EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2016058

AGINDUA, 2016ko martxoaren 21ekoa, zeinen bidez iragartzen baita Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, «Getariako Txakolina / Txakoli de Getaria / Chacolí de Getaria» Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileko kideak hautatzeko deialdia.

Xedapenaren data: 2016-03-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201601296
Maila: Agindua
«Getariako Txakolina / Txakoli de Getaria / Chacolí de Getaria» Jatorrizko Deituraren Arautegiko 32.3 artikuluan xedatutakoari helduz, lau urtean behin aldatu edo berrautatuko dira Kontseilu Arautzaileko hautetsiak. Egungo kide hautetsien agintaldia amaitzear denez, hauteskundeak deitu eta arautu beharrean gaude.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen bidez, «Getariako Txakolina /Txakoli de Getaria / Chacolí de Getaria» Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileko lau kontseilukide nahiz horien ordezkoak hautatzeko prozedura ezarri eta hartarako deialdia iragartzen da. Kontseilukide horiek Jatorrizko Deituraren Arautegiaren 32. artikuluko 1. paragrafoko c) eta d) idatzi-zatietan aipatutako sektoreen ordezkari izango dira, alegia, mahats-ekoizleen eta ardogileen ordezkariak.
2. artikulua.– Hauteskunde-egutegia.
1.– I. eranskineko hauteskunde-prozesuaren arabera zehaztuko da egutegia.
2.– Hauteskunde-egutegian finkatutako egunetako bat larunbata, igandea edo jaieguna baldin bada, haren ordez hurrengo egun balioduna erabiliko da.
3. artikulua.– Hauteskunde Batzordea.
1.– «Getariako Txakolina / Txakoli de Getaria / Chacolí de Getaria» Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordea (JDHB) sortzen da.
2.– Kontseilu Arautzailearen egoitzan kokatuko da Hauteskunde Batzordea, hau da, Getariako (Gipuzkoa) Aldamar Parkeko 4. zenbakian; eta honako batzordekide hauek izango ditu:
Lehendakari-lanak egingo dituen pertsona: elikagaien kalitate-bereizgarrien arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzaren titularrak izendatua.
Lehendakariorde-lanak egingo dituen pertsona: Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatutakoari jarraituz, landa-garapenaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzaren titularrak izendatua.
Batzordekideak:
– (1) Aholkulari juridiko bat, elikagaien kalitate-bereizgarrien arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzaren titularrak izendatua, idazkari gisa arituko dena.
– (1) Nekazaritzako lanbide-elkarte sindikalen ordezkari bat, Jatorrizko Deituraren lurralde-eremuan kokatutako nekazaritzako lanbide-elkarte sindikalek akordio bidez izendatua.
I. eranskinean xedatutakoa betez Hauteskunde Batzordea eratu aurretik izendatu beharko dute aipatu sindikatuek ordezkaria. Egun horretarako ez baldin badute ordezkari bat izendatu, Batzordea eratzen den egunean izendatu beharko dute, beren burua ordezkari izateko aurkeztu duten hautagaien artean zozketa eginez.
– (1) «Getariako Txakolina / Txakoli de Getaria / Chacolí de Getaria» Jatorrizko Deituraren idazkari kudeatzailea.
3.– Hona hemen Hauteskunde Batzordearen eginkizunak:
a) Jatorrizko deituraren erregistroetan inskribaturiko hautesleen erroldak argitaratzea eta jendaurrean jartzea, horretarako zehaztuko diren tokietan.
b) Aipatutako erroldei buruzko erreklamazioak lehenengo auzialdian ebaztea, eta ebazpen horien aurka aurkezten diren errekurtsoen berri ematea elikagaien kalitate-bereizgarrien arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari, azken horrek ebazpena eman dezan.
c) Behin betiko erroldak onestea.
d) Batzordekide izateko hautagaien aurkezpen-paperak jasotzea.
e) Hautagaiak izendatzea.
f) Hauteskunde-mahaia izendatzea.
g) Bozak zaintzea.
h) Hautatutako batzordekideak izendatzea.
i) Hauteskunde-prozesu osoa zaintzea, Kontseilu Arautzailearen lehendakari eta lehendakariordea proposatu arte.
