EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2015249

EBAZPENA, 2015eko abenduaren 30ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, argitaratzen da euskal enpresen kanpoko lantokietan 35 urtetik gorako langabeak kontratatzeko 2016ko laguntzen deialdia.

Xedapenaren data: 2015-12-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201505529
Maila: Ebazpena
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2015eko abenduaren 30eko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, onartu du euskal enpresen kanpoko lantokietan 35 urtetik gorako langabeak kontratatzeko 2016ko laguntzen deialdia egitea. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluko p) idatzi-zatian xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.
Hori horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea euskal enpresen kanpoko lantokietan 35 urtetik gorako langabeak kontratatzeko 2016ko laguntzen deialdia. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren bidez onartu zen, 2015eko abenduaren 30eko batzarrean, eta ebazpen honi erantsi zaio.
Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 30a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.
ERANSKINA
EUSKAL ENPRESEN KANPOKO LANTOKIETAN 35 URTETIK GORAKO LANGABEAK KONTRATATZEKO LAGUNTZEN 2016KO DEIALDIA.
Egun pairatzen ari garen krisi ekonomikoa ondorio oso larriak ari da eragiten lan-merkatuan, bai eta lana sortzeko ahaleginetan edota enplegu egonkor eta kalitatezko bat lortzeko orduan ere.
Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016 Enplegu Planak (http://www.euskadi.eus) enplegu berriak sortzea lehenesten du, horretarako, lana sortzea erraztuko duten beharrezko baldintzak eta enplegu-politika aktiboen tresna beharrezkoak sustatuz; hori bideratzeko estrategia global bat ezartzen da, ekonomia sustatzeko, enpresaen lehiakortasuna garatzeko eta nazioartekotzea bultzatzeko Jaurlaritzaren beste egitasmo batzuekin batera.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Europako Enplegu Estrategiaren alde dihardu, eta nazioartekotzearen aldeko apustua egin du. Horrela, 2013-2016rako Lanbideren Plan Estrategikoaren esparruan (http://www.lanbide.euskadi.eus) –zeinen helburuetako bat pertsonentzako enplegu-aukerak hobetzea baita– enpresen eta pertsonen mugikortasuna eta nazioartekotzea erraztuko duten programa espezifikoak diseinatzea eta ezartzea hartu du bere jardun-lerrotzat, betiere enplegu-aukerak handitzeko xedez.
Oinarri horien arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezinbestekotzat jotzen du 35 urtetik gorako pertsonak lanean hasi eta lanpostuan irautea eragin eta sustatuko duten neurriak hartzea. Ondorioz, jakineko enplegu baterako eta enpresen nazioartekotze-prozesuei lotutako enpleguetarako prestakuntza eta lan-esperientzia duten 35 urtetik gorako pertsonak kontratatzera bideratuta dago deialdi hau. Kontratazio horren barruan sartzen da kanpoan kokatuta dauden lantokietan lan egitea aldi batean, lan-merkatuan sartzea sustatzeko eta lan-eskarmentua sendotzeko.
Beraz, programa honen azken helburua da 35 urtetik gorako pertsonen lan-aukerak hobetzea eta bultzatzea, eta euskal ekonomiaren lehiakortasuna eta lan-merkatuaren kalitatea hobetzen laguntzea.
Bestalde, deialdi honek ezin ditu albo batera utzi emakumeen eta gizonen arteko diferentziak eta desberdintasunak lan-merkatuan. Horrela, Eustaten 2015eko bigarrengo hiruhileko datuek erakusten duten bezala, emakumeen eta gizonen langabezia-tasa berdintsua bada ere, emakumeen jarduera-tasa % 52,1ekoa da, eta gizonena, aldiz, % 62,7koa. Tasa horiek erakusten dute txikitu beharreko arrakala bat dagoela lan-eremurako sarbidean eta bertako iraupenean.
