak. Laguntza horien hartzaile, berriz, jarduera hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera gauzatzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeak izango dira.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantziazioa.
1.– Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 2.924.340 eurokoak dira; horietatik 1.462.170 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2015eko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak izango dira, eta 1.462.170 euro 2016ko konpromiso-kreditukoak.
2.– Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen babespean diruz lagundutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak finantzatzen, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan edo Gazte Enpleguaren Programa Operatiboaren barruan.
3.– Artikulua.– Laguntzen xede diren jarduketak: Enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak.
1.– Orientazio-ekintzek eta -zerbitzuek jaso ditzakete deialdi honetako laguntzak, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erakunde laguntzaileen premia baldin badu haiek emateko. Laguntzak I. eranskinean adierazitako eran emango dira, han zehazten baita zenbat orientazio-ordu eman behar diren kolektibo eta lurralde historiko bakoitzeko.
2.– Orientazio-zerbitzuan, honako jarduerak hauek egingo dira:
a) Lan-merkatuari eta enplegu-politika aktiboei buruzko informazioa ematea eta karterako zerbitzu komunen eta osagarrien eskaintzari buruzko informazioa eskaintzea.
Lan-merkatuari eta enplegu-politika aktiboari buruzko datuak edo inguruabarrak jakinaraziko dira, erabiltzaileen lan-aukerak areagotzeko baliagarri izan daitezkeen neurrian. Banaka, taldeka edo modu orokorrean eman daiteke informazio hori, aurrez aurre edo bitarteko telematikoen bidez.
b) Eskatzaileen enplegagarritasuna balioestea eta profila prestatzea.
Erabiltzaileari zuzeneko arreta eskaintzea honako hauek identifikatzeko: trebetasunak eta gaitasunak, prestakuntza eta esperientzia, interesak, familia-egoera eta izan ditzakeen aukera profesionalak eta jarduketa honen barruko berariazko protokoloaren arabera garrantzitsu iritzitako bestelako alderdiak. Erabiltzailearen profila osatu eta haren enplegagarritasun-maila zehazteko erabiliko da informazio hori.
c) Enplegurako ibilbide pertsonalizatua diseinatzea.
Erabiltzailearen profilaren, beharrizanen eta aurreikuspenen arabera, enplegura iristeko egokien irizten den ibilbidea sortuko zaio, eta modu ziur batean jakinaraziko zaio. Ibilbide hori sortzeko, irizpide teknikoak eta estatistikoak erabiliko dira, eta, horrez gainera, ekintza nagusi batzuk zehaztuko dira, baita ekintzok egiteko egutegia eta egiaztapena eta jarraipena egiteko elementuak ere. Ibilbide hori sortzeko, enplegu-akordio pertsonal bat hitzartu eta izenpetu behar dute erabiltzaileak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Lanbideren enplegu-bulegoetan edo deialdi honetan sartzen diren erakunde laguntzaileen bidez egingo dira akordio horiek.
d) Laguntza pertsonalizatua ibilbidea egiteko eta jarduera-konpromisoak betetzeko.
Tutore edo orientatzaile batek banaka eta modu pertsonalizatuan egingo du erabiltzaileen ibilbidearen jarraipena, eta haren egitekoak izango dira, era berean, ibilbidea berrikusi eta eguneratzea, betebeharrak, helmugak eta etapak finkatzea eta haiek betetzen direla ikuskatzea. Era berean, erabiltzaileek hartutako jarduera-konpromisoaren jarraipena egingo du, baldin eta erabiltzaileak prestazioen hartzaile baldin badira. Horrez gainera, erabiltzaileak suspertzeko eta haien enplegagarritasuna hobetzeko aholkularitza, informazioa eta laguntza emango du.
e) Informazio, aholkularitza eta laguntza tekniko gehigarria curriculuma osatzeko eta hartan lanbide-profilari dagozkion lanbide-gaitasunak adierazteko.
Erabiltzaileei informazio eta aholkularitza emango zaie banaka, taldeka edo modu orokorrean, haien gaitasunak eta lanbide-profilak identifikatu ditzaten. Horrez gainera, laguntza-tresnak eta -teknikak jarriko dira haien eskura, curriculum pertsonalizatuak egiteko.
f) Aholkularitza ematea eta enplegua aktiboki bilatzeko teknikak erabiltzea.
Atal honetan, informazioa emango da eta besteren konturako enplegua bilatzeko eskuragarri dauden bitartekoen, tekniken eta tresnen oinarrizko erabilera erakutsiko da. Azken horietan sartuko dira, besteak beste, bitarteko telematikoak eta sare sozialen erabilera. Hala behar denean, autoenplegurako eta ekintzailetzarako aholkularitza-zerbitzura joko da: lehentasunez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen zerbitzuetara.
g) Lanbide-aukerak identifikatzeko informazioa eta aholkularitza.
