EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2016043

EBAZPENA, 2016ko otsailaren 17koa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan proiektuak garatzen dituzten erakundeei eta gizarte-mugimenduei laguntzak emateko deialdia 2016. urterako.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2016-02-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201600969
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2013/09/30rean argitaratutako 2013/09/24ko 201300415 DEKRETUA

Gizarte demokratiko guztiek dute giza eskubideen eta bakearen ezagutza eta errespetu sakona herritarren artean sustatzeko betebeharra.
Giza eskubideak eta bakea ezinbesteko erreferentea dira justiziaren, askatasunaren, berdintasunaren eta elkartasunaren oinarrien gainean eraiki nahi den edozein gizarte- eta politika-antolamendutarako. Pertsona guzti-guztien giza duintasunaren balio gorena da abiapuntua, norbanakoak gizartean dituen eskubide eta betebehar guztiak iruteko abiapuntua, hain zuzen ere. Horri dagokionez, ezin da zalantzan jarri, azken batean, pertsonaren gailentasuna, eta gizarte- eta erakunde-arkitektura pertsonaren garapenera eta sustapenera bideratu behar dela.
Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala (1948) garrantzi handiko erreferentzia historikoa izan zen; izan ere, lehen aldia izan zen instantzia unibertsal batek denei errespetatu behar zaizkien eskubideak aldarrikatu zituena, hartarako arrazoi bakarra gizaki izatea izanik.
Eusko Jaurlaritzaren jardueraren helburuetariko bat da, hain zuzen, euskal gizartean Giza Eskubideen eta Bakearen aldeko Hezkuntza bultzatzea, dauden baliabideak optimizatuz, sektore estrategikoen arteko beharrezko sinergiak sortuz, eta jardun-programa koordinatua garatuz.
Hori dela-eta, aurreko ekitaldietan bezalaxe, Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomikoen deialdi bat sustatzen du, bakea, elkarbizitza eta giza eskubideak sustatzeko, zabaltzeko eta gaitzeko proiektuak diruz lagundu asmoz.
2013ko irailaren 24ko 415/2013 Dekretuak (2013ko irailaren 30eko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoan memoria historikoaren berreskurapena, bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzen dituzten antolakunde eta gizarte-mugimenduek helburu horrekin sustatzen dituzten proiektuetarako diru-laguntzak arautzen ditu, eta, 2.1 artikuluan, ezartzen du diru-laguntza horietarako deialdia urtero egingo dela, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpenaren bidez. Horrenbestez, 2016ko laguntzetarako deialdia egiten da.
Orobat, 187/2013 Dekretuaren 20.3 artikuluari jarraikiz (Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du), Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak egin behar du bere eskumen-arloko diru-laguntzen deialdia.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek eta gizarte-mugimenduek bakea, elkarbizitza eta giza eskubideak sustatzeko, zabaltzeko eta gaitzeko proiektuak diruz laguntzeko bideratutako laguntzen 2016rako deialdia iragartzea, norgehiagoka-araubidearen arabera.
2. artikulua.– Denbora-eremua.
Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak 2016ko ekitaldian garatu beharko dira, eta, betiere, abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.
3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
Diruz lagundu ahal izango dira bakea, elkarbizitza eta giza eskubideak sustatzeko, zabaltzeko eta gaitzeko proiektuak, 1. artikuluan adierazi gisan; honako hauek, besteak beste: kongresuak, sinposioak, jardunaldiak, mintegiak eta aldi baterako erakusketak antolatzea, ikus-entzuneko produktuak, argitalpenak, hezkuntza-proiektuak, ikerketak eta dibulgazio-kanpainak.
4. artikulua.– Diru-zuzkidura.
1.– Diru-laguntzen programa honetara seiehun mila (600.000) euro bideratu dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2016. urterako aurreikusitako partidaren kargura.
2.– Gehienez ere, hirurogei mila (60.000) euroko diru-laguntza eman ahal izango da proiektu bakoitzeko.