Ildo horretatik, deialdi honek bere egiten ditu Lanbideren 2013-2016 Plan Estrategikoan ezarritako lehentasunak, eta, zehazki, plan horretan jasotzen diren bi jardute-lerro sartzen ditu: batetik, programa espezifikoak garatzea, honako hauetan aurrera egiteko: emakume eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna enplegua eta prestakuntza eskuratzeko orduan, lanaren eta bizitza pertsonalaren uztartzea eta genero-identitatearen aniztasuna kudeatzeko beste politika batzuk; bestetik, genero-ikuspegia sartzea zeharkako prozesu gisa, Lanbideren jardueran eta haren gobernantza-ereduan.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak, 2015eko abenduaren 30ean egindako batzarrean, onartu zuen euskal enpresen kanpoko lantokietan 35 urtetik gorako langabeak kontratatzeko laguntzen deialdia. Hona hemen oinarriak:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da 35 urte edo gehiago dituzten pertsona langabeak beren prestakuntzari lotutako enpleguetan kontratatzeko oinarriak ezarri eta diru-laguntzak emateko deialdia egitea, langile horiek lan-merkatuan sartzea sustatzeko eta beren lan-eskarmentua sendotzeko. Pertsona horiek hartuko dituzten enpresek 4. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantziazioa.
1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 1.525.000 eurokoa da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuaren baitan. Horietatik, 2016. urteko aurrekontu arruntean sartuko dira 1.220.000 euro, eta 2017ko konpromiso-aurrekontuan sartuko dira beste 305.000 euro.
2.– 35 urtetik gorako langabeak euskal enpresen kanpoko lantokietan kontratatzeko 2016ko finantzaketa-laguntzak ebazteko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2016. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargutan egiteko diren gastu-espedienteen aurreratutako tramitazioa araupetu zen.
3.– Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen baitan diruz lagundutako kontratuak finantzatzen, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan.
4.– Emango diren laguntzen bolumen osoak ez du adierazitako diru-zenbateko hori gaindituko, ez eta hari egindako gehikuntzen ondorioz dagokion diru-zenbatekoa ere, baldin eta aurrekontuari aldaketaren bat egiten bazaio indarreko legediak araututako moduan. Azken kasu hori gertatzen bada, argitara eman beharko da gehikuntza hori, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Deialdi honen baitan diruz lagundu ahal izango dira gutxienez 12 hilabeteko iraupeneko lan-kontratuak, baldin eta EAEn finkatutako enpresek Espainiatik kanpo dituzten lantokietako lanpostuak betetzeko badira, eta kontratua hasten den egunean 35 urte edo gehiago dituzten pertsonak kontratatzen badira.
Kontratuaren iraupena guztira zenbatekoa den alde batera utzita, diruz lagundutako aldia 12 hilabetekoa izango da gehienez, eta 2017ko urriaren 31n amaituko da beranduenez.
Euskal enpresa baten kanpoko lantoki batean sei hilabetez lan egitea bermatuko dute diruz lagundutako kontratuek.
2.– Deialdi honen baitan lan-kontratuetarako laguntza jasotzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Deialdiaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera onuradun izan daitezkeen enpresek egin beharko dituzte kontratuak.
b) Kontratatutako pertsonek Espainiatik kanpoko lantokietan jardungo dute lanean, aurreko 1. paragrafoan ezarritako gutxieneko denboraz.
c) Kontratatuak daukan prestakuntza akademiko eta/edo kualifikazio profesionalaren araberako lanpostu baterako izango da kontratua.
d) Kontratatutako pertsonak ezin izango du azken 12 hilabeteetan inongo lan-harremanik izan enpresa kontratatzailearekin.
e) Kontratuak idatziz formalizatu behar dira eta honako hauek berariaz zehaztuta utzi behar dituzte: langilearen titulua edo kualifikazio profesionala, kontratuaren iraupena, zein lanpostutan jardungo duen eta zein herrialdetan.
f) Kontratuak lanaldi osorako izango dira.
g) Kontratuaren gutxieneko iraupena 12 hilabetekoa izango da.
h) Urteko ordainsari gordina zenbatekoa den jaso beharko da kontratuan.
i) Nolanahi ere, Langileen Estatutuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera egin beharko da kontratua.
