EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-01-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2016006

AGINDUA, 2016ko urtarrilaren 4koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, aire zabaleko gune publikoetan egiten diren arte eszenikoen ikuskizunen programak garatzeko 2016. urtean diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta horietarako deialdia egiten duena («Kale antzerkia bultzatuz» programa).

Xedapenaren data: 2016-01-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201600095
Maila: Agindua
Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak.
Oraingo krisi ekonomikoa gogor jotzen ari da arte eszenikoen arloko kultur programazioa, eta horrek kalte egiten dio euskal antzerkigintzaren enpresa-egituraren jasangarritasunari. Alderdi horretatik arreta txikiena jasotzen duen sektorea da kale-antzerkiarena. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, egoera honen aurrean kezkatuta eta jakitun udalek ahalegin ekonomiko handia egiten dutela, uste du beharrezkoa dela aire zabaleko arte eszenikoen programazioak «Kale antzerkia bultzatuz» programaren bitartez sustatzea.
Halaber, agindu hau Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak onartu duen eta sailaren web orrian argitaratu den Kultura Sustatzeko zuzendaritzaren 2016-2018ko urteetako diru-laguntzen plan estrategikoaren barnean dago sartuta.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen helburua da 2016. urtean aire zabaleko gune publikoetan euskal konpainiek egiten dituzten arte eszenikoen ikuskizunen programak (antzerkia, dantza eta zirkoa) garatzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzea eta horietarako deialdia egitea.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan ezartzen diren bestelako eskakizunez gain, diru-laguntza hauek eskatu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituzten udalek edo beren udal-erakunde autonomoek, tokiko enpresa-entitate publikoek eta tokiko merkataritza-sozietateek, sozietatearen kapitala titulartasun publikokoa bada:
a) Antzezleku egokiak izatea, seinaleztatuak eta mugatuak, indarreko legediak eskatzen dituen segurtasun-neurri guztiak beteko dituztenak, bai eta programatzen diren ikuskizunetarako erantzukizun zibileko asegurua eta artisten gela eta aldagela moduan erabiltzeko moduko lokalak ere.
b) Programaren alderdi tekniko guztiak koordinatuko dituen pertsona arduradun bat izatea.
2.– Agindu honen bidez ematen diren laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga-betebeharrak egunean izatea, baita Gizarte Segurantzakoak ere. Betebehar hauek betetzen direla egiaztatuko da erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez.
3.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko laguntza edo diru-laguntza batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigorren bat ezartzeko prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura bukatu arte ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu. Halaber, jasotako diru-laguntza bere diru-sarreren artean berriz sartu ez izana, itzultze-prozedura bat bukatutakoan, berriz ez sartzeko agintzen duen ebazpen bat eman bada, ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu.
3. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Diru-laguntza horietarako, guztira, 75.000 euro erabiliko dira, baina kopuru hori handitu ahal izango da, beharrezkoa izanez gero, lehen xedapen gehigarrian ezarritako eran.
4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen alorrak.
1.– Ondoren aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten programazioetarako dira laguntza hauek:
a) Biztanleria-tarte bakoitzerako ezarritako gutxieneko teatro, dantza edota zirko ikuskizunak programatuko dira:
– 20.000 biztanletik gorako herrietan: bost ikuskizun.
– 20.000 biztanletik 10.001era bitarteko herrietan: lau ikuskizun.
– 10.000 biztanletik 5.001era bitarteko herrietan: hiru ikuskizun.
– 5.000 biztanletik 1.000era bitarteko herrietan: bi ikuskizun.
– 1.000 biztanletik beherako herrietan: ikuskizun bat.
b) Ikuskizunak Euskadiko Autonomia Erkidegoan helbidea edo sozietate-egoitza duten konpainia profesionalen eskutik eskainiko dira. Prozedura ezberdinetan eskatutako gutxieneko ikuskizunak betetzeko xedearekin, Euskal Autonomia Erkidekotik kanpoko konpainien ikuskizunak aurkeztu daitezke.
c) Berariaz aire zabaleko gune publikoetan erakusteko moduko diseinua duten ikuskizunak soilik onartuko dira.
d) Ezingo da sarrerarik kobratu ikuskizuna ikusi ahal izateko.
e) Zaindariaren jaietan programatutako ikuskizunak jaso daitezke. Gehienez ere bi.
2.– Baztertu egingo dira.
a) ekitaldi tradizionalekin loturiko emanaldiak.
b) beste herri batzuetan antzeztuak izateko diseinatuta ez dauden ikuskizunak.
c) Soilik musikalak diren ikuskizunak.
5. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.
1.– Eskaerak aurkezteko epea, 2016ko otsailaren 26an bukatuko da.
2.– Eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, euskadi-net-en, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/kale_antzerkia_bultzatuz/y22-izapide/eu/
3.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak helbide horretan daude ikusgai:
4.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.
5.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren nortasun-datuen egiaztagiria.
b) Aurkeztutako proiektuaren memoria, euskadi.net webgunean aurkituko duzun inprimakia behar bezala beteta barne.
6.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.
6.– artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:
– Zerga-betebeharrak egunean izatea, baita Gizarte Segurantzakoak ere.
– Xede bera duen bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuen diru-laguntzarik ez jasotzea.
– Udalerriko biztanle-kopurua egiaztatu, agindua argitaratzen den egunean indarrean dagoen udaleko biztanle-erroldaren arabera.
– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.