4.– Idazkariak agiriak zaindu eta erabakiak betearaziko ditu.
II. KAPITULUA
HAUTESLE-ERROLDAK
4. artikulua.– Erroldak prestatzea.
1.– Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileak prestatuko ditu hautesle-erroldak, Agindu hau indarrean sartzean Jatorrizko Deituraren Arautegiko 15. artikuluan jasotako erregistroetan inskribaturik dauden pertsonekin.
2.– Jatorrizko Deituraren eta haren Kontseilu Arautzailearen Arautegiko 32.1. artikuluko c) eta d) idatzI-zatietan xedatutako kontseilukide-kopurua izango dute ekoizleen eta ardogileen hautesle-erroldek.
3.– Elikagaien kalitate-bereizgarrien arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak ezarritako ereduaren arabera egingo dira hautesle-erroldak. Errolda horietan, ordena alfabetikoaren arabera azalduko dira hautesleak udalerrika.
5. artikulua.– Baldintzak.
1.– Hautesle-erroldetan agertu ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira:
a) Agindu hau indarrean sartzen denean, Kontseilu Arautzailearen erregistroetan inskribaturik egotea.
b) Kontseilu Arautzaileko kuota guztiak ordainduta eta ekarpenak egina izatea.
c) Eskubide zibilez baliatzeko desgaiturik ez egotea.
2.– Kontseilu Arautzaileko erregistroetan adierazitako pertsona joko da eskubidearen titulartzat.
6. artikulua.– Erroldak jendaurrean jartzea.
1.– Kontseilu Arautzaileak Hauteskunde Batzordeari bidaliko dizkio hautesle-erroldak, baita jendaurrean jartzeko behar den beste ale bidali ere. Hauteskunde Batzordeak, bestalde, bidezkotzat jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ondoren, bete beharreko eginbideak beteko ditu hautesle-erroldak bideratzeko, betiere, Batzordeko idazkariaren izenpearekin eta batzordeburuaren oniritziarekin. Batzordeak Kontseilu Arautzailearen egoitzan, Gipuzkoako nekazaritzako eskualde-bulegoetan eta elikagaien kalitate-bereizgarrien arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzan jarriko ditu erroldak jendaurrean.
2.– I. eranskinean zehaztutako egunetan aurkeztuko dira erroldei buruzko erreklamazioak nahiz errekurtsoak.
3.– Bi erroldetan, hots, ekoizleen (Mahastien Erregistroa) eta elaboratzaileen (Ardogintzan eta Botilatzen diharduten Upeltegien Erregistroa) hautesle-erroldetan inskribatuta dauden titularrek bi erroldetarako botoa eman ahal izango dute.
III. KAPITULUA
KONTSEILU ARAUTZAILEKO KIDE IZATEKO HAUTAGAITZAK AURKEZTEA
7. artikulua.– Hautagaien betekizunak.
1.– Kontseilu Arautzailean aipatu sektore horietako ordezkari izango diren pertsonak hautatzeko asmoz osatuko dira hautesle hautagarrien erroldak. Hautesleek, beren aldetik, ezin dute Agindu hau argitaratu aurreko urtean zigor oso larririk izan Jatorrizko Deituraren Arautegian araututako gaietako batean ere ez.
2.– Hautagai-zerrenda irekiak erabiliko dira errolda bakoitzaren kontseilukideak eta ordezkoak hautatzeko.
3.– Hauteskunde Batzordeari aurkeztu behar zaizkio talde bakoitza ordezkatuko duten kontseilukideak aukeratzeko hautagai-zerrendak. Horretarako, aldarrikapen-eskabidea aurkeztu behar da I. eranskinean zehaztutako epean.
4.– Inork, ez norberaren izenean ez besteren baten izenean, ezingo du kidetza bat baino gehiago izan Kontseiluan.
8. artikulua.– Hautagaiak proposatzea.
1.– Nekazaritzako erakundeek, lanbide-elkarteek eta independenteek aurkez ditzakete hautagai-zerrendak; baina, azpi-erroldako hautesleen ehuneko hogeiren (% 20) babesa beharko dute betiere.