3.– Ez da diruz lagunduko honako hauek kontratatzea: ez enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duenaren ezkontidea, oinordekoak eta gainerako senideak (bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasuna arte), ezta sozietatearen izaera juridikoa duten enpresetako zuzendaritza-kideak edo administrazio-organoetakoak direnenak ere; eta azken horiek kontratatzea ere ez da diruz lagunduko.
4. artikulua.– Enpresa onuradunak.
1.– Deialdi honetan, diruz lagundu ahal izango dira EAEn kokatutako enpresa pribatuak edo publiko-pribatuak, baldin eta kanpoan lantokiak, partaidetutako enpresak edo enpresa-talde bereko beste enpresa batzuk badituzte, kanpoan kokaturiko enpresekin lankidetza-hitzarmenak edo zerbitzu emateko kontratuak badituzte edo kanpoan ezartzeko prozesuetan badaude, eta, betiere, hala dela behar bezala egiaztatzen badute eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Helbide soziala eta fiskala EAEn izatea edo lantokia EAEn egotea.
b) Administrazio publiko batek edo gehiagok % 50eko edo gehiagoko partaidetza zuzena edo zeharkakoa ez izatea.
c) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan eguneratuta egotea.
Diru-laguntzak eskatzen dituzten enpresek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.
d) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzeko zehapen administratibo edo penalik jaso ez izana, eta haiek eskuratzeko legezko debekurik jaso ez izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.
e) Enpresa kontratatzaileak egiaztatzea kontratazioaren eta deialdi honetako diru-laguntzen xede den lanpostua dela-eta ez dela enplegurik suntsitu, kontratazio berria egin baino urtebete lehenagotik eta diruz lagundutako kontratazioak dirauen aldian.
f) Deialdi honen bidez kontratatzeko asmoaren berri ematea Enpresako Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO), bete beharreko lanpostua eta kontratazioaldia adierazita. Enpresak LLOrik ez badu, egoera hori berariaz adierazi beharko du eskabidean.
g) Ez egotea berreskuratze-agindu baten mende, Europar Batasunak diru-laguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu ondoren.
2.– Enpresei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzultze- edo zigor-prozedura guztiak amaituta egotea.
5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatuko langileek bete beharreko baldintzak.
35 urte edo gehiago dituzten pertsonak kontratatzeko da deialdi hau, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan izatea bizilekua.
b) Langabe izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
c) Lana egoki egiteko enpresak eskaturiko titulazio akademikoa eta/edo kualifikazio profesionala edukitzea.
d) Destinoko herrialdeko lantokian lana egoki egiteko behar diren hizkuntza-gaitasunak izatea. Enpresak zehaztuko du zein diren hizkuntza-gaitasun horiek, eta titulu bidez edo maila jakiteko proba baten bidez egiaztatu beharko dira.
6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Zenbat kontratu egiten diren, horrexek zehaztuko du diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa. Honako zenbateko hauek batuz zehaztuko da kontratu bakoitza zenbat diruz lagunduko den:
a) Soldata-kostua eta Gizarte Segurantzakoa, kontratuaren indarraldiko lehen 12 hilabeteetakoak, eta, edonola ere, 2017ko urriaren 31ra artekoak.
Kontratatuko den pertsonaren adinaren arabera zehaztuko da kontzeptu honegatik diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa, urtean, lan-kontratu bakoitzagatik, honela:
35 eta 44 urte artekoak: 40.500 euro.
45 urtetik gorakoak, 45.000 euro.
