EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2016095

75/2016 DEKRETUA, maiatzaren 17koa, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluarena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren zenbakia: 201600075
Xedapenaren data: 2016-05-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201602119
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2008/07/01ean argitaratutako 2008/06/19ko 200800004 LEGEA garatzen du
  • 2010/03/10rean argitaratutako 2010/02/23ko 201000055 DEKRETUA indargabetzen du

Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteari buruzko ekainaren 19ko 4/2008 Legeak sortu zuen Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua, zeinaren xedea baita terrorismoaren biktimen partaidetza bideratzea haiei eragiten dieten gai guztietan, bai eta administrazio publikoei arlo honetako politika zehatzak abiaraz ditzatela proposatzea ere.
Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren otsailaren 23ko 55/2010 Dekretuak arautu zituen kontseilu horren osaera, izendatzeko sistema, funtzionamendu-araubidea eta eginkizunak.
Kontseilua jardunean hasi zenetik 5 urte igaro direnez, bidezkoa da kontseilu horren izaera eta eginkizunak egokitzea gizartearen eta politikaren testuinguruari eta biktimen politikaren garapenari, eta kontseiluaren jarduera-eremua hedatzea biktimen politika guztietara –orain arte laguntza-politiketara mugatu bada ere–, lagungarri izan dadin bizikidetza erdietsi eta biktimak eta gizartea elkartzeko.
Bestalde, egokitzat jotzen da kontseiluaren osaera aldatzea, biktimek eta horien elkarteek partaidetza zabalagoa eta askotarikoa izan dezaten, baita kontseiluaren funtzionamendu-araubidea erraztea ere. Hori guztia, Euskadiko Demokraziaren eta Herritarren Partaidetzaren Liburu Zurian jasotako printzipio eta balioekin bat etorrita.
Horren ondorioz, Lehendakariak proposatuta, behar diren txostenak eman ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2016ko maiatzaren 17an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Dekretuaren xedea.
Dekretu honen helburua da Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren osaera, izendapen-sistema, funtzionamendu-araubidea eta eginkizunak arautzea.
2. artikulua.– Izaera.
Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua kide anitzeko organo bat da, eta haren helburua terrorismoaren biktimen arloan gauzatzen diren politika publikoetan partaidetza, lankidetza eta aholkularitza eskaintzea da.
3. artikulua.– Atxikipena eta egoitza.
Terrorismoaren biktimei laguntza eskaintzeko arloan eskumena duen organoa txertatzen den sailari atxikita dago Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua, nahiz eta ez dagoen haren egitura organikoan txertatuta. Sail horrek Vitoria-Gasteizen dituen bulegoetan izango du egoitza. Batzarrak, hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein tokitan egin ahal izango ditu.
4. artikulua.– Eginkizunak.
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak izaera orokorrarekin ematen dituen xedapen-proiektuen berri izan, betiere terrorismoaren biktimen arloko politika publikoei eragiten badiete.
b) Terrorismoaren biktimen elkarteen eta euskal administrazio publikoen arteko harremanak bideratu, terrorismoaren biktimen kolektiboari eragiten dion arlo orotan.
c) Terrorismoaren biktimen arloan jardun ohi duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak eta diru-laguntzak banatzeko irizpideak proposatu Eusko Jaurlaritzari.
d) Bidezkotzat jotako ekimen eta proposamenak aurkeztu EAEko administrazio publikoei, terrorismoaren biktimentzako politika publikoetan aurrera egin eta hobetze aldera.
e) Parte hartzeko bideak sortu, terrorismoaren biktimei era pertsonalizatuan aditzeko, kasu egiteko, laguntzeko eta aholku emateko, eta haiek era bateko eta besteko pentsaerak izanik egiten dituzten iradokizunak integratzeko eta haien erreklamazioak bideratzeko.
f) Indarreko legeek egotzitako gainerakoak.
5. artikulua.– Osaera.
1.– Honako hauek izango dira Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko kideak, kontseiluburuaz gain:
a) Administrazio publikoen aldetik:
– Eusko Jaurlaritzan terrorismoaren biktimei laguntzeko eskumena duen idazkari nagusia edo sailburuordea.
– Eusko Jaurlaritzan terrorismoaren biktimei laguntzeko eskumena duen zuzendaria.
– Eusko Jaurlaritzan terrorismoaren biktimei laguntzeko eskumena duen zuzendaritzaren ordezkari bat, kontseiluko idazkaria ere izango dena.
– Eusko Jaurlaritzan hezkuntza-arloan eskumena duen saileko zuzendari bat.
– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.
– EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen edo udalen ordezkaritza nagusia duen elkartearen bi ordezkari.
b) Gizarte zibilaren aldetik:
– Bost lagun, Euskadiko Autonomi Erkidegoan elkarte egoitza edo ordezkaritza duten terrorismoaren biktimen elkarteak ordezkatzeko.
– Lagun bat, terrorismoaren biktima bati lotuta sortutako Euskadiko Autonomi Erkidegoko elkarte fundazioak ordezkatzeko.
– Lagun bat, Euskadiko Autonomi Erkidegoko elkarte bakezaleak ordezkatzeko.
2.– Foru aldundiek aukera izango dute Kontseiluaren bileretan parte hartzeko; hitza izango dute, baina botorik ez. Horretarako, bilera bakoitzaren deialdiaren berri emango zaie.