2.– 4 pertsonaren izenak jasoko dira hautagai-zerrendetan: dagokion sektoreko kontseilukide izango diren bi eta horien ordezko izango diren beste bi.
3.– Erakunde edo lanbide-elkarte batek berak ere ezin izango du hautagai-zerrenda bat baino gehiago aurkeztu errolda bakoitzeko. Hautagaien zerrendak aurkeztean, ezin izango da erabili alderdi politikoen ikur edo bereizgarririk.
4.– Baldin eta nekazaritzako erakunde edo lanbide-elkarte bat beste handiago batean sarturik badago, ezin izango du hautagai-zerrendarik aurkeztu, handiago horrek aurkeztuz gero.
5.– Nekazaritzako erakundeek edo lanbide-elkarteek hautagai-zerrendarik aurkeztuz gero, haien estatutuen arabera ordezkari direnek izenpetu beharko dituzte zerrendok. Gainerako hautagai-zerrenden kasuan, sustatzaileek aurkeztu beharko dituzte.
6.– Zerrendak hautesleek aurkeztuz gero, izenpetzaileen nortasuna egiaztatuko zaio Hauteskunde Batzordeari. Orduan, proposatutakoak eta atxikimendua adierazi dutenak dagozkien erroldetan azaltzen diren egiaztatuko du Batzordeak.
7.– Hauteskunde Batzordeari aurkeztuko zaizkio zerrendok, honako datu hauek argi azalduko direlarik:
a) Proposamena egiten duen erakundearen edo elkartearen izena eta hautagai-zerrendarena.
b) Sartutako hautagaien izen-abizenak.
c) Zerrenda bakoitzeko hautagaien eta ordezkoen hurrenkera.
Hautagaitzak zer egun eta zer ordutan aurkeztu diren zehaztuko du Hauteskunde Batzordeko idazkariak izapideak egitean, eta hautagaitzak jaso izanaren agiria egingo du.
8.– Hautagarri izateko baldintzak bete behar dituzte hautagaiek eta, horrez gain, zerrenda onartzen dutelako adierazpena izenpetu behar dute, adierazpen hori zerrendarekin batera aurkeztu behar baita.
9.– Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrendak onartzeko, ezinbestekoa izango da zerrenda bakoitzak ordezkari bat izendatzea, jakinarazpenak berari bidaltzeko. Ordezkari horrek ez du zertan hautagai izan. Zerrenda aurkezten denean, ordezkariaren helbidea adieraziko zaio Hauteskunde Batzordeko idazkariari, aurrerantzean jakinarazpenak ordezkari horri bidaltzeko.
9. artikulua.– Hautagaitzak aldarrikatzea.
1.– Agindu honen I. eranskinean jasotakoaren arabera, hautagaiak aurkezteko epea bukatzen denean, hautagaien zerrendak irmoak izango dira, eta Hauteskunde Batzordeak hala aldarrikatuko ditu. Batzordeak, halaber, bere kabuz edo erreklamazioren batek eraginda, bazter utziko ditu hautagarritasun-baldintzak hausten dituzten hautagai-zerrendak edota aurkezteko nahiz aldarrikatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituztenak.
2.– Hautagai-zerrendak aldarrikatutakoan, Hauteskunde Batzordeak jendaurrean jarriko ditu, 6.1. artikuluan hautesle-erroldak ikusgai jartzeko adierazitako tokietan.
3.– Hautagai-zerrendak aldarrikatu eta jendaurrean jarri ondoren, haien aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio elikagaien kalitate-bereizgarrien arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari, beti ere I. eranskineko epeen arabera.
4.– Erroldaren batean hautagai-zerrenda bakarra aurkezten bada, Hauteskunde Batzordeak –aurreko paragrafoan aipatutako errekurtsoak ebatzitakoan, halakorik egonez gero– zerrenda horretako hautagaiak aldarrikatuko ditu kide eta ordezko moduan, bozketarik egin gabe. Errolda guztietan hautagai-zerrenda bakarra aurkeztu bada eta bozketarik egin gabe esleitu badira kideak, kideak karguaz jabetuko dira eta kontseiluko lehendakaria nahiz lehendakari ordea aukeratuko dira, horretarako zehazten den egunean.
