EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-01-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2016018

EBAZPENA, 2016ko urtarrilaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinarekin formulatu egiten baita UE-17 «Kabilduoste»ren Hiri Antolamenduko Plan Bereziko Ingurumen Txosten Estrategikoa, Durangoko Udalaren eskariz.

Xedapenaren data: 2016-01-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201600400
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2015eko irailaren 15ean, Durangoko Udalak honako hau izapidetzen hasteko eskatu zuen: UE-17-«Kabilduoste»ren Hiri Antolamenduko Plan Bereziko Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren –aurrerantzean HAPB– prozedura; betiere, bat etorriz Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoarekin (aurrerantzean 21/2013 Legea deituko diogu). Eskaerarekin batera, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa aurkeztu ziren, 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukiarekin.
21/2013 Legearen 30. artikulua betez, 2015eko urriaren 5ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien ezen egin zitzatela egoki irizten zieten oharrak, zeintzuk oinarri izan zitezen honako honetarako: ingurumen-organo honek ingurumen-txosten estrategikoa egiteko. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari, Uraren Euskal Agentziako Plangintza eta Obretako Zuzendaritzari (Eusko Jaurlaritzaren erakundeak dira horiek denak) eta Ekologistak Martxan-Bizkaia elkarteari.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko webgunean, interesa zuen edonork ingurumen arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Txosten hau egin den egunera arte, hainbat erantzun jaso dira, eduki honekin:
– Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak honako balorazio hau egiten du: ezabatu diren arboladien izari txikia eta beste zuhaizti batzuekiko loturarik ez dutela kontuan izanik, landarediaren gaineko eragina onargarria da. Eremuaren ipar-mendebaldetik doan errekastoa bideratzeak dakarren inpaktuari dagokionez, Zuzendaritza honek uste du ezen eragin hori onargarria dela, kontuan izanik HAPBk aurreikusi egiten duela hura integratzea ingurumenean eta pasaian.
– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritza: HAPBren eragin-eremuan ez dago Kultura Ondarearen egungo katalogoetan jasotako elementurik; baina, katalogo horiek berrikuspen-prozesuan daudenez, etorkizunean ager daitezke.
– Uraren Euskal Agentziako Plangintza eta Obretako Zuzendaritza: eremua antolatzeko proposatutako antolamendua egokia dela uste dute, eta errekastoa agerian dela kontserbatu behar da, trazadura arteza saihestuz eta zeharkako drainatzeen bitartez zeharkatuz bideak, kutxatila barik eta ertzak egokiro naturalizatuz.
Hartarako, araudian jasotzen denez, espedientean diren txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu juzkuak egiteko aski elementu, ingurumen-txosten estrategikoa apailatzeko direnak.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da: ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzekotan.
Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuen ebaluazioek, besteak beste, honako hau bermatu beharko dute egokiro: planifikazio-prozesuko lehen faseetan, jasotzea: jardueretikako eragin metatzaile eta sinergikoak kontuan izanik ingurumenean sortzen diren eraginei buruzko azterlana, betiere alternatiba egokienak hautatzearren.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan honako hauek aurreikusten dira: ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikaturik pasa behar diren plan eta programak, betiere, honako hauek zehaztearren: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazioa estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin kaltegarriak ekar litzaketelako.
6.2 artikuluan, besteak beste, honako hauek espezifikatzen dira: etorkizunean proiektuak baimentzeko marko ezartzen duten planak eta programak izanik, 6.1 artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte, ingurumen-ebaluazioa estrategiko sinplifikatu batetik pasa beharko dira, zeinaren prozedura 29.etik 32.erako artikuluetan arautzen baita; guztia ere, V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela ikusirik, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, hau da, HAPBren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten duena eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen duena, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, eta baita Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera ere.
Ikusirik: 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorra; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 196/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dena; eta 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; bai eta gainerako arau aplikagarriak ere,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– UE-17 «Kabilduoste»ren Hiri Antolamenduko Plan Berezirako ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Txosten hori Durangoko Udalak eskatu du, eta eduki honekin ematen da:
A) «EU-17 Kabilduoste» izeneko aldea da hiri-lur finkatugabean planeamendu zehatzeko eremu bat, Durangoko ipar-ekialdean, gutxi-gorabehera 42.195 metro koadro azalera du, eta indarrean diren arau subsidiarioetan «bizitegirakoa, dentsitate txikikoa» izendapena du.
