EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-04-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2016078

AGINDUA, 2016ko martxoaren 23koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzen aurrekontu-zuzkidura jakinarazteko dena.

Xedapenaren data: 2016-03-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201601749
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2002/08/07an argitaratutako 2002/07/16ko 200200176 DEKRETUA
  • Ikus 2006/12/27an argitaratutako 2006/12/19ko 200600255 DEKRETUA
  • Ikus 2015/03/30rean argitaratutako 2015/03/17ko 201500030 DEKRETUA

Familiei Laguntzekoa den abenduaren 12ko 13/2008 Legearen helburua hau da: familia-politika egiteko esparrua eta horren oinarriak zehaztea; politika horrek integrala izan behar du, eta familiaren eta familiako kideen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzera egon behar du zuzendurik. Horretarako, haren II. tituluaren I. kapituluan adierazi du zer-nolako diru-laguntzak izango diren ardurapean seme-alabak dituzten familiei laguntzeko, eta 8. artikuluan eskubide subjektibo bihurtu ditu, eskakizunak betez gero.
2015eko martxoaren 17an, Gobernu Kontseiluak 30/2015 Dekretua onartu zuen, zeinaren bidez arautzen baitira ardurapean seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak, eta 2015eko apirilaren 1ean jarri zen indarrean. Arau horrek jarraipena eman zion 2002an hasitako beste laguntza-programa bati, seme-alabak dituzten familiei laguntzeko, Seme-alabak dituzten Familiak Laguntzeko Erakundearteko I. Planaren esparruan (2001-2005). Halaber, abenduaren 19ko 255/2006 Dekretua indargabetu zuen, zeinaren bitartez arautu ziren seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak; horrenbestez, xedapen iragankorretan xedatutakoaren arabera, hainbat egoera kudeatzeko, erreparatu egingo zaie bai uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuari, bertan baitaude araututa seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak, bai 255/2006 Dekretuari.
Administrazio publikoaren diru-laguntzak banatzerakoan jarraitu beharrekoa den Publikotasun-printzipioa bermatzeko, 30/2015 Dekretuaren 30.2 artikuluan xedatuta dago familia-politikaren eskumena duen sailak urtero emango duela, sailburuaren agindu baten bidez, dekretu horretan aurreikusten diren laguntzak finantzatzeko dagoen aurrekontu-zuzkiduraren berri edo, hala badagokio, eguneratzeak ematen duen zenbatekoaren berri. 176/2002 Dekretuaren 6.3 artikuluan eta 255/2006 Dekretuaren 27.4 artikuluan ere bazegoen jasota esleitutako aurrekontu-zuzkiduraren berri eman beharra; hala ere, behar den agindua emateko eskumena Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuari ematen zitzaion.
Alde horretatik, beharrezkoa ere bada agindu hori EHAAn argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.2 artikuluan agindutakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1979 Legegintzako Dekretuak onartu zuen lege hori–. Izan ere, hor dago xedatuta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko direla jarraitu beharreko arauak, laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak eta, halakorik badago, laguntza emateko proposamena egiten duen organoaren osaera; halaber, interesdunentzat garrantzitsuak diren egintzak ere argitaratuko dira, baldin eta modu orokorrean eragiten badiete.
Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 15. artikuluaren c) letrak xedatzen du familia-politikaren gaian ekimen zuzena duten prestazioen eta jardueren kudeaketa, Familiei Laguntzekoa den abenduaren 12ko 13/2008 Legearen arabera, Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzari esleituriko funtzioa dela, eta hori, dekretu horren 13.2 artikuluak xedatzen duenez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren mendekoa da.
Adierazitako guztiaren ondorioz, 30/2015 Dekretuan familia-politikaren eskumena duen saila aipatzen denean eta 176/2002 eta 255/2006 dekretuetan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila aipatzen denean, ulertu behar da Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila dela gaur egun; beraz, agindu hau emateko eskumena sail horretako sailburuari dagokio.
Beraz, EHAAn argitaratuta, bermatu egiten da interesdun izan daitezkeen guztiek dutela diru-laguntzen programa honen berri.
Hori dela eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.2 artikulua, martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuaren 30.2 artikulua, abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren 27.4 artikulua eta uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuaren 6.3 artikuluan agindutakoari jarraituz, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– 1.– Seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan aurreikusten diren diru-laguntza lerroak betetzeko, guztira 25.648.957,00 euro bideratuko dira gehienez.
2.– Seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren esparruan diruz laguntzeko modukotzat hartutako egoeretarako, guztira 1.831.357,00 euro bideratuko dira gehienez.
3.– Seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen uztailare 16ko 176/2002 Dekretua betearazteko eman behar diren diru-laguntzetarako, guztira 91.500,00 euro bideratuko dira gehienez.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Hasierako aurrekontu-kontsignazioa eguneratuz gero, uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuarekin, abenduaren 119ko 255/2006 Dekretuarekin eta martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuarekin bat (12.1, 27.1 eta 30.1 artikuluekin, hurrenez hurren), horren berri emango da Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du; haren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hileko epean, aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izano ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 23a.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.