IV. KAPITULUA
HAUTESKUNDE-MAHAIA ERATZEA, BOZKATZEA ETA BOTOAK ZENBATZEA
10. artikulua.– Hauteskunde Mahaia.
1.– Hauteskunde Mahaiaren zereginak hauek dira: bozketaren buru jardutea, botoak zenbatzea eta bozketaren garbitasuna zaintzea.
2.– Hauteskunde Batzordeak izendatutako mahaiburu batek eta bi mahaikidek osatuko dute Hauteskunde Mahaia. Agindu honetako I. eranskinean azaltzen den egunean, zozketaren bidez hautatuko dira karguok hautesleen artetik. Jardunbide bera erabiliz, mahaiburuaren eta mahaikideen bina ordezko izendatuko dira.
Kontseilukide edo haren ordezko izateko hautagaiak ezin izango dira Hauteskunde Mahaiko kide izan.
3.– Ikuskatzaileak izenda ditzakete hautagai-zerrendek (Hauteskunde Batzordeari jakinaraziko diote), bozketa eta boto-zenbaketa ikus ditzaten eta Hauteskunde Mahaian parte har dezaten.
11. artikulua.– Hauteskunde Mahaiaren osaera.
1.– Hauteskunde Mahaiko kideek nahitaez aritu behar dute. Mahaikideak izendatu ondoren, jakinaren gainean jarriko dira interesdunak, eta horiek, izendapena ez onartzeko arrazoirik izanez gero, delako arrazoi hori azaldu eta agiri bidez frogatu behar izango dute I. eranskinean ezarritako epearen barruan. Hauteskunde Batzordeak, horrelakoetan, ebazpena emango du, eta ezingo zaio errekurtsorik jarri.
2.– Mahaian egotea galarazten duen arrazoia geroago sortzen bada, berehala ohartaraziko da, eta beti Mahaia eratu aurretik. Horrelako kasuetan ere, Batzordeak berehala emango du ebazpena.
3.– Mahaia osatzeko behar diren kide guztiak agertzen ez badira, agertutako kideek hala jakinaraziko diote Hauteskunde Batzordeari; Batzordeak, bere aldetik, hauteskundeak eta boto-zenbaketa ondo egingo direla bermatzeko asmoz, egokitzat jotzen dituen pertsonak izendatu ahal izango ditu askatasun osoz.
12. artikulua.– Hauteskunde Mahaia eratzea.
1.– Bozketa-egunean, mahaiburua eta mahaikideak, bai eta horien ordezkoak ere, 09:00etan bilduko dira Kontseilu Arautzailearen egoitzan, bozketa egingo den tokian, alegia.
2.– Mahaiburua ez baldin bada agertu, haren lehenengo ordezkoak beteko ditu mahaiburuaren funtzioak; eta hura agertu ez bada, bigarren ordezkoak beteko ditu. Mahaiburuaren bigarren ordezkoa agertu ez bada, mahaiburuaren lehenengo eta bigarren ondokoak izango dira, hurrenez hurren, mahaiburu. Mahaiburu aritzen diren edota bilerara agertu ez diren ondokoen lekuan haien ordezkoak arituko dira.
3.– Mahaiburua eta haren bi ondoko ez badaude ezin izango da, inola ere ez, Hauteskunde Mahaia eratu.
4.– Bozketa-eguneko 09:30ean, mahaiaren eraketako akta egingo du mahaiburuak, eta berak, mahaikideek nahiz, egotekotan, ikuskatzaileek izenpetuko dute.
5.– Hauteskunde Mahaia zer pertsonak osatu duten zehaztuko da, nahitaez, aktan. Ikuskatzailerik egonez gero, haien izenak eta ordezkatzen duten hautagaitza adierazi beharko da ere.
6.– Mahaiburuak erabateko ahalmena izango du aretoaren barruan ordena zaintzeko, hautesleen askatasuna bermatzeko, eta legeak betetzeko.
13. artikulua.– Agiriak.