Erabiltzaileei informazioa ematean eta haiei Espainian, Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan eta nazioartean dituzten enplegu-aukeren azterketa arrazoitua egitean datza. Horrez gainera, erabiltzaileen profilaren arabera, edo profil horren hasierako bilaketa-parametroak modu adostuan aldatu ondoren, eskura dituzten enplegu-politika aktiboen berri emango zaie, enpresa, entitate eta erakunde publiko eta pribatuekiko harremanak erraztuz.
h) Enpresek langileak kontratatzeko eta laneratzeko tresna eta laguntzei buruzko informazioa eta aholkularitza.
Enpresek langileak kontratatzeko eta haiek laneratzeko dituzten tresnei buruzko informazioa emateko laguntza kualifikatua izango da.
3.– Diruz lagundutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak hasteko epea hilabetekoa izango da, deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, 8.6 artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Egiteko epea, berriz, 12 hilabeteko epea izango da, deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, 8.6 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
4.– Enpresa edo erakunde onuradunak egin behar ditu diruz laguntzen diren orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak, eta ezin dira haiek hirugarrenekin kontratatu. Enpresa- edo erakunde-elkarte edo -talde bat baldin bada onuraduna, ez da kontrataziotzat hartuko haien kideek osorik edo zati batean gauzatzea ekintzak edo zerbitzuak.
5.– Erakunde onuradunek, betiere, artatutako pertsonak laneratzeko helburu zehatzak (lan-kontratua izatea edo autonomo-jarduera bati ekitea) lortzeko gauzatuko dituzte orientazio-ekintza eta zerbitzuak, deialdi honetako II. eranskinean ezarritako betetze-era eta -ehunekoei jarraituz.
4. artikulua.– Orientazio-ekintzen eta -zerbitzuen hartzaileak.
1.– Honako hauek izan daitezke enplegurako orientazio-ekintzen eta -zerbitzuen erabiltzaile:
– Langabeak.
– Langabezian erortzeko arriskuan edo enplegua hobetu nahian ari diren langileak.
– Eta, oro har, lan egiteko adina duen eta, edozein egoeratan egonik ere, enplegua modu aktiboan bilatzeko interesa duen edonor.
Ezinbestekoa izango da baldintza hauetako bat betetzea gutxienez:
a) Espetxeratutako pertsona izatea, baina erakunde laguntzaileren baten orientazio-zerbitzura joateko aukera izatea. Edo zerbitzua abiarazi aurreko 18 hilabeteetan espetxeratze-egoeran egondako pertsona izatea.
b) Ijito izatea.
c) Gutxienez % 33ko ezintasun-maila aitortua izatea.
d) Gizarte-bazterketako egoeran, baztertuta geratzeko arriskuan edo bestelako desbantaila-egoeretan dauden pertsonak. Desabantaila-egoeratzat hartuko da:
– Gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonak, baldin eta azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuak 5. artikuluko b) letratik h) letrara bitartean adierazitako kolektiboren bateko kide badira (182/2008 Dekretua, laneratzeko enpresen kalifikazioa arautu eta horietan sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen duena).
– Lanbideren iritziz kalteberatasun-egoeran dauden pertsonak, honako arrazoi hauetako bat tarteko: egoera soziolaborala, langabezian emandako denbora, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradun izatea eta/edo enplegagarritasun urrikoa.
– Lanbiden izena emanda dauden pertsonak, bestelako zerbitzuen eskatzaile gisa, lan-merkatu nazionalean sartzeko aukerarik gabe, laneratzeko eta lanaren aurreko laguntza jasotzeko egokiak izan daitezkeenak.
– Bestelako pertsonak, baldin eta gizarte-bazterketako egoeran edo baztertuta geratzeko arriskuan daudela behar bezala egiaztatua badago.
2.– Ibilbide pertsonalizatu bat egin nahi duten pertsonek ibilbide horretan modu aktiboan parte hartzeko konpromisoa adierazi behar dute. Horretarako, 3.2. artikuluko c) idatzi-zatian adierazten den enplegu-akordio pertsonala edo, hala badagokio, gizarteratze-hitzarmen pertsonala izenpetu beharko dute.
3.– Enplegurako orientazio-ekintza eta -zerbitzuen hartzaileek aldez aurretik Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta eta altako edo etendurako administrazio-egoeran egon behar dute. Erakunde onuradunek erabateko arreta-lehentasuna emango diete Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enpleguko lurralde-bulegoek bideratzen dizkieten pertsonei.
5. artikulua.– Diru-laguntzen onuradun diren entitate laguntzaileak.
1.– Pertsona fisiko edo juridiko publiko eta pribatuek egin eta eman ditzakete deialdi honen xede diren enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak, eta horiek egin eta emateko arautzen diren diru-laguntzen onuradun izan daitezke, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile gisa, baldin eta gizarte-bazterketako egoeran dauden edo egoera horretan izateko arriskua duten pertsonak eta/edo desgaitasunen bat duten pertsonak eta/edo gizarte- edo lan-arloetan desabantaila-egoerak bizi dituzten pertsonak eta/edo ijitoen komunitateko pertsonak eta/edo pertsona espetxeratuak edo espetxean izandakoak laneratzea bada haien sozietate- edo fundazio-xedeetako bat, eta, betiere, enplegurako orientazio-ekintzak egiteko eta -zerbitzuak emateko esperientzia, giza baliabideak eta baliabide materialak baldin badituzte, artikulu honen 3. eta 4. paragrafoetan arautzen den moduan.
