EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2016053

38/2016 DEKRETUA, martxoaren 8koa, zeinaren bidez gizarte-intereseko deklaratzen baita garun-paralisietan eta antzeko alterazioetan laguntzeko Aspace-Gipuzkoa elkarte gipuzkoarra.

Xedapenaren zenbakia: 201600038
Xedapenaren data: 2016-03-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201601176
Maila: Dekretua
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen denez, gizarte-intereseko deklaratu ahal izango dira gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak –arauz ezartzen diren baldintzak betetzen dituztenak–, hain zuzen ere, aintzat har dakien beren ibilbidea eta laguntza, gizarte-ekintzako hirugarren sektorean, EAEko gizarte-zerbitzuen garapenaren alde.
Gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko deklaratzeari buruzko urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak gizarte-intereseko deklarazioa lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.
Haren babesean, garun-paralisietan eta antzeko alterazioetan laguntzeko Aspace-Gipuzkoa elkarte gipuzkoarrak eskatu du aipatutako deklarazioa, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.
Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren txostenaren arabera, garun-paralisietan eta antzeko alterazioetan laguntzeko Aspace-Gipuzkoa elkarte gipuzkoarra irabazi-asmorik gabeko erakundea da, 1970ean sortua, eta haren helburua da: garun-paralisirik eta antzeko alteraziorik duten ume, gazte eta helduentzako arreta, irakaskuntza, errehabilitazioa eta gizarteratzea. Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2010etik, Gipuzkoako Lurralde Historikoan, nagusiki.
Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, gizarte-intereseko deklaratzeko, Gobernu Kontseiluak onartutako dekretua eman behar da, eta gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatu behar du, zeinak dagokion espedientea izapidetuko baitu.
Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2016ko martxoaren 8an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Garun-paralisietan eta antzeko alterazioetan laguntzeko Aspace-Gipuzkoa elkarte gipuzkoarra gizarte-intereseko deklaratzea, uste baitugu gizarte-ekintzako jardueren bidez laguntzen duela gizarte-zerbitzuak garatzen Euskal Autonomia Erkidegoan.
2. artikulua.– Deklarazio honen berezko eskubideak aitortzea garun-paralisietan eta antzeko alterazioetan laguntzeko Aspace-Gipuzkoa elkarte gipuzkoarrari; Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan daude xedatuta eskubideok.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko martxoaren 8a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.