3.– Horrez gain, Kontseiluak egokitzat jotzen dituen pertsona guztiak gonbidatu ahal izango ditu bilkuretara; horiek guztiek hitza izango dute, baina botorik ez. Ildo horretan, hezkuntzaren arloko edo bizikidetzarako ekarpenen programetan esperientzia duten bi biktima gonbidatu ahal izango dituzte. Kontseiluak berak erabakitzen duen prozedurari jarraituz izendatuko ditu horiek.
6. artikulua.– Kideak aukeratzea eta izendatzea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean kargua izateagatik kontseiluko kide den pertsona bakoitzak bere ordezkoa izendatuko du.
2.– Terrorismoaren biktimei laguntzeko eskumena duen zuzendariak izendatuko du kontseiluko idazkari zereginak egingo dituen kidea, baita horren ordezkoa ere.
3.– Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailburuak izendatuko ditu bere ordezkari titularrak eta horien ordezkoak.
4.– EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak edo udalen ordezkaritza nagusia duen elkarteak izendatuko ditu bere ordezkari titularrak eta horien ordezkoak.
5.– EAEn egoitza edo ordezkaritza duten terrorismoaren biktimen bost elkarte nagusiek ordezkari titular eta ordezko bana aukeratuko dituzte.
6.– Terrorismoaren biktima bati lotuta sortutako EAEko fundazioek adostuta izendatuko dituzte kide titularra eta ordezkoa; eta, adostasunik ezean, elkarren segidan izendatuko dira ordezkari horiek, fundazio bakoitzaren eratze-eskritura Fundazioen Erregistroan izena ematearen antzinatasun-egunetik hasita.
7.– Giza Eskubideen eta Bake Hezkuntzaren Elkarteen Foroak izendatuko ditu euskal elkarte bakezaleen ordezkari titularra eta ordezkoa.
8.– Aukeratutako pertsonak terrorismoaren biktimen arretaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuak izendatuko ditu. Gizarte zibilaren arloko erakundeen ordezkariak gehienez ere lau urterako izendatuko dira, eta horiek berriro hautatzeko aukera egongo da.
7. artikulua.– Kargua uztea.
Duten kargua izateagatik badira Kontseiluko kide, kargu hori betetzeari uzten diotenean utziko diote Kontseiluko kide izateari; gainerako kideak kargutik kentzeko, ordezkatzen dituzten erakundeek edo administrazioek proposatuko dute haiek kargutik kentzea eta, ondorioz, ordezkoak izendatzea, dekretu honen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.
8. artikulua.– Kontseiluko burua.
1.– Ospe handiko pertsona bat izango da kontseiluburua, administrazio publikoen eta gizarte zibilaren adostasunez izendatuta. Kontseiluburuak ebatziko ditu berdinketak, bere botoz, erabakiak hartze aldera. Kontseiluburua ez egotea, gaixo izatea edo haren kargua hutsik egotea gertatuz gero, Kontseiluaren erabakiz aukeratuko da haren ordezkoa.
2.– Kontseiluburuak, bere ekimenez edo kideek hala eskatuta, pertsona adituek edo beste batzuek noiz edo noiz bileretan parte hartzeko eska dezake, uste badu horien iritzia entzutea interesgarria izan daitekeela aztertzen diren gaietan. Hitz egiteko eskubidea izango dute horiek, baina ez botorik.
9. artikulua.– Bileren maiztasuna.
Kontseiluak gutxienez urtean bitan egingo du ohiko bilera; eta bere eginkizunetarako beharrezkoa den guztietan ezohikoa, kontseiluburuak edo gutxienez kideen herenek eskatuta.
10. artikulua.– Deialdia.
Kontseiluburuak egingo du Kontseilua biltzeko deia, gutxienez bost egun lehenago, kontseilua premiaz biltzeko arrazoirik ez badago; premiaz biltzeko arrazoirik izanez gero, gutxienez hogeita lau ordu lehenago egin beharko du biltzeko deia.
11. artikulua.– Eratzea.
Bilkurak egite aldera, Kontseilua balio osoz eratzeko, bilkuran izan beharko dute kontseiluburuak eta idazkariak –edo, bestela, horien ordezkoek– eta, gutxienez, kideen erdiek.
12. artikulua.– Hizkuntza-eskubideak.
Kontseiluaren bileretan parte hartzen duten pertsonek euskara eta gaztelania erabiltzeko aukera izango dute, eta bi hizkuntza horiek erabiliko dira deialdi, gai-zerrenda, akta eta bestelako idazkietan.
13. artikulua.– Erabakiak hartzea.
Gehiengo osoz hartuko dira erabakiak arruntean. Ezohiko kasuetan eta gutxienez kideen erdiek eskatzen dutenean, aho batez hartuko dira erabakiak.
14. artikulua.– Gastuak.
Kontseiluko kideek ez dute dirurik jasoko Kontseiluko kideak izateagatik. Hala ere, Kontseiluaren bileretan parte hartzeak eragiten dituen gastuak ordain dakizkieke –horrelakorik dagokienean eta gastuok justifikatu ondoren–, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren arabera.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen dira otsailaren 23ko 55/2010 Dekretua (Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluari buruzkoa) eta dekretu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko maiatzaren 17an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.