2.– Halaber, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatu eta deialdi honek arautzen dituen diru-laguntzak eskuratzeko aukera izango dute artikulu honen 1. paragrafoan adierazten diren enpresen edo erakundeen elkarte eta taldeek, nortasun juridikorik duten ala ez kontuan hartu gabe, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Elkarte eta talde horietako kideek, baldin eta beren gain hartzen badute horien izenean egingo dituztela diruz laguntzekoak izango diren jarduera guztiak edo horietako batzuk; kide horiek –eskaeran adierazita agertu beharko dira– onuradun-izaera izango dute.
b) Elkarte edo taldeei elkartutako kideek, beren gain hartzen badute jarduera guztiak edo haien zati bat elkarte edo talde horien izenean egiteko konpromisoa, behar adinako esperientzia eta bitarteko materialak nahiz giza baliabideak izan behar dituzte enplegurako orientazio-ekintzak egin eta orientazio-zerbitzuak emateko; betiere, artikulu honen 3. eta 4. puntuan adierazten diren eskakizunak betez. Horrez gainera, deialdi honek onuradun-izaera edukitzeko agintzen dituen gainerako eskakizunak bete behar dituzte.
c) Aurreko paragrafoetan arautzen dena betetzekoa izango da, eta, horrez gain, enpresa- edo erakunde-taldeak nortasun juridikorik ez badu, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko du taldearentzat. Pertsona horrek eskumen askietsiak izan behar ditu taldeari, onuradun den aldetik, dagozkion betebeharrak betetzeko.
d) Taldeko kideek diruz lagundutako orientazio-jarduerak betetzeko eginkizunarekiko duten konpromisoa adierazi behar da taldea eratzeko formalizatzen den agirian, bai eta diru-laguntza banatzeko modua ere. Banaketa hori 6. artikuluan arautzen den moduan egin behar da, kideetako bakoitzak diruz lagundutako jarduera egitean betetzen duen proportzioaren arabera. Alde horretatik, taldearen jarduera guztiak egiteko konpromisoa hartzen dute kide guztiek, baina bakoitzak gutxienez diruz lagundutako jarduera osoaren % 10 egiteko konpromisoa hartu beharko du.
3.– Honako hau da deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzak eskuratzeko behar den aurretiazko esperientzia:
3.1.– Oro har, jarraian adieraziko den ibilbidea izan behar da honako atal hauetan:
a) Gutxienez bi urteko esperientzia 2008-2010 epean enplegurik gabeko pertsonei orientazio-ekintza zuzenak eta azpikontrataziorik gabeak ematen, jarduera hauetakoren bat eginez:
– Enplegua lortzeko orientazioa eta enplegurako eta/edo autoenplegurako motibazioa.
– Laneratzen laguntzeko prozesuak.
Jarduera horiek diru-laguntzen programa hauetakoren baten laguntzarekin eginak izan behar dute:
– Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren I. Kapitulua.
– Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren 1994ko martxoaren 9ko Agindua, irabazi-asmorik gabeko erakunde laguntzaileek profesionaltasuna, lanbide-informazioa, lanbide-orientazioa eta enplegu-bilaketa aktiboa egiaztatzeko ekintzak egiteko Enpleguko Institutu Nazionalak eman beharreko laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dituena.
– Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren 1998ko urtarrilaren 20ko Agindua, enplegu-orientaziorako eta autoenplegurako ekintzak egiteko diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dituena.
– TAS/2643/2003 Agindua, irailaren 18koa, enpleguaren arloan programa esperimentalak abian jartzeko diru-laguntzak emateko oinarriak arautzen dituena.
Halaber, baldintza hori beteko dute enplegurako orientazio-jarduerak egin dituzten erakundeek, baldin eta jarduera horiek abenduaren 16ko 56/2003 Legeak, Enpleguari buruzkoak, 25. artikuluan adierazitako moduan egin badituzte, enplegu-zerbitzu publikoek kudeatuta. Deialdi honen 7.2.d) artikuluak arautzen duen moduan egiaztatu behar dute eskakizun hori betetzen dutela.
b) Gutxienez urtebeteko esperientzia 2011-2015 epean enplegurik gabeko pertsonei orientazio-ekintza zuzenak eta subkontrataziorik gabeak ematen, honako arau hauek beteta:
– Diru-laguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko lankidetzan enplegurako orientazio- ekintzak eta -zerbitzuak garatzekoa, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2011ko martxoaren 31ko Erabakiaren bitartez onartua (2011ko apirilaren 27ko EHAA).