1.– Hauteskunde Mahaiak honako agiri hauek bete eta Hauteskunde Batzordeari bidali beharko dizkio:
– Mahaiaren eratze-akta.
– Ikuskatzaileen zerrenda.
– Boto-zenbaketaren akta.
2.– Zerrenden ordezkariek, hautagai-zerrendetako kideek edo mahaiko ikuskatzaileek eskatuz gero, Hauteskunde Mahaiak boto-zenbaketaren aktaren ziurtagiriak egingo ditu.
3.– Boto-paperak eta gutun-azalak emango dizkio Hauteskunde Batzordeak Hauteskunde Mahaiari. Mahaiburuak, bere aldetik, horiek jaso izanaren agiria izenpetu eta Batzordeari emango dio. Era berean, erroldatan zenbat hautetsi inskribaturik egon, hainbat boto-paper eta gutun-azal emango zaizkie hautagaitzen ordezkariei.
4.– Hauteskunde Batzordeak zehaztutako koloreetan egingo dira boto-paperak eta gutun-azalak. Horien ezaugarriak, bidenabar, II. eranskinean adierazita daude.
14. artikulua.– Botoa emateko eskubidea.
1.– Botoa emateko eskubidea izateko, hautesleek erroldako zerrenda ziurtatuan inskribaturik egon behar dute, eta nortasun-agiri nazionalaren edota pasaportearen bidez beren nortasuna frogatu.
2.– Mahastien erroldari dagokionez (ekoizleak), Agindu honek ondorioak sortzen dituen egunean Deituraren Erregistroan zenbat mahasti-hektarea inskribaturik ukan, hainbat boto izango ditu hautesle bakoitzak, eta botoen kopurua ez da biribilduko. Hektarea bat ere inskribaturik ez duten ekoizleei boto bat emango zaie.
3.– Ardogile eta botilatzaileen erroldari dagokionez, hautesle bakoitzak boto bat izango du hauteskunde-urtearen aurreko uztan Kontseilu Arautzaileari deklaratutako 100 hektolitroko, eta kopuru hori ez da biribilduko. Ardogintzako azken kanpainan deklaratutako hektolitroak hartuko dira kontuan ardogileei boto-kopuru bat ala beste egokitzeko.
15. artikulua.– Bozketa.
1.– Mahaiaren eraketako akta egindakoan, 10:00etan hasiko da bozketa, eta 15:00:00ak arte iraungo du, etenik gabe.
2.– Ezinbesteko arrazoia beharko da bozketa ez hasteko, eta hasita badago, bertan behera uzteko; horren erantzulea mahaiburua izango da. Mahaiburuak, idazki arrazoituaren bidez, horri buruzko ebazpena emango du. Idazki hori berehala bidaliko zaio Hauteskunde Batzordeari, azaldutako arrazoiak azter ditzan eta, bidezkoa bada, erantzukizunak eska ditzan. Mahaiburuak edukiko du aipatu idazkiaren kopia.
3.– Bozketa bertan behera geratuz gero, ordura arte emandako botoak ez dira kontuan hartuko, ez eta zenbatuko ere. Mahaiburuak hautestontzietako boto-paperak suntsitzeko aginduko du, eta horrela jasoko da aurreko paragrafoan aipaturiko idazkian.
4.– Ez bozketa-tokian, ez inguruetan, ezin izango da ezelako propagandarik egin inolako hautagai-zerrendaren alde.
5.– Bozketa egiten den lekuan, hots, Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailearen egoitzan, bi hautestontzi jarriko dira: hautestontzi bat, Mahastien Erregistroaren Erroldan inskribatutako pertsonen botoak jasotzeko; eta, beste bat, Ardogintzan eta Botilatzen diharduten Upeltegien Erregistroan inskribatutako pertsonen botoak biltzeko.