7. artikulua.– Diru-laguntzen kudeaketa.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
8. artikulua.– Akatsen zuzenketa.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, aurkeztutako dokumentazioa osatu gabea dela edo akatsak dituela ikusten badu, horren berri emango dio eskabidea egin duenari eta hamar egun balioduneko epea emango dio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan. Gainera, jakinaraziko dio hori egin ezean bere eskaera baztertua izango dela ebazpen baten bidez.
9. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzordea eratuko da. Hauek izango dira kideak:
– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria edo horrek eskuordetutako pertsona.
– Bokalak: Arte eszenikoen alorreko profesionalen eta agindu honetako xedean aditu diren pertsonen artean aukeratutako 2 edo 3 kide, Kultura, Gazteria eta Kiroleko sailburuordeak izendatuak.
– Idazkaria: Batzordeko idazkari gisa, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat arituko da, bertako zuzendariak izendaturik.
2.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.
3.– Balorazio Batzordearen osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil dezaten, legez ezarritako termino eta baldintzetan.
4.– Batzorde horrek, ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ebazpen proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.
10. artikulua.– Eskaerak aukeratzeko irizpideak.
1.– Diru-laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira eta, horrela eskaera guztiak alderatu egingo dira, hurrenkera jakin batean jartzeko, eskabidean aurkeztutako ikuskizunen kontratazio kostea kontuan harturik.
2.– Behin eskabideak ordenatu egin direnean, laguntzak ordenazio horren arabera esleituko dira, ondorengo artikuluak ahalbidetzen duen gehieneko kopuruagatik, harik eta, hala gertatzen bada, deialdiaren zuzkidura agortzen den arte. Lehen fase honetan gehienez lehenengo hiru ikuskizunak hartuko dira kontuan.
3.– Lehen fase horretan deialdiaren zuzkidura agortuko ez balitz, gainditu ahal izango da hiru ikuskizunen muga, puntuazio altuena jaso duen eskabidetik hasita laugarren ikuskizunari dagokion diru-laguntza banatuz eta horrela gainerakoak, deialdiaren zuzkidura agortu arte.
11. artikulua.– Diru-laguntzak koantifikatzeko irizpideak eta mugak.
1.– Emanaldi bakoitzari dagokion diru-laguntza kalkulatzeko, Euskadiko konpainien ikuskizunen ordainsariaren honako ehuneko hauek erabiliko dira (BEZa barne).
a) 2.000 eurotik beherako ordainsaria duten ikuskizunen emanaldietan: ordainsariaren % 35.
b) 2.000 eta 3.500 euro bitarteko ordainsaria duten ikuskizunen emanaldietan: ordainsariaren % 40.
c) 3.500 eurotik gorako ordainsaria duten ikuskizunen emanaldietan: ordainsariaren % 45.
2.– Ez dira muga hauek gaindituko:
a) Ikuskizun bakoitzari ematen zaion laguntza ez da inoiz 3.000 euro baino handiagoa izango.
b) Onuradun bakoitzari ematen zaion laguntza ez da inoiz 15.000 euro baino handiagoa izango.
c) Ikuskizun beraren emanaldi bat baino gehiago egiten badira, horietako bat bakarrik lagunduko da diruz.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du Balorazio Batzordearen proposamena ikusita.
2.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114 eta 115 artikuluetan.
3.– Proposamen horretan ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek deialdi honetan zehaztutako baldintzei uko egitea edo horiek ez bete edo ez onartzea.
4.– Ebazpena banaka jakinaraziko zaie interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko dira denek horren berri izan dezaten.
5.– Eskaerak ebazteko eta pertsona interesdunei jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita. Ebazteko epea amaituta inolako jakinarazpenik jaso ez bada, interesdunek eskabidea errefusatutzat jo dezakete, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
13. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin eta baita ere diruz lagundutako emanaldien ondorioz lortutako beste edozein sarrerekin.
14. artikulua.– Diru-laguntza jasotzen duten entitateen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, pertsona/entitate onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute bideragarritasun ekonomikoa eragiten. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.
c) Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.
d) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa berariaz aipatzea katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoan. Material hori euskaraz egingo da, eta beste hizkuntza batzuetan ere egin ahal izango da.
15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
Diru-laguntzak ordainketa bakar batean emango dira, egindako jarduera 16. artikuluan jasotzen denaren arabera gauzatu dela behar bezala justifikatu ondoren.
16. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.
1.– Diru-laguntza jasotzen duten entitate onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hilabeteko epean, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:
a) Diru-laguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako jardueraren gaineko memoria, ahalik eta zehatzena, non haren exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa ere jaso behar baitira.
b) Diruz lagundutako programaren barruan egindako emanaldi guztien kontratuak. Kontratu hauek kontratatutako erakundeak hartzen dituen legezko, lan arloko eta zerga betebeharrak jaso beharko dute.
c) Diruz lagundutako programaren barruan egindako emanaldi guztien fakturak.
d) Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.
2.– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, http:// www.euskadi.net/nirekudeaketak gunean.
17. artikulua.– Aldatzeko ebazpena.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak kitapen-ebazpena emango du esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzeko. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak aldatzeko ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Hauek izango dira ez-betetzeak.
a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.
b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.
c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea, hala badagokio.
d) Diru-laguntzekin lotutako xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.
2.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
3. artikuluan jaso diren zenbatekoak handitu egin ahal izango dira, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontutan harturik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aipatutakoaren berri eman beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Euskal Kultura, Gazteria eta Kiroleko sailburuordearen ebazpen baten bitartez.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, eskabidean agertzen diren datuak Eusko Jaurlaritzaren «Ayudas y subven. creación cultural» izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2006ko uztailaren 27ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, badu Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara jotzea (Donostia kalea, 1, 01010, Gasteiz).
Administrazio Publikoak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 4a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.