– Diru-laguntzen deialdia, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko lankidetzan enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzekoa, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 21eko Erabakiaren bitartez onartua, eta 2013ko martxoaren 27ko EHAAn argitaratua, zuzendari nagusiaren 2013ko martxoaren 20ko Ebazpenaren bitartez.
– Diru-laguntzen deialdia, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko lankidetzan desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzekoa, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2014ko irailaren 29ko Erabakiaren bitartez onartua, eta 2014ko urriaren 8ko EHAAn argitaratua, zuzendari nagusiaren 2014ko urriaren 7ko Ebazpenaren bitartez.
– Enplegu-orientazioko beste programa batzuk, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak sustatu eta finantzaturikoak.
3.2.– Deialdiaren 4.1. artikuluko a) eta b) idatzi-zatietan adierazten diren kolektiboei arreta emateko, berariaz izan behar dute esperientzia diru-laguntza eskatzen den kolektiboari enplegurako orientazioa emateko alorrean, eta lankidetzan jardunda enplegu-zerbitzu publikoekin edo estatuko, autonomia-erkidegoko edo tokiko administrazio publikoren batekin. Esperientzia hori egiaztatzeko, berariazko ziurtagiriak eman behar dituzte zerbitzu edo administrazio horiek, eta ziurtagirietan adierazi behar da erakundeak haiekin lan egin duela kolektibo horientzat berariaz zuzendutako orientazio-ekintzak egiten. Ekintzak zer epetan egin diren zehaztuko dute ziurtagiriek.
4.– Baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzeko baldintza betetzat emango da honako eskakizun hauek egiaztatuz gero:
a) Lokalen eta ekipamenduen egitura egokia izatea, banaka edo taldeka egin eta emateko enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak, eskatu den diru-laguntzari dagokion eremuko lurralde osoan edo lurralde historikoetan. Baldintza hau betetzeko, kolektibo eta lurralde historiko bakoitzerako III. eranskinean adierazten diren lantokien kopurua izan behar du han adierazten diren kokagune konkretuetan, eta behar bezala beti, aintzat hartuta IV. eranskinak deialdi honetarako ezartzen duen udalerrien eskualdekako banaketa.
Lantoki horietako bakoitzak baliabide hauek izan behar ditu gutxienez:
– Bulego bat, gainerako ataletatik bereizia, banakako arreta eskaintzeko, erakundeak bakarrik erabiliko duena horretarako eta ez beste ezein jardueratarako. Bulegoak gutxienez 6 metro koadroko azalera izango du.
– Gutxienez 10 lagunekin jarduteko moduko talde-arretarako gela bat, gainerako ataletatik bereizia, orientazioko beste entitateren batekin partekatzen ez dena eta lanerako mahaiak, apalategiak eta altzari lagungarriak dituena. Bulegoak gutxienez 18 metro koadroko azalera izango du.
– Interneterako sarbide eraginkorra (gutxienez 5 megako banda zabala), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemarekin konektatzeko.
– Jarduerei ekitean, taula grafikodun periferiko bat izatea, sinadura biometrikoa biltzeko euskarri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-zerbitzura konektatuta eta haren betekizun teknikoak dituena (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak jakinaraziko du zein diren betekizunok).
– Bulegoak irisgarritasuna sustatzeko arauak bete beharko ditu: 20/1997 Legea eta hura garatzeko arau teknikoak.
b) Jarduerei ekitean, giza baliabide propioak izatea: gutxienez kontratupeko teknikari bat, unibertsitate-ikasketak amaituta dituena, urtebetetik gorako esperientzia eta enplegurako orientazio-lanen arloan curriculum egiaztatua duena, bai eta ofimatika, internet eta lan-merkatuari buruzko jakintza ere. Diruz laguntzen diren ekintzak egiteko langile propio nahikoak dituztelako konpromisoa hartuko dute entitateek, eta langile horiek gai izan behar dute erabiltzaileentzako arreta EAEko bi hizkuntza ofizialetan eskaintzeko.
c) Desgaitasunen bat duten pertsonei arreta emateko orduetarako diru-laguntza eskatzen duten erakundeek, berriz, orientazio-materialak ezintasun-mota guztietara egokitzen adituak diren giza baliabideak izan beharko dituzte, eta, hala badagokio, zeinu-mintzaira dakiten orientazioko profesionalak izango dituzte.
Enpresa- edo erakunde-elkarteen eta -taldeen kasuan, kide guztiek bete behar dituzte paragrafo honetako a) eta b) idatzi-zatietan arautzen diren baldintzak, haiei dagokien kokagunerako.
5.– Aurreko paragrafoetan adierazitakoaz gain, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du eskaera egiten duten entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.
Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2006ko ekainaren 19ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera, zerga-betebeharrak egiaztatzetik salbuetsita egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko autonomia-, foru- eta toki-erakundeak, bai eta erakunde horietako bat edo gehiago partaide nagusi duten sozietateak ere.
b) Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio zehapenik, edo ez egotea horretarako desgaitzen dituen debeku baten pean, sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraikiz.