6.– Pertsonala eta isilpekoa izango da bozketa. Mahaiburuak emango dio hasiera bozketari, honako hitz hauek esanez: «bozketa hasi da». Hautesleak banan-banan gerturatuko dira mahaira. Ondokoek eta ikuskatzaileek, beren aldetik, hauteskunde-erroldan boto-emailearen izena jasota dagoela egiaztatuko dute; nortasun agiria edo pasaportea eskatuko diote, eta botoa ematera agertu dela idatziko dute. Orduan, boto-papera eskura emango dio hautesleak mahaiburuari, dagokion koloreko gutun-azalean sartuta. Dagokion hauteslearen izena adierazita, «hautesle honek botoa eman du» esango du mahaiburuak, eta egoki den hautestontzian sartuko du boto-papera.
7.– 15:00etan bozketa bukatuko dela iragarriko du mahaiburuak, eta ez dio inori sartzen utziko bozketa-tokira. Bozketa-tokian hauteslerik geratuz gero, mahaiburuak galdetuko du ea baten bat botoa eman gabe dagoen eta, horrela izanez gero, bozketa-tokiaren barruan dauden horien botoak onartuko ditu.
Ondoren, mahaiburuak, mahaikideek eta -horrelakorik egonez gero– ikuskatzaileek emango dute botoa. Eta haiek guztiek izenpetuko dituzte aktak.
8.– Mahaiburuak bildutako boto-paperen kopuruak, gutxien-gutxienez, hautesle-kopurua bi halako izan behar du.
9.– Kontseilu Arautzailearen barruko errolda bakoitzari kontseilukide-kopuru jakin bat dagokio, eta, gehienez ere, beste horrenbeste hautagairi eman ahal izango zaio botoa eredu ofizialeko boto-paperen bidez. Hortaz, hortik gorako boto-kopurua dakarten boto-paperak baliorik gabe utziko dira.
16. artikulua.– Zenbaketa.
1.– Bozketa bukatutakoan, mahaiburuak bozketa itxita dagoela adieraziko du eta botoak zenbatzeari ekingo zaio. Horretarako, banan-banan aterako dira boto-paperak hautestontzitik, eta ozenki irakurriko dira aukeratutako hautagaien izenak. Boto-paper bakoitzean jartzen duena ozen esan aurretik, ondokoei eta ikuskatzaileei irakurriko die mahaiburuak. Azkenik, boto-paperen kopurua eta notatutako boto-emaileena bat datozela egiaztatuko da.
2.– Baliogabeko botoak hauek izango dira:
a) Ofiziala ez den boto-paperean emandako botoa.
b) Edozein arrazoi dela eta, aukeratutako hautagaia argi zehazten ez dutenak, edo erroldari dagokion kontseilukide-kopurutik gorako boto-kopurua dakartenak.
3.– Ezein hautagairen aldeko aukerarik adierazten ez duten boto-paperak hartuko dira boto zuritzat.
4.– Goiko jarraibideen arabera botoak zenbatuta, mahaiburuak galdetuko du proposamenik ote dagoen boto-zenbaketaren aurka. Proposamenik egin ez bada, edo egindakoak Mahaiko kideen gehiengoz ebatzi badira, mahaiburuak ozenki adieraziko du bozketaren emaitza: boto-emaileen kopurua, boto-paper baliodunena, baliogabeko boto-paperena, boto zuriena eta hautagai bakoitzak lortutako botoena.
5.– Bertaratutako guztien aurrean apurtuko dira hautestontzietatik ateratako boto-paperak. Hala ere, baliogabeko bototzat jotakoak edo erreklamazioren bat izan dutenak gorde egingo dira, beti ere mahaiko kide guztiek izenpetuta eta bozketako aktari erantsita.
6.– Zeregin guztiak amaituta, mahaiburuak, mahaikideek eta ikuskatzaileek (ikuskatzailerik badago) bozketako akta izenpetuko dute. Akta horretan honako hauek zehaztu beharko dira: erroldaren araberako hautesle-kopurua, botoa eman duten hautesleen kopurua, boto-paper baliodunena, baliogabekoena, boto zuriena eta aurkeztutako hautagai bakoitzak lortutako botoena. Horrekin guztiarekin batera, ondoko hauek azalduko dira laburki: egindako erreklamazioak edo protestak, mahaiak emandako ebazpenak eta gertatutako gorabeherak (halakorik egonez gero), beti ere gorabehera horiek sorrarazi dituztenen izen-abizenak adierazita (III. eranskina, boto-zenbaketako akta-eredua).
