EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2016106

51/2016 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, argitara ematen duena Jaurlaritzaren Kontseiluak erabaki duela Euskal Trenbide Sareari agintzea oinezko eta bizikletetarako konexio-bide bat eraikitzeko ETSren Herrerako geltokia Pasaiako udalerriko Trintxerpe barrutiarekin lotzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201600051
Xedapenaren data: 2016-05-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201602416
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2004/06/02an argitaratutako 2004/05/21eko 200400006 LEGEA

Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2016ko maiatzaren 17an egindako bileran, erabaki du Euskal Trenbide Sareari agintzea oinezko eta bizikletetarako konexio-bide bat eraikitzeko ETSren Herrerako geltokia Pasaiako udalerriko Trintxerpe barrutiarekin lotzeko. Horrenbestez, erabaki horri publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematea erabaki bat, zeinaren bidez Euskal Trenbide Sareari agintzen baitzaio oinezko eta bizikletetarako konexio-bide bat eraikitzeko ETSren Herrerako geltokia Pasaiako udalerriko Trintxerpe barrutiarekin lotzeko (ikus eranskina).
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 19a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 19KO 51/2016 EBAZPENARENA
ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ EUSKAL TRENBIDE SAREARI AGINTZEN BAITZAIO OINEZKO ETA BIZIKLETETARAKO KONEXIO-BIDE BAT ERAIKITZEKO ETS-REN HERRERAKO GELTOKIA PASAIAKO UDALERRIKO TRINTXERPE BARRUTIAREKIN LOTZEKO
Trenbideen gaineko eginkizunak Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren eskumen dira, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 13. artikuluan.
Bestalde, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumen guztiak betetzea garraio azpiegituretako lanak landu, zuzendu, ikuskatu eta exekutatzearekin lotutako arloan, hala xedatzen baita Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.1.b) artikuluan.
Pasaiako Trintxerpe auzotik Herrerako geltokira bitarteko konexio-bidea eta sarbideak hobetze aldera, eta, hartara, Lasarte-Hendaia lineako Loiola-Herrera zatiko obrak bukatu ondoren hartutako konpromisoa betez, honako hitzarmen hau izapidetu da: «Lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Pasaiako Portu Agintaritzaren artekoa, helburu duena portu-hiri harremana hobetzea eta haien ingurunean hiria bere onera ekartzea oinezko eta bizikletetarako konexio-bide bat eginez Euskal Trenbide Sarearen Herrerako geltokia Pasaiako udalerriko Trintxerpe barrutiarekin lotzeko». Hitzarmen horretako obren bidez, trenbide-garraiorako sarbideak hobetuko dira, eta Herrerako geltokiak hartzen duen bidaiari-kopurua eta garraio publiko jasangarria erabiltzen dutenena handituko da.
Hortaz, behin proiektu hori egin beharra agerian utzita, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Euskal Trenbide Sareari egindako enkargu baten bidez gauzatu nahi du, Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluaren babespean, non ente horren helburuen artean honako hau jasotzen baita:«Jaurlaritzak haren gain uzten duen eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen beste edozein eginkizun, eta, bereziki, hauek: azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak, eta trenbide-garraioko politikari, telekomunikazio-zerbitzuei eta gune publikoen erabilerari atxikita dauden azpiegituren kudeaketari dagozkion eginkizunak, zein ere den kudeaketa horretarako erabiltzen den negozio juridikoa, beti ere zuzenbidean onartzen direnetakoa bada»; trenbide-garraioko azpiegituratzat hartuko dira Batzordearen ekainaren 9ko 851/2006 Erregelamenduko I. eranskinean bildutakoak, eta, han, berariaz aipatzen dira ibiltokiak eta sarbideak.
Bestalde, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluak esaten duenez, «Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzuzkoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo erakundeen eskuetan jar daitezke, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago».
Lege horretan xedatuaren arabera, baldin eta administrazio bereko organoen edo zuzenbide publikoko administrazio-organoen edo erakundeen artean egiten bada kudeaketa-gomendioa, administrazio horren arauetan xedatu bezala formalizatuko da; halako araurik ez badago, berriz, esku hartzen duten organo edo erakundeek berariaz hartutako erabakian xedatu bezala.
Ondorioz, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak, proposamena eztabaidatu ondoren, honako erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
«Lehenengoa.– Euskal Trenbide Sareari agintzea oinezko eta bizikletetarako konexio-bide bat eraikitzeko Euskal Trenbide Sarearen Herrerako geltokia Pasaiako udalerriko Trintxerpe barrutiarekin.
Bigarrena.– Erabaki honen eranskinean jasota daude aipatutako enkargu hori egiteko baldintza zehatzak.
Hirugarrena.– Enkargu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da»
ERABAKIAREN ERANSKINA
ENKARGUAREN BALDINTZAK
1.– Enkarguaren xedea.
Enkargu honen xedea da baldintza teknikoak ezartzea oinezko eta bizikletetarako konexio-bide baten obrak gauzatzeko Euskal Trenbide Sarearen Herrerako geltokia Pasaiako udalerriko Trintxerpe barrutiarekin lotzeko.
2.– Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak. Definizioak.
Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak finkatzeko, figura juridiko hauek definitzen dira:
Administrazioa: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila. Garraio Azpiegituren Zuzendaritza
Enkarguaren zuzendaria: Administrazioak izendatuko du enkarguaren zuzendaria, eta Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak gainbegiratuko du haren lana. Lanen zailtasunaren arabera, enkarguaren zuzendariak talde tekniko bat