6.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko diru-laguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta egotea.
6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzeko diru-laguntzen zenbatekoa gehienez orduko 34 eurokoa izango da; kopuru hori jarduerari lotutako gastu arruntak –zuzenekoak edo zeharkakoak– estaltzera bideratuko da; betiere honako taula honetan ageri diren mugak kontuan hartuta:
Amaierako diru-laguntza jasotzeko, deialdiaren II. eranskinean ezarritako laneratze-ehunekoak (lan-kontratua izatea edo autonomo-jarduera bati ekitea) bete beharko dira.
– Artatutako pertsonen laneratze-helburuen betetze-maila (lan-kontratua izatea edo autonomo-jarduera bati ekitea) deialdiaren II. eranskinean adierazitakoaren berdina edo goragokoa baldin bada, ekintzak egiten eta zerbitzuak eskaintzen emandako orduei dagokien diru-laguntzaren % 100 ordainduko da, orduko 34 euroko prezioa oinarri hartuta.
– Artatutako pertsonen laneratze-helburuen betetze-maila (lan-kontratua izatea, autonomo-jarduera bati ekitea, gizarte-segurantzan alta ematea) deialdiaren II. eranskinean adierazitakoa baino apalagoa baldin bada, diru-laguntzaren zenbatekoa gehienez % 10 gutxituko da, aintzat hartuta zenbateraino desbideratu den lortutako laneratze-emaitza deialdiaren II. eranskinean adierazitakotik. Diru-laguntza gutxitzeko ehuneko zehatza kalkulatzeko, desbideratze horren ehunekoa bider 0,10 egingo da, formula honen arabera:
Langileen zuzeneko gastuen % 140 lagunduko dira diruz gehienez.
Halako gastutzat hartuko dira diruz lagundutako orientazio-ekintzak egiten dituzten langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak; horretarako muga lanaldi osorako kontratatutako langile bat izango da, 1.500 orduko.
7. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.
1.– Deialdi honetako diru-laguntzak lortzeko eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan eta Lanbideko enpleguko lurralde-bulegoetan aurkeztu beharko dira, betiere http://www.lanbide.net web orrian eskuragarri egongo den eredu ofizialaren bidez. Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
Erakundeek eskabideetan adierazi behar dute zer lurralde historikotan jardun nahi duten enplegurako orientazio-zerbitzuak ematen eta zer kolektibo hartu nahi duten, aintzat hartuta, betiere, eskabideak I. eranskinean kolektibo eta lurralde bakoitzerako adierazten diren orientazio-ordu guztiak jaso behar dituela.
2.– Eskabide horrekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Entitatearen edo enpresaren IFKren kopia edo, pertsona fisikoen kasuan, NANaren kopia –non eta ez den baimendu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan nortasun-datuen egiaztapen elektronikoa egitea–; halaber, eskabidea sinatzen duen pertsonak duen ordezkaritzaren egiaztagiria aurkeztu beharko da.
b) Eraketako edo sorrerako eskrituren zatiaren kopia, non, deialdi hau EHAAn argitaratzen den eguna baino lehenago, erakundeak 5. artikuluko 1. paragrafoan adierazitako sozietate- edo fundazio-xedea duela adierazten baita
Enpresa- edo erakunde-elkarte eta -taldeen kasuan, haiek osatzen dituzten kide guztiek aurkeztu behar dute dokumentazio hori, elkartearen edo taldearen eratze-agiriaz gain.
c) Azken 4 urteetan orientazio-ekintza eta -zerbitzuetan egindako jarduerak zehatz-mehatz biltzen dituen memoria. Hain zuzen ere, honako alderdi hauek deskribatu behar ditu zehazki: kolektibo onuradunak, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak.
d) Hau aurkeztu behar da 5.3 1 a) artikuluaren azken paragrafoak eskatzen duen esperientzia egiaztatzeko: dagokion enplegu-zerbitzu publikoak emandako ziurtagiria, xehetasunez eta berariaz azalduko duena zer ekintza egin diren eta zer kolektibo izan diren onuradun.
e) Deialdiaren 5.3.2. artikuluak berariazko esperientziari buruz eskatzen duen ziurtagiria.
f) Egin beharreko ekintzetarako erabiliko diren metodologia eta teknikak eta eskura izango dituzten baliabideak deskribatzen dituen memoria.
g) Deialdiaren 5. artikuluko 4. paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa, eskatutako diru-laguntzari dagokionez, eta gutxienez honako hauek bilduta:
– Deialdi honen xede diren ekintzak egiteko proposatutako langileen zerrenda, haien curriculum vitaea barne.
– Kokaguneari buruz honako informazio hau eman behar da:
– Erakunde eskatzailearen kokagunearen ezaugarriei buruzko deskribapen-txostena, instalazioaren planoak erantsita, erakundeak deialdi honetako jarduera zein tokitan garatuko duen eta tokiak zer neurri duen zehaztuta.