Kontratu bakoitzari dagokion diruz laguntzeko aldia urtebete baino laburragoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, eta diruz lagundu daitekeen aldiaren arabera doituko da.
Halaber, kontzeptu honen ondoriozko diru-laguntzaren azken zenbatekoak ezin izango du gainditu egindako kontratu bakoitzagatik benetan sortu eta ordaindu den kostua, kontratatu bakoitzaren soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak kontuan hartuta. Gainditzen badu, kostu errealeraino murriztuko da diru-laguntza.
Gutxitze horiek, egin behar badira, 12. artikuluan ezarritakoaren arabera azken justifikazioa bidali ostean egingo dira.
Ondorio horietarako, soldata-kostutzat eta Gizarte Segurantzakotzat hartuko dira sektorearen hitzarmen kolektiboan edo enpresako negoziazioan ezarritako edo itundutako ordainsari gordinei dagozkienak; honako hauek sartzen dira: oinarrizko soldata, jardueraren ondoriozko osagarriak (jakintza bereziak, konfidentzialtasuna, lan-txandak...), aparteko ordainsariak, mozkinetan parte hartzea, produkziorako pizgarriak, aparteko orduak eta toki zehatz batean lan egitearen ondoriozko bizileku-osagarria, bai eta enpresaren kargurako gizarte-segurantza eta langilearen kargurako gizarte-kotizazioak eta zergak ere.
Besteak beste, honako hauek ez dira soldata-kostutzat hartuko: gauzazko prestazioak, bidaia-, ostatu- eta mantenu-dietak, eta enpresaren «gizarte-ekintzaren» parte diren gastuak eta gainerako aparteko soldata-hartukizunak.
b) Diruz lagundutako kontratazio bakoitzaren soldata-kostuen eta gizarte-segurantzakoen % 2, enpresa onuradunak aseguru bat kontratatzetik eratorritako gastuak finantzatzeko. Aseguru horrek, gutxienez, estaldura hauek jasoko ditu: bidaia, mediku-arreta, istripuak, gaixotasun larria, ospitaleratzea eta aberriratzea. Aseguru horrek kanpoan eginiko egonaldi osoa estaliko du.
c) Diruz lagundutako kontratazio bakoitzaren soldata-kostuen eta gizarte-segurantzakoen gaineko beste % 2 gehiago, dagokion bisa edo administrazio-baimena lortzeko gastuak finantzatzeko, lan egingo den herrialdean bisa edo administrazio-baimen horiek behar badira.
7. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.
1.– Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (I. eranskina), eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enpleguko Lurralde Bulegoetan.
Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskabidea sinatzen duenaren NANaren fotokopia, edo haren nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena; eta pertsona juridiko eskatzailearen ordez sinatzen duen pertsona horren legezko ordezkaritzaren egiaztagiria.
b) Enpresaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
c) Enpresaren eratze-eskrituren fotokopia.
d) Kanpoko lantokiarekin enpresa eskatzaileak duen erlazioa egiaztatzeko dokumentazioa. EAEko hizkuntza ofizialetariko batean aurkeztu beharko da dokumentazio hori.
e) Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO) egindako jakinarazpena, eta, LLOrik ez bada, enpresan LLOrik ez dela dioen adierazpena.
f) Enpresaren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, adieraziz kontratazioaren eta deialdi honetako diru-laguntzen xede den lanpostua dela-eta ez dela enplegurik suntsitu, kontratazio berria egin baino urtebete lehenagotik eta diruz lagundutako kontratazioak dirauen aldian.
g) Enpresa eskatzailearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, zeinak hauek jasoko baititu: enpresaren plantilla osatzen duten langileen kopurua eta enpresa horrek Berdintasun Planik duen edo ez. Erakundea diru-laguntzaren onuradun izanez gero, plan horren kopia eskatu ahal izango zaio edozein unetan.
