EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2016089

AGINDUA, 2016ko apirilaren 26koa, Osasuneko sailburuarena, EAEko haurren 2016ko txertaketa-egutegiari buruzkoa.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2016-04-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201602004
Maila: Agindua
Uztailaren 21eko 147/2015 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistemako pertsonen eskubideen eta betebeharren adierazpena onartzekoa– aitortzen du Osasuna sustatzeko eta gaixotasunari aurrea hartzeko eskubidea: ingurune osasungarriak egokitzea, ohitura osasungarrietan heztea, txertoak jartzea, diagnostiko goiztiarra egitea eta arrisku-faktoreak kontrolatzea.
Orobat, haurrei eta nerabeei lotutako osasun-laguntza espezifikoari dagokionez, osasun-agintaritzak proposatutako txertaketa-egutegian jasotako gaixotasun infektakutsagarrien aurka immunizatzeko eskubidea aitortzen zaie haurrei eta nerabeei.
Irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren bidez ezartzen da Osasun Sistema Nazionaleko ohiko zerbitzu komunen zorroa eta berau eguneratzeko prozedura; errege-dekretu horretan, txertaketa-egutegi horri dagokionez, lehen mailako atentzioko zerbitzu komunen zorroari buruzkoa den II. eranskineko jarduera prebentiboen artean aurreikusten dira, batetik, adin-talde guztien, eta hala dagokionean, arrisku-taldeen txertaketa, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak eta eskumeneko osasun-administrazioek indarreko txertaketa-egutegiaren arabera onartuak, eta, bestetik, epidemiologikoki hala aholkatzen duten egoerak tarteko, herritar guztientzat edo arrisku-taldeentzat liratekeen txertoak.
Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak 1995ean onartu zuen lehen aldiz haurren txertaketa-egutegia, eta, ordutik, hainbat aldiz eguneratu da, urtero; azken aldaketa, adin pediatrikoan barizelaren aurkako txertoa sartzea izan da.
Txertaketen Aholku Batzordeari entzun eta gero, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-agintaritzak bertako txertaketa-jarraibideak zehaztu ditu, ekitaldi bakoitzerako, eta baita egutegian barne hartutako txertoak emateko adinak ere.
Txerto horiek guztiak eta horiek emateko ahokatutako datak –haurren txertaketa-egutegia– zein diren jakinarazten zaie osasunzain guztiei, aurretik ezarritako jarraibideen eta prozeduren arabera, erizaintzako langileek eman ditzaten.
Aipatu haurren txertaketa-egutegia, txerto horiek emateko protokolo eta prozedurekin batera, herritar guztientzat eskuragarri dago Osasun Sailaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren web-orrietan, herritarrek gardentasun handiagoa eta informazio gehiago izan dezaten; hala, Osasun Sailak uste du egutegi hori formalki eguneratzea eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea onuragarri dela bai egutegia bera zabaltzeko eta bai txertoak ematea ohiko bihurtzeko.
Hori guztia kontuan hartuta, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluetan xedatuarekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskadiko haurren txertaketa-egutegiaren eguneraketa argitaratzea, agindu honen eranskinean datorren bezala.
Bigarrena.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariari ahalmena ematen zaio jarraibide zehatzak emateko agindu hau zabal dadin osasuneko profesionalen artean eta, oro har, herritarren artean.
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 26a.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.