– Teknikari gaitu batek egindako ziurtagiria, non egiaztatzen baita lokalak bete egiten duela irisgarritasuna sustatzeko araudia (20/1997 Legea eta hura garatzen duten arau teknikoak).
h) Deialdiaren 9.1.2.a) artikuluak adierazten duen ibilbide frogagarria egiaztatzeko dokumentazioa.
i) Deialdi honen 9.1.2.c) artikuluak arautzen duena aintzat hartuta, erakunde eskatzaileak enplegu-zentro berezien titularrak direla edo haietan gehiengo partaidetza dutela egiaztatzeko, izaera hori adierazten duen eraketako edo sorrerako eskritura-atalaren kopia aurkeztu behar da.
3.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Lanbidek bere web orrian argitaratuko du zer eskabide ez diren aurkeztu behar bezala beteta, edo zeinek ez dituzten aurkeztu aurreko atalean adierazitako dokumentuak. Eragindako erakundeek, akatsak zuzentzeko edo aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkezteko, hamar egun balioduneko epea izango dute, web orrian eskabide horien berri ematen den egunetik hasita. Hori egin ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, eta, halakoetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berariazko ebazpena eman beharko du eta haren berri jakinarazi.
4.– Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
8. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa, emakida-prozedura, ebazpena, berraztertze-errekurtsoa eta publikotasuna.
1.– Lana Aktibatzeko Zuzendaritza izango da eskaerak kudeatu eta izapidetzeaz arduratuko den organoa, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia horiek ebazteko eskuduna.
2.– Lehiaketa-sistemaren bidez esleituko dira diru-laguntzak; hala, hurrengo artikuluan adierazten diren ebaluazio- eta esleipen-irizpideen arabera ebaluatuko dira aurkezten diren eskabideak. Horri dagokionez, kide anitzeko organo bat eratuko da, honako kide hauek izango dituena:
– Presidentea: Gotzone Sagardui Goikoetxea, Lan Aktibazioko zuzendaria.
– Idazkaria: Jesús M.ª Ordoñez Orzaiz, Lan Aktibazioko Zuzendaritzako Laneratze Arloko arduraduna.
– Bokalak: Leire Ormazabal Larisgoitia eta Angel Altuna Urcelay, Laneratze Arloko teknikariak.
3.– Aurreko paragrafoan adierazten den kide anitzeko organoak behin-behineko ebazpen-proposamen bat emango du eta han adieraziko zer nolako diru-laguntzak ematea proposatzen dituen. Proposamen horretan, halaber, arreta jasoko duten kolektiboak, lurralde historikoak eta diru-laguntzen zenbatekoak adieraziko dira, bai eta ukatzea proposatzen direnak eta ukatze horien arrazoiak ere. Interesdunei jakinaraziko zaie behin-behineko ebazpen-proposamen hori, Lanbideren web-orrian argitaratuta: www.lanbide.net
Pertsona interesdunek egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte, eta, horretarako, 10 egun balioduneko epea izango dute, behin-behineko ebazpen-proposamena Lanbideren web-orrian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
4.– Epe hori igarota eta, halakorik izan bada, interesdunek aurkeztutako alegazioak aztertuta, kide anitzeko organoak behin betiko ebazpen-proposamena egin eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hura baita deialdi hau ebazteko organo eskuduna.
Ebazpen-proposamenak ez die proposatutako onuradunei eskubiderik sortuko Administrazioarekiko.
5.– Prozeduraren ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, esanbidezko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea baztertutzat jo ahal izango da.
6.– Prozedurari buruzko ebazpena pertsona interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuz: www.lanbide.net.
7.– Ebazpenean adieraziko dira erakunde onuradunak, erakunde horiek hartu behar dituzten kolektiboak eta lurralde historikoak, diru-laguntzen zenbatekoa, haiek ordaintzeko modua eta epeak, eta diru-laguntzak justifikatzeko modua. Era berean, ukatuak izan diren eskaeren zerrenda jasoko du, horretarako arrazoiak adierazita.
Ebazpenean, gainera, espresuki aipatuko da EGIFek finantziazioan parte hartzen duela EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren eta 2014-2020 Gazte Enpleguko Programa Operatiboaren esparruan.
8.– Prozeduraren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Lanbideren webgunean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
9.– Publikotasun-printzipioa betetzearren, eta, betiere, alde batera utzi gabe prozedurari buruzko ebazpena Lanbideren webgunean argitaratzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, argitara emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian deialdi honen babespean emandako laguntzen onuradun diren entitateen zerrenda, bakoitzari emandako zenbatekoak zehaztuta, eta han espresuki adieraziko da deialdia EGIFekin batera finantzatu dela EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan eta 2014-2020 Gazte Enplegu Programa Operatiboaren barruan.