«UE-17 Kabilduoste» hiri-lurreko eremuaren HAPBk honako helburuak ditu, batetik, unitatearen atolamemendu zehaztua egokitzea indarrean den hirigintza-araudiari, eta, bestetik, alboan den bizitegitarako hiri-bilbean –guztiz kontsolidatuan– sartu nahi du eremua.
Planifikazioaren helburuak erdiestearren, antolamendu-proposamen bat garatu da, zeinak barruan hartzen duen bizitegitarako eraikigarritasun gehiena, bide-ardatz nagusi baten inguruan; hartarako, espazioa zentral sortzen da, lotura eta pasagunerako dena, eta –Sahaiesbiderako sarbidearen azpitiko pasagunearen bitartez– San Rokeko aldea eremuarekin konektatzeko balio duena. Espazio Libreen eta Berdeguneen estandar derrigorrezkoaren parte da espazio zentrala eta bizitegitarako zazpi eraikien bidez konfiguratzen da; eta euren garaierek eta lerrokadurek, batetik, kualifikatu egiten dute espazio urbanoa, eta, bestetik, ahalbidetu egiten dute alboko eremuekiko lotura. Antolamendua osotzeko, familia bakarrentzako 12 etxebizitza planteatzen dira, horien inguruan kokaturiko eraikinen antzeko bolumetriarekin. Guztira: 148 etxebizitza.
B) Ingurumen-txosten estrategiko honek aztertu egiten du ingurumen-dokumentu estrategikoaren edukia, 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera aztertu ere, eta bat dator haren konklusio nagusiekin, era honetan:
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) UE-1 «Kabilduoste» Exekuzio Unitatean, Hiri Antolamenduko Plan Berezia garatzen da, hain justu ere legezko gutxieneko eraikigarritasunari exekuzio unitatea egokitzeko antolamendu-baliabide gisa.
b) Planak, beste plan eta programa batzuk aintzat hartuz, aztertzen ditu zehaztapenak, eta bateragarria dela ondorioztatzen da.
c) Planaren xedea da errealitatea udal-mailako eskalan egokitzea, eta, horrenbestez, ingurumen-arloko zehaztapenak txertatzeari begira planaren helburua egokia dela ulertzen da.
d) Ez da HAPBri lotutako arazo adierazgarririk atzeman; betiere; eragin-eremuan burutzen diren jarduerak eta jarduketak –urbanizazio-proiektu egokiaz gauzatutakoak– honelaxe egikaritzen badira: segurtasun eta osasunari, ingurumenari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.
Ildo horretan, HAPBko dokumentazioan jasotako zehaztapenak betetzea egokitzat jotzen da; eta haietarik dira:
– HAPBn barne hartzen dira honako jarduketak: antolamendu zehaztuan dagoen errekastoaren bazterren egoera ekologiko ona lortzera bideratuak. Eta erreka-bazterrak lehengoratzeko, alboetako erreken bazterretako landarediko espezieak erabiliko dira; eta zenbait neurri proposatzen dira inbaditzaileak diren espezie aloktonoak zabal ez daitezen.
– Bestalde, HAPBk zehaztu egiten du Urbanizazio Proiektuak izan beharko duela pasaia eta ingurumena lehengoratzeko programa bat, zeinetan identifikatu egingo diren alde degradatuak, lehengoratu beharko direnak (lur-erauzketetako ezpondak, lubeta edo betegarrizko ezpondak, pilaketetarako aldeak edo makineria-parkeak, sarbideak, etab.), eta, orobat, horiek integratzeko neurri egokiak planteatuko dira. Halaber, programa horrek jaso egin beharko ditu jarduketaren pasaia-integrazioa burutzeko jarduketak; hartarako, kontuan hartu beharko dira, bai sektorea orografiarekiko integratzea, bai Plan Bereziaren eremuan egun dagoen arboladi autoktonoarekiko eragina minimizatzea.
e) Era berean, HAPB egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2.– Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik eragingo zaion eremuari dagokienez, eraginpeko kokapenaren inguruan ez dago espazio natural adierazgarririk, ezta ingurumenari dagokionez balio handikoa edo zaurgarria den eremurik ere.
Bigarrena.– Goragoko puntuan ezarritakoaren arabera, zehaztea ezen UE-17, «Kabilduoste»ren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ez duela eragin aipagarriak ingurumenean, ebazpen honetan ezarritako zehaztapenak kontuan izanik.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Durangoko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau eman eta bidaltzea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 11.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.