EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2016088

EBAZPENA, 2016ko apirilaren 7koa, Industriako sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita diru-laguntzak emateko deialdia, honako agindu honetan ezarritako markoaren barruan: Agindua, 2016ko ekitaldiari dagokionez, Kanpo Ezarpenetarako Gauzatu Programa arautzen duena, Euskadiko enpresak kanpoan sortu, ezarri eta garatzea bultzatzeko.

Xedapenaren data: 2016-04-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201601982
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/05/09an argitaratutako 2016/04/06ko AGINDUA [201601934]

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko apirilaren 16ko Aginduaren bidez, aratu egiten da Kanpo Ezarpenetarako Gauzatu Programa, hau da, Euskadiko enpresak kanpoan sortu, ezarri eta garatzea bultzatzeko dena (2016ko maiatzaren 9ko EHAA, 86. zenbakia).
Aipatutako aginduaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, han ezartzen diren laguntzetarako deialdia, 2016ko ekitaldirakoa, egin behar da, eta horretarako eman beharreko arau guztiak eman.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Helburua eta diru-zuzkidura.
1.– 2016ko ekitaldiari dagokionez eta aurrerakin itzulgarrien eran, ebazpen honen helburua da ondoko aginduan aurreikusi laguntzerako deialdia egitea: Agindua, Kanpo Ezarpenetarako Gauzatu Programa arautzen duena, Euskadiko enpresak kanpoan sortu, ezarri eta garatzea bultzatzeko.
2.– Laguntza hauek jaso ahal izateko, eskabidea aurkeztu baino lehen eginda izan beharko dira hauek: enpresa berrien eraketa, lehendik direnetan partaidetzak eskuratzea, eta zabalkuntzak.
Era berean, eskabidea zein deialditan aurkezten den, harexetan hasi beharko dira diruz lagunduko diren inbertsioak; edozelan ere, eskabidea aurkeztu ostean.
3.– Xede horretarako, guztira, 5.000.000,00 euro bideratuko dira; betiere, abenduaren 23ko 9/2015 Legeak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan –2016ko ekitaldirakoetan– hartarako ezarritako aurrekontu-kredituen kargura.
2. artikulua.– Baldintzak.
Jarraian zehaztu aginduan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, erakunde eskatzaileek konplitu egin beharko dituzte erreferentziako aginduko 3. artikuluan ezarritako betekizunak, eta ez dute egon beharko 4. artikuluan zehaztu baztertze-kasuren baten: Agindua, Kanpo Ezarpenetarako Gauzatu Programa arautzen duena, Euskadiko enpresak kanpoan sortu, ezarri eta garatzea bultzatzeko.
3. artikulua.– Eskabideak eta epea.
1.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Nazioartekotze Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edota sail horren lurralde-bulegoetan aurkeztu beharko dituzte eskatzaileek eskabideak eta gainontzeko dokumentazioa, hain justu ere, zuzenean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako eraren batean.
2.– Eskabideren, erantzukizunpeko adierazpenaren eta justifikazioaren eredu normalizatuak, eranskinean jasotzen direnak, Interneteko helbide honetan www.euskadi.eus bete eta/edo deskarga daitezke.
4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, 09:00etan; amaitu, berriz, 2016ko ekainaren 20ko 12:00etan amaituko da.
XEDAPEN GEHIGARRIA
13. artikuluan (eskabideak aztertzeari buruzkoan) zehaztu Balorazio Batzordeak osaera hauxe izango du:
Lehendakaria: Nazioartekotzeko zuzendaria, Ainhoa Ordarzabal Izaguirre.
Batzordekideak:
– SPRIko Nazioartekotzeko zuzendaria, Miren Madinabeitia.
– SPRIko Enpresa Garapenerako Ataleko zuzendaria, Iñaki Tellechea.
– SPRIko Ekintzailetzako eta Ekonomiaren Garapenerako arduraduna, Imanol Cuétara.
– Industria Sailburuordetzako teknikaria, Raquel Gutiérrez Martínez.
– Industria Sailburuordetzako teknikaria, idazkari gisa jardungo duena, Isabel Rodríguez Ruiz.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.
Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 7a.
Industriako sailburuordea,
JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.