h) Uneko ekitaldian zehar eta aurreko bietan jasotako «minimis» laguntzei buruzko aitorpena, enpresa eskatzaileak egina, deialdi honetako 19. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
3.– Horrez gainera, ondoren zehaztutako elementu hauek jasotzen dituen deskribapen-txostena izan beharko du eskabideak:
a) Diru-laguntza jaso nahi duen enpresaren deskribapen-memoria. Gutxienez honako hauek zehaztuko dira bertan:
– EAEko enpresa eskatzailearen deskribapena: enpresaren jarduera, zein sektoretakoa den, plantilla, kanpoko lantokiak eta horien kokalekuak, zein merkatutarako diharduen (bezeroen tipologia, jardueraren eremu geografikoa) eta nazioartekotze-plana; horrez gainera, eta halakorik bada, kanpoan kokatutako enpresekin egindako kontratuak –zerbitzuak emateko direnak– edo haiekin egindako lankidetza-hitzarmenak, edota kanpoan ezartzeko prozesuan dagoela dioten egiaztagiriak eta justifikagiriak.
– Nazioartekotze-planaren esparruan, kanpoan kokatutako enpresekin zerbitzuak emateko egindako kontratuen esparruan edota haiekiko lankidetza-hitzarmenen esparruan egingo diren kontratazioei buruzko justifikazioa, diruz lagundutako epealdiaren ondoren kontratazioak finkatzearen bideragarritasuna ondo zehaztuta.
– Kanpoko lantokiaren deskribapena: jarduera, sektorea, plantilla, kokapena, zein merkatutarako diharduen (bezeroen tipologia, jardueraren eremu geografikoa), hazkunde-aurreikuspenak.
b) Kontratazio-plana; hauek zehaztuko dira, gutxienez:
– Zer-nolako lotura duen planak enpresaren nazioartekotze-prozesuarekin.
– Deialdi honen babesean egindako kontratuen bidez beteko diren lanpostuei buruzko aurreikuspena, honako hauek zehaztuta: lanpostuak, zenbat pertsona kontratatuko diren, arloak, eta eginkizunak eta zereginak.
– Lanpostuak betetzeko behar diren titulazioak eta profilak, kontuan izanik bete beharreko eginkizunen eta eskatutako titulazioaren arteko koherentzia, eta lanpostuan jarduteko zein hizkuntza behar den/diren zehaztuta, bai eta zer maila eskatzen den ere.
– Kontratuak zenbat irautea aurreikusten den, eta hura gerora finkatzeko zer aurreikuspen dauden.
– Destinoko herrialdea eta enpresa/lantokia.
– Langileak urtean jasoko dituen ordainsari gordinak, eta Gizarte Segurantzako kostuak, enpresaren konturakoak.
– Pertsona kontratatuaren esku ipiniko diren baliabide osagarriei buruzko deskribapen zehatza: joan-etorriak, ostatua kudeatzeko laguntza, beste pizgarri batzuk.
c) Eskatutako diru-laguntza, kontzeptuka xehatuta: kontratatutako pertsonen soldata-gastuak eta Gizarte Segurantzakoak, dagokion bisa edo administrazio-baimena kudeatzearen eta lortzearen ondoriozko gastuak eta asegurua kontratatzearen ondoriozkoak.
4.– Eskabidea guztiz beteta ez badago edo 2. eta 3. paragrafoetan adierazitako derrigorrezko agiriak aurkezten ez badira, 10 eguneko epean okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio erakunde interesdunari; hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan aurreikusitako ondorioak izango ditu.
5.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2016ko irailaren 15ean amaituko da.
8. artikulua.– Ebazpena emateko organo eskuduna, emate-prozedura eta ebazpena.
1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.
2.– Eskabideak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango zaizkie diru-laguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Kreditua zabaltzeak gorabehera, behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
3.– Eskabideak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren esanbidezko ebazpen bidez onartu edo ukatuko dira. Ebazpenean, honako hauek jasoko dira: enpresa bakoitzari ematen zaion kontratazio-plana, ordaintzeko modua eta zenbatekoa, eta diru-laguntzaren justifikazioa.