10.– Halaber, Europako Gizarte Funtsa arautzen duten erregelamendu komunitarioetan ezarritako informazio- eta komunikazio-baldintzak betetzeko, Enplegu eta Gizarte Ministerioaren Europako Gizarte Funtsaren Unitate Administratzaileak argitara ematen duen zerrendan jasoko da erakunde onuradunen zerrenda.
9. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko eta diru-laguntza esleitzeko irizpideak.
1.– Araututako baldintzak betetzen dituzten eskabideak ebaluatzeko eta orientazio-ekintzei eta -zerbitzuei dagozkien diru-laguntzak esleitzeko, honela jardungo da:
1.1.– Lurralde historiko eta kolektiboren baterako erakunde eskatzaile bakar bat baldin badago, erakunde horri esleituko zaio diru-laguntza, deialdian jasotako ordu guztietarako.
1.2.– Eskaera bat baino gehiago egiten baldin bada lurralde historiko eta kolektibo bakoitzerako, honela jokatuko da eskaerak ebaluatu eta diru-laguntzak esleitzeko:
a) Deialdiaren 5.3.1 artikuluan arautzen diren eskakizunekin lotuta, 2,5 puntu emango dira erakundeek azken 5 urteetan orientazio-ekintza profesionalak egiten izandako eta frogatutako ibilbide-urte bakoitzeko, gutxienez eskatzen den urte-kopurutik gora, diru-laguntzaren xede izango den kolektiboarekin. Gehienez, 7,5 puntu emango dira.
b) Prozesuan, 2,5 puntu emango dira erakundeak orientazio-zerbitzua eman nahi duen lurralde historikoan duen bulego bakoitzeko, 5.4 a) artikuluak gutxienekotzat eskatzen eta III. eranskinean zerrendatzen diren kopuruetatik gora. 15 puntu emango dira gehienez.
c) Ebaluazioan, 5 puntu emango zaizkie desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeei edo erakunde-taldeei, baldin eta enplegu-zentro bereziak badira, enplegu-zentro berezien jabeak badira edo enplegu-zentro bereziaren kalifikazioa duten enpresetan kapital sozialaren gehiengoa badute harpidetua, eta, gainera, diru-laguntza zein lurralde-historikotarako eskatzen duten, lantokiak lurralde hartantxe badituzte. Eskaera erakunde-elkarte edo -talderen batek egiten baldin badu, puntuazio hori emango zaio baldin eta, eskaeran adierazten diren datuen arabera, baldintza hori betetzen badute haren barruko erakundeen erdiek gutxienez. Horrez gainera, diru-laguntzen xede diren jarduera guztiak edo haien zati bat egiteko konpromisoa hartu behar dute baldintza hori betetzen duten erakunde horiek.
d) Ebaluazioan, 5 puntu emango zaizkie bazterketa-egoeran dauden edo bazterketa-egoeran izateko arriskuan dauden pertsonei (deialdiko 4.1 artikuluan adierazten den kolektiboari) arreta emateko diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeei edo erakunde-elkarteei, baldin eta EAEn lantokiak dituzten laneratze-enpresak badira edo laneratze-enpresen sustatzaile badira. Eskaera erakunde-elkarte edo -talderen batek egiten baldin badu, puntuazio hori emango zaio baldin eta, eskaeran adierazten diren datuen arabera, baldintza hori betetzen badute haren barruko erakundeen erdiek gutxienez. Horrez gainera, diru-laguntzen xede diren jarduera guztiak edo haien zati bat egiteko konpromisoa hartu behar dute baldintza hori betetzen duten erakunde horiek.
2.– Lurralde historiko eta kolektibo baterako diru-laguntzen esleipenean berdinketarik ematen baldin bada guztirako puntuazioetan, lehentasun-ordena honetan egingo da esleipena:
a) Lehentasuna izango dute artikulu honetako 1.2.a atalean puntuazio altuena lortu dutenek.
b) Puntu-berdintasunak bere horretan badirau aurreko irizpidea bete ondoren, 1.2.b. atalean puntuazio handiena lortu duten erakundeek izango dute lehentasuna.
10. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:
– Lehen ordainketa 2015. urtean egingo da, ebazpena argitaratu ondoren, eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren % 50 ordainduko da.
Ordainketak 180.303,63 euroko kopurua gainditzen badu, entitateek banku-abala aurkeztu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarritakoari jarraituz; dekretu horrek arautzen du Euskadiko Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzak bermatu eta itzultzeko erregimen orokorra, eta bertan ezartzen dira diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak. Abalaren eredua eta hura egiteko jarraibideak Lanbidek emango ditu.
Edonola ere, ez da bermerik eratu beharra eskatuko, baldin eta diru-laguntzen erakunde onuradunak tokiko erakunde edo haien mendeko erakunde edo organismo badira.
