EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-02-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2016023

7/2016 DEKRETUA, urtarrilaren 26koa, «Sortarazi» Asociación Claretiana para el desarrollo humano elkartea gizarte-interesekoa dela aitortzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201600007
Xedapenaren data: 2016-01-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201600515
Maila: Dekretua
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen denez, gizarte-zerbitzuen eskaintzan diharduten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-interesekotzat aitortuak ahal izango dira, araubidez ezarritako baldintzak betetzen badituzte; guztia ere, EAEn gizarte-zerbitzuak garatzearren, Gizarte-ekintzako Hirugarren Sektoreak egindako ibilbidea eta ekarpenak aitortzeko.
Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-interesekotzat aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.
Lege horren babesean, «Sortarazi» Asociación Claretiana para el desarrollo humano elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez gizarte-intereseko erakundea dela aitortzea merezi baitu, gizarte-ekintzaren arloan egiten duen lanagatik.
Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak informatu duenez, «Sortarazi» Asociación Claretiana para el desarrollo humano elkartea irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, 1996. urtean eratua, eta honako helburu hauek ditu:
● Gizartetik baztertuak izateko egoeran dauden taldeen giza sustapena.
● Gizarte-egoera ahulean dauden taldeen gizarteratzea eta laneratzea.
● Enplegua sustatzea eta sortzea.
● Gizarte-egoera ahuleko eskualdeen gizarte-garapena.
● Gizarte-bazterketari buruzko ikerketa, argitalpenak, eztabaidak eta jardunaldiak sustatzea.
● Bakea eta justizia sustatzea.
Ibilbide historikoa du gizarte-zerbitzuak ematen Bizkaiko Lurralde Historikoan; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2010etik aurrera.
Urriaren 7ko aipatutako 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Gobernu Kontseiluak onartutako dekretu bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetu baitu.
Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko urtarrilaren 26an egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– «Sortarazi» Asociación Claretiana para el desarrollo humano elkartea gizarte-interesekoa dela aitortzea, burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzen duelako.
2. artikulua.– «Sortarazi» Asociación Claretiana para el desarrollo humano elkarteari onartzea aipatutako aitorpenari dagozkion eskubideak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan aurreikusitakoak.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko urtarrilaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.