3.– Laguntzek honako lege hau bete beharko dute: Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (EBAO, L 352, 2013-12-24). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Muga horretatik beherako diru-laguntzek merkataritzari eragiten ez diotela eta lehiakortasuna faltsutzen ez dutela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europako Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Honako pertsona juridiko hauek eska ditzakete agindu honetako laguntzak: legez eratutako pertsona juridiko pribatu eta irabazi-asmorik gabekoak, baldin eta beren estatutuetan jasotakoaren arabera, haien helburua bakea eta giza eskubideak erdiestea bada.
6. artikulua.– Bateragarritasuna.
Deialdi honetan azaltzen diren diru-laguntzak beste edozein erakunde publiko edo pribatuk xede berberarekin ematen dituen beste batzuekin batera daitezke, betiere gainfinantzaketarik ez badago.
7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta aurrez aurrekoa.
1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, erakunde interesdunek bide elektronikoak erabil ditzakete.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:
https://www.euskadi.eus/diru-laguntza/2016/erakundeak-bake-bizikidetza-giza-eskubideak/y22-izapide/eu
3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurreko bidea edo bide elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.
4.– Eskabidea egin ondorengo izapideak, bide elektronikoa aukeratuz gero, helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/misgestiones
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasita.
2.– Eskabidea Eusko Jaurlaritzaren Justizia Saileko Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariari bidali behar zaio (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz).
3.– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu nahi izanez gero, leku hauetara eraman daitezke: Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzara (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz), Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetara (Zuzenean), lurralde-ordezkaritzetara edo bestelako erakunde laguntzaileetara. Bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideak ere erabil daitezke (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
4.– Orobat, bide elektronikoen bitartez ere aurkeztu daitezke eskabideak, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta.
9. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabidea inprimaki arautuan egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan ere eskuragarri baitago.
2.– Eskabide horrekin batera, proiektuaren memoria ere aurkeztuko da, honako agiri hauekin:
a) Eskabidea egin duen erakundeari buruzko datuak.
b) Proiektua gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatuta. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak, baleude, zehaztuko dira, eta, bestela, proiektua finantzatzeko berezko nahiz kanpoko beste baliabiderik ez dagoela dioen zinpeko aitorpena egin beharko da.
c) Proiektuaren memoria xehea, non zehaztuko diren xedea, metodologia, balizko hartzaileak (sexuaren arabera bereiziak), lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion. Memorian egiaztatuko da eskatzaileak proiektuari dagokion arloan duen esperientzia.
d) Erakunde eskatzaileak proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialen eta giza baliabideen adierazpena. Horretaz gain, honakoak ere adierazi beharko dira: alde batetik, erakundeak ba ote duen berdintasunaren alorrean trebatuta dagoen eta ibilbidea duen pertsonarik, eta, bestetik, boluntario gisa jarduten duten pertsonen kopurua. Inolako ordainsaririk gabe proiektuan parte hartzen dutenak joko dira boluntariotzat.
e) Diru-laguntzaren eskatzaileak ekitaldi fiskal horretan edo aurreko bi ekitaldi fiskaletan beste minimis laguntzarik jaso ote duen adierazi beharko du, minimis laguntza honekin Erregelamenduan ezarritako gehienezko muga gainditzen ez dela egiaztatzeko.
10. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.
Hauek izango dira epaimahai kalifikatzaileko kideak, 2013ko irailaren 24ko 415/2013 Dekretuaren 10. artikuluan ezarri bezala:
– Monika Hernando Porres andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, presidentea.
– M.ª Begoña Garamendi Ibarra andrea, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, bokala.
– Jon Redondo Lertxundi jauna, Gazteria eta Kiroletako zuzendaria, bokala.
– Lide Amilibia Bergaretxe Andrea, Gizarte Zerbitzuen zuzendaria, bokala.
– Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria, bokala.
– Ana Alberdi Zubia andrea, Emakundeko idazkari nagusia, bokala.
– Laura Sagastizabal Errazu andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, idazkaria.
11. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.