– Bigarren ordainketa 2016. urtean egingo da, eta gainerako % 50,00 ordainduko da, edo egindako ekintzak eta erdietsitako laneratze-helburuak justifikatu eta egiaztatu ondoren (Gizarte Segurantzan alta eman izana ofizioz egiaztatuko da) ordaindu beharreko zenbatekoa. Horretarako, dokumentu hauek aurkeztu behar dira diruz lagundutako ekintzak amaitu ondorengo bi hiletan:
– Emandako diru-laguntzarekin egin den jardueraren azalpen-memoria zehatza.
– Erantzukizunpeko adierazpena, non adierazten baita egiazkoa dela Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-zerbitzu mekanizatuan ageri den informazioa, artatutako pertsonei eta egindako ekintzei buruzkoa (eman diren zerbitzu zehatzak, abiarazi diren enplegu-politiken iraupena eta ekintzak).
– Diruz lagundutako ekintzak egin dituzten langileen nominen eta Gizarte Segurantzako kotizazio-agirien (TC1 eta TC2 ereduak) kopiak, eta ekintzetan egindako gastuen egiaztagiriak.
11. artikulua.– Diru-laguntzaren onuradun diren entitateen betebeharrak.
1.– Deialdi honetan araututako laguntzen onuradun diren entitateek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Ekintzak egiten dituzten bitartean lortutako informazioa biltzea, kudeatzea eta iraultzea; gauza bera egin beharko dute erabiltzaileen ebaluazioari eta gogobetetzeari buruz bildutako informazioarekin. Horretarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarritako protokoloak, fitxa teknikoak eta sistema informatikoak erabiliko dituzte.
b) 2026. urtera arte Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta kontrol ekonomikoaz eta fiskalizazioaz arduratzen diren organoen -Europako Gizarte Funtsekoak barne- eskura edukitzea egindako eta diruz lagundutako orientazio-jardunen dokumentuak.
2.– Era berean, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe, laguntzak jasotzen dituzten entitateek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Diruz lagundutako jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta diru-laguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar objektiboren nahiz subjektiboren aldaketa ere.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Europako funtsak kontrolatzen dituzten instantziek egin beharreko egiaztatze- eta kontrol-jardunen esanetara jartzea.
c) Lanbideri jakinaraztea helburu bererako beste edozein administrazioren edo erakunde publiko edo pribaturen laguntza, diru-sarrera edo baliabideak jaso izana.
d) Laguntza horien berri emateko material eta ekintza guztietan, laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan eta 2014-2020 Gazte Enpleguko Programa Operatiboaren barruan, Europako Gizarte Funtsak finantzatu dituztela aipatzea eta «Europako Gizarte Funtsak zure etorkizunean inbertitzen du» goiburua txertatzea.
e) Erakundearen ordezkariak edo ahalordea duenak izaera pertsonaleko datuen tratamenduari buruzko konpromiso-adierazpen bat izenpetu beharko du. Adierazpen hori derrigor onartu beharko dute deialdiaren erakunde onuradun guztiek, honako hauetan ezarritakoari jarraituz: Izaera Pertsonaleko Datuen babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; haren garapen-erregelamendua, abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuak onartua, eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea.
3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, gastuaren kontularitza-erregistro bat eraman behar da, aparteko kontularitza-sistema batean eta kontularitza-kode egoki batez identifikatua.
12. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko orduan kontuan izandako baldintzetan zerbait aldatzen bada, diru-laguntza ere aldatu ahal izango da; nolanahi ere, diru-laguntzen onuraduna izateko deialdi honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Baldintzen aldaketa horren ondorioz, diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
13. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuk aldi berean jasotzea.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira bateragarriak helburu bererako lortutako beste edozein motatako diru-laguntza edo laguntzarekin.
14. artikulua.– Ez-betetzeak.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izango diren erakundeak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan jasotako kasuren batean badaude edo deialdi honetan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez badute, Lanbideko zuzendari nagusiak ebazpen bidez adieraziko die galdu dutela jaso gabe dituzten kopuruak jasotzeko eskubidea eta, hala badagokio, jasotako diru-laguntza Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra dutela, diru-laguntza emandako unetik bertatik sortutako legezko interesekin batera. Horrez gain, egoki diren gainerako ekintzak bideratuko dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira bidezko lege-ondorioetarako, eta erantzukizunen araubidea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan araututakoa izango da.
15. artikulua.– Diru-laguntza itzultzeko prozedura.
Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetze kasuetan jasotzen diren laguntzak itzultzeko prozedura honako hau izango da:
1.– Lanbideko zuzendari nagusiak laguntzak itzultzeko prozedurari ekingo dio, eta Lana Aktibatzeko zuzendariak prozedura hasi izana eta hartarako arrazoiak jakinaraziko dizkio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.
2.– Alegazioak jasotakoan, edo hartarako epea iragan eta jaso ez badira, prozedurari amaiera emango zaio, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
3.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ekarriko du. Borondatezko epetzat joko da epe hori.
4.– Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamenduzko bidera jotzeko izapideei ekingo zaie.
16.– artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko Aginduaren bidez dago araututa.
Halaber, pertsona interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubidea izango dute, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, Gasteiz).