4.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita; epe hori amaitutakoan, diru-laguntzaren eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.
5.– Enpresa edo erakunde interesdunak 10 eguneko epea izango du, zuzendari nagusiaren ebazpena jakinarazten den unetik zenbatzen hasita, emandako diru-laguntza onartzen duela adierazteko. Epe hori amaitzean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko da, eta artxibatu egingo da.
6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
7.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean diru-laguntza zein enpresak jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein enpresari emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.
9. artikulua.– Programan parte hartuko duten pertsonak hautatzeko prozedura.
Deialdi honen araberako kontrataziorako hautagai diren pertsonak hautatzeko prozeduran, honako hauek izan beharko dira kontuan:
1.– Enpresak, diru-laguntza onartzearenarekin batera, enplegu-eskaintza/eskaintzak ere aurkeztu beharko du/ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hautagaien lehen hautaketa egin beharko du, enplegu-eskatzaile gisa inskribatutakoen artean, kontuan hartuta onartutako kontratazio-planean aurreikusitako betekizun eta irizpide zehatzak bete behar dituztela enplegu-eskatzaileek.
3.– Eskaintza aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zerrenda bat bidaliko dio enpresari, eskatutako lanpostu bakoitzeko hiru hautagai jasotzen dituena.
4.– Behin lehen hautaketa hori jasotakoan, enpresa onuradunak langileak hautatuko ditu. Horretarako, beharrezkoa bada, hautagaiak zer hizkuntza-maila duen eta lanpostuari egokitzen zaion ala ez aztertzeko egoki iritzitako probak egingo ditu enpresak. Behin langilea/langileak aukeratutakoan, enpresak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko dio nor(tzuk) kontratatu d(it)uen.
5.– Hamar eguneko epean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu aurkezten programan parte hartzeko pertsonarik, edo Lanbidek proposatutako pertsonek hautaketa-probak gainditzen ez badituzte, enpresak beste hautagai batzuk proposatu ahal izango ditu, eta organismo autonomo horri jakinarazi beharko dio parte hartzaile horiek nor diren, bai eta kontratazioak zein egunetan egitekoak diren ere. Gehienez ere 2 egun balioduneko epean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatu beharko du ea proposatutako pertsonek betetzen dituzten bai deialdiko betekizunak bai onartutako kontratazio-planekoak; eta enpresari horren berri eman beharko dio.
10. artikulua.– Kontratatutako pertsonak ordeztea.
1.– Behin kontratazioa egindakoan, honako kausaren bat dela-eta bakarrik ordeztu ahal izango du enpresak kontratatutako gaztea: probaldia ez gainditzeagatik lan-kontratua amaitzea, kontratatutakoak lana borondatez uztea, edo kontratatutako pertsonaren baliaezintasuna edo heriotza.
2.– Kontratatutako gaztea ordezteko, enpresak horren berri eman beharko dio Lanbideri idatziz, eta beste hautagai bat kontratatu nahi duela ere jakinarazi beharko dio. Printzipioz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egindako lehen hautaketa-prozesukoa izan beharko du kontratatu berriak.
3.– Lehen prozesuko hautagaien artean hautaketa egitea ezinezkoa bada, beste hautaketa-prozesu bati ekingo zaio, 9. artikuluko 3., 4. eta 5. paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz.
4.– Formalizatzen den lan-kontratu berriak deialdi honetako 3. artikuluan eskatutako betekizun guztiak bete beharko ditu.
5.– Kontratatutako gazteak ordezteagatik ez da, inolaz ere, emandako diru-laguntza handituko.
11. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
1.– Diru-laguntza honela ordainduko da:
– Lehen ordainketan, emandako diru-laguntzaren % 80 emango da, enpresaren kontratazio-planean aurreikusitako kontratuak formalizatu ostean, horien fotokopiak eta senidetasunik ez izateari buruzko erantzukizunpeko aitorpena aurkeztutakoan –deialdi honetako 3.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz–, eta Lanbidek Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean langilearen alta egiaztatutakoan.
– Bigarren ordainketan, gainerako % 20a edo justifikazioaren ondorioz dagokion kopurua ordainduko da, diruz lagundutako aldia bukatutakoan eta behin diru-laguntzaren helburu diren jarduerak justifikatutakoan.
12. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta epea.
Kontratuak amaitzen direnetik gehienez ere hilabeteko epean, edo, betiere, 2017ko azaroaren 30a baino lehen, enpresa onuradunak azken justifikazio-memoria aurkeztu beharko du, dokumentazio hau duela:
a) Justifikazio-kontu ekonomikoa, ebazpenarekin batera emango den ereduaren arabera.
b) Kontratatu diren pertsonen zerrenda; kontratuen modalitatea, kontratuen hasiera- eta amaiera-data; kontratatu bakoitzaren destinoko herrialdea; egon ahal izan diren bajak eta ordezteak, eta diruz lagundutako kontratua amaitzen denean enpresan jarraitzeko aurreikusten diren aukerak. Hori guztia ebazpenarekin batera emango den ereduaren arabera.
c) Deialdi honen babespean kontratatu diren langileen nominak. Nomina bakoitzari dagokion zenbatekoaren banku-transferentzia egin izana ere egiaztatu beharko du enpresak, agiri bidez.
d) Dagokion aldiko Gizarte Segurantzarako kotizazioaren dokumentuak (kotizazioen likidazioaren ordainagiria eta TC2), eta ordaindu izana egiaztatzeko agiriak. Bai eta kontratatu bakoitzari buruzko kotizazio-datuen txostena ere (IDC dokumentua).
e) Enpresaren legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, Gizarte Segurantzaren kuotetan praktiketako kontratuak direla-eta lortutako edo uko egindako murriztapenei eta/edo hobariei buruzkoa. Horiek lortuz gero, honako hauek adierazi behar dira kontratatu bakoitzeko: izen-abizenak, hobariaren eta/edo murriztapenaren hilabeteak, hileko zenbatekoa eta jasotako hobarien eta/edo murriztapenen zenbateko osoa.
f) Enpresaren legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, ziurtatzeko enpresak ez duela jaso xede eta helburu bererako bestelako laguntzarik ezein administrazio publikotatik. Xede eta helburu bererako bestelako laguntza edo diru-laguntzaren bat jaso badu, jasotako kopuruen zerrenda xehatua, zenbatekoa eta jatorria adierazita.
g) Enpresaren legezko ordezkariak eta kontratatuak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, kontratatu bakoitzak kanpoko lantokietan egin duen egonaldiaren hasiera- eta amaiera-datei buruzkoa. Kontratatu bakoitzeko adierazpen bat egingo da.
h) Dagozkien bisen edo administrazio-baimenen kopiak, zeintzuetan kontratatuak behar bezala identifikatuta agertuko baitira.
i) Kontratatu den aseguru-polizaren kopia; bertan, behar bezala jaso behar dira honako hauek: zein diren deialdi honen babesean kontratatutako pertsonak, aseguru-estaldura eta estaldura-aldia.
j) Enpresa kontratatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, hau adieraziz: diruz lagundutako kontratazioaren xede izan den lanpostuan ez dela enplegurik suntsitu diruz lagundutako kontratazioak iraun duen bitartean.
Aurreko atal horietan aipatutako dokumentazio guztia euskarri elektronikoan eta paperean bidali beharko da.
13. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunaren betebehar izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2. artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:
a) Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean justifikatu beharko da bete direla diru-laguntza jasotzeko betebeharrak eta baldintzak.
c) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.
Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, enpresa onuradunean gastuaren kontabilitate-erregistro bat eraman behar da, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin eta kontabilitate-kode egoki batekin.
d) Helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
e) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.
f) Diruz lagundutako jardueren xedean edo izaeran nabarmen eragiten duen ezer gertatuz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari; era berean, jarduera horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko eta haien jarraipena egiteko prozeduretan laguntzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozeduraren bat izapidetzen ari bada, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
h) Beren-beregi jasotzea edo adieraztea Lanbideren eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa –EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barrukoa– deialdi honen babesean diruz lagundutako jarduketen komunikazio-, zabaltze-, edo argitalpen-material eta ekintza guztietan.
i) Tratu- eta aukera-berdintasunaren arloko betebeharrak betetzea, baita emakumeen eta gizonen arteko diskriminaziorik ezaren arlokoak ere.
– Honako hauetan guztietan tratu- eta aukera-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa aplikatzen dela bermatzea: lanpostuetarako probak eta/edo elkarrizketak egitean, kontratatu beharreko pertsonak hautatzerakoan eta enpresak hautagaiak aurkeztu behar dituenean.
– Deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko, enpresak erabiliko duen dokumentazio, publizitate, irudi edo material orotan, hizkuntza ez sexista erabili beharko du, emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexista oro saihestu beharko du, eta irudi jakin bat sustatu beharko du, balio hauek izango dituena: berdintasuna, emakume eta gizonen presentzia orekatua, aniztasuna, ardura partekatua eta rol eta genero identitate plurala.
14. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako funtsen kontrol-instantziek beharrezkoak diren ikuskaritza- eta kontrol-jarduerak egin ahal izango dituzte, deialdi honen helburuak betetzen direla bermatzeko.
Horregatik, enpresak gorde eta zaindu egin behar ditu diruz lagundutako kontratazioei buruzko agiri guztiak, deialdi hau dela-eta dituen konpromisoak eta obligazioak betetzen direla egiaztatu behar denerako.
15. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako diru-laguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
16. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak ez dira bateragarriak honako hauekin: kontzeptu eta helburu berberetarako beste administrazio batzuek edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuek emandako diru-laguntzak, laguntzak eta diru-sarrerak. Bateragarriak dira, ordea, kontratuetan Gizarte Segurantzako kuotetan izan daitezkeen beherapen eta/edo hobariekin, baina halakorik izanez gero, emandako diru-laguntzatik kenduko dira zenbateko horiek, azken justifikazioa egin ondoren.
17. artikulua.– Ez betetzeak eta emandako diru-laguntzak itzultzea.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza jaso duten erakundeak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badaude, edo deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du; ebazpen horren bitartez, jasotako kopuruak osorik edo zati batean itzuli behar dituztela adieraziko du, eta kopuru horiei diru-laguntza ordaintzen den unetik aurrerako legezko interesak erantsi beharko zaizkie, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, hala xedatuta baitago abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, hots, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duen dekretuan.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntza jaso duen erakundeari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.
3.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez bada edo onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilabetekoa izango da.
4.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, eta diru-laguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
5.– Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamenduzko bidera jotzeko izapideei ekingo zaie.
18. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko Aginduaren bidez dago araututa.
Halaber, pertsona interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak izango dituzte, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Gasteiz).
19. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.
1.– Deialdi honetan zehaztutako laguntzek bat etorri beharko dute Europar Batasunaren «minimis» laguntzen Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruz Batzordeak 2013ko abenduaren 18an egindako 1407/2013 (EE) Erregelamenduarekin (DOUE L352, 2013-12-24). Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati «minimis» erako laguntzetan emandako zenbatekoak ezin izango du gainditu 200.000 euroko kopurua hiru ekitaldi fiskalen barruan.
Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» Erregelamendu horren 2.2 artikuluan.
2.– Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: minimis laguntza berriarekin ez dela gainditzen Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.