1.– Diru-laguntzak emateko edo ukatzeko, lehiaketaren prozedura erabiliko da, eta honako balorazio- eta hautaketa-irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Proiektuaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa. Gehienez, 20 puntu.
b) Erakundearen kudeaketa-gaitasuna, proiektuari dagokionez. Gehienez, 10 puntu.
c) Proiektuaren aurrekontua argia eta egokia izatea. Gehienez, 10 puntu.
d) Proiektuaren potentzial estrategikoa eta haren egokitasuna edo gizarte-interesa. Gehienez, 20 puntu.
e) Erakunde eskatzailearen ibilbidea. Gehienez, 10 puntu.
f) Genero-ikuspegiaren trataera, garatu beharreko proiektuetan. Gehienez, 10 puntu.
g) Proiektua hainbat erakunderen artean gauzatzea edo beste administrazio publikoren baten inplikazioa. Gehienez, 10 puntu.
h) Proiektua deialdiaren xedera zein mailatan egokitzen den. Gehienez, 10 puntu.
2.– Guztira, gehienez 100 puntu emango dira.
3.– Diru-laguntza esleitzeko, eskaerak gutxienez 45 puntu lortu beharko ditu, aurreko baremoen arabera.
12. artikulua.– Ordaintzeko modua.
1.– Deialdi honen babesean ematen den diru-laguntza honela ordainduko da:
Lehenengo ordainketan, emandako diru-laguntzaren % 75 ordainduko da, diru-laguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epea igarotzean, berariazko uko-egiterik ez bada aurkezten.
Bigarren ordainketa 2017an egingo da. Bertan, emandako diru-laguntzaren erabilera (hurrengo artikuluan zehazten den bezala) Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren aurrean justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da.
2.– Emandako diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunek hirugarrenen alta hartzeko agiria aurkeztu beharko dute, baldin eta erregistraturik ez badaude edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi badituzte.
13. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
1.– Justifikazioa aurkezteko epea 2017ko martxoaren 31n amaituko da, eta hauek barne hartu beharko ditu:
a) Diruz lagundutako proiektua garatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten jatorrizko faktura eta ordainagiriak, originalak edo kopia konpultsatuak.
Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagozkion fakturak eta ordainagiriak aurkeztu behar dira, behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta zerrenda batean adierazita dokumentu bakoitzean adierazitako gastua zertarako egin den. Fakturek bat etorri beharko dute Fakturatzeko betebeharrak arautzen dituen araudia onartzen duen eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen duen azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuaren 6. artikuluak ezartzen dituen eskakizun formalekin.
b) Eredu ofizialaren araberako soldata-ordainagirien originalak eta Gizarte Segurantzako kotizazio-agiri ofizialak, kontratatutako lan-kontratuko langileei dagozkien gastuak justifikatzeko.
c) Aldi baterako kolaborazio-gastuen ordainagiri originalak edo horien kopia konpultsatuak. Besteak beste, datu hauek adierazi behar dituzte: jasotzailearen datuak, Nortasun Agiri Nazionala, ordainketaren kontzeptua eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokion atxikipena. Era berean, lankidetza horiekin lortutako diru-sarreren kitapena egiteko Ogasuneko jatorrizko inprimakia aurkeztu beharko da (110 – 190 inprimakia).
d) Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak.
e) Gauzatutako proiektua justifikatzen duen memoria, non jasotzen baitira onuradunak –sexuaren arabera bereizita– eta genero-ikuspegia txertatzeko modua.
2.– Izapidetzea elektronikoki egiten bada, eskaneaturik eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko da aipatu dokumentazioa.
3.– Izapidetzea aurrez aurre zein elektronikoki egin, Administrazioak, egoki baderitzo, agiri originalak eska ditzake.
4.– Justifikazioak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan daude eskura.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Prozeduraren arloaz ebazpen honetan berariaz arautu gabekoari dagokionez, aplikagarria izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoa (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori), eta, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta lege horren Erregelamendu onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean ebazpen hau.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 17a.
Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,
MÓNICA HERNANDO PORRES.