7.– Jarraian, emaitzen ziurtagiria egingo da eta bozketa-egoitzako leku ageri batean jarriko da. Boto-zenbaketako jatorrizko akta Hauteskunde Batzordeari igorriko zaio, bai eta bozketaren eraketa-akta, eta baliogabeko boto-paperak nahiz erreklamaziorik izan dutenak ere.
V. KAPITULUA
KONTSEILUKIDE HAUTETSI TITULAR NAHIZ ORDEZKOAK IZENDATZEA, ETA KONTSEILU ARAUTZAILEKO PRESIDENTEA NAHIZ PRESIDENTEORDEA BOZKATZEKO PROZEDURA
17.– Hautatutako kontseilukide titular eta ordezkoak izendatzea.
1.– Hauteskunde Mahaiaren hauteskunde-aktak jaso ondoren, Hauteskunde Batzordeak kontseilukide-karguak esleituko ditu, ondoko irizpide hauen arabera:
a) Errolda bakoitzean boto gehien lortu dituzten hautagaiak kontseilukide izango dira; eta ordezkoen postuak boto-paperetan ordezko agertzen direnei esleituko zaizkie.
b) Berdinketarik egonez gero, zozketaren bidez esleituko dira karguak.
2.– Karguak esleitu ondoren, Hauteskunde Batzordeak -batzordeburuaren bitartez– Kontseilu Arautzaileko kide hautatuak izendatuko ditu, 12.3 artikuluan aurreikusitako aukera baztertu gabe.
3.– I. eranskinean ezarritako egunetan aurkeztuko dira kontseilukideak izendatzeari buruzko errekurtsoak.
4.– Behin kontseilukideak izendatu ondoren, hautetsi-agiriak bidaliko zaizkie kontseilukide hautetsiei, betiere, I. eranskinean xedatutako egunetan.
18. artikulua.– Kontseilu Arautzaileko lehendakaria eta lehendakariordea hautatzeko bidea.
1.– Hauteskunde-egutegian zehaztutako egunean (I. eranskina), Kontseilu Arautzaileak osoko bilkura egingo du, eta, horretan, hautatutako kontseilukideak eta nekazaritzaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren titularrak zein Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatutakoak karguaz jabetuko dira.
2.– Segidan, eta bilkura berean, kontseiluburua hautatuko dute kontseilukideek Osoko Bilkurako kide hautetsien gehiengo soilez. Kontseilukide horietakoren bat ala beste pertsonaren bat hauta daiteke kargurako. Horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailari hark izenda dezan. Hautagaiek zenbat boto jaso duten zehaztuko da.
3.– Kontseilukideetako bat kontseiluburu hautatuz gero, haren kontseilukide-postua ez da beteko. Hortaz, paritatea zaintze aldera, kontseiluburuak ez du kalitatezko botorik izango.
lehenengo XEDAPEN GEHIGARRA
Agindu hau aplikatzean suerta daitezkeen zalantzak argitzeko, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak xedatutakoari jarraituko zaio.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Baldin eta ordezkatzen duen enpresarekiko lotura hausten badu arau honek xedatu legez hautatutako pertsonetako batek kontseilukide hautetsien agintaldiko lau urteetan barrena, edo uzten badio hautagai proposatu duen erakundekoa izateari, orduan baja hartuko du kontseilukide moduan eta dagokion ordezkoak hartuko du haren lekua. Irizpide hori bera erabiliko da, baita ere, a) berak zuzenean edota haren enpresak edo sozietateak jatorrizko deituren arloko arau-hauste larria egin badute eta, ondorioz, Kontseilu Arautzaileak kontseilukideren bat bere eginkizunetatik baztertu badu zigor moduan agintaldian barrena; edo b) agintaldian zehar hiltzen bada, edo ordezkatutako enpresa edo sozietatea amaitzen bada.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahalko dute nekazaritzaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuaren aurrean. Horretarako hilabeteko epea izango da argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean. Kasu horretan, epea bi hilabetekoa izango da argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera izango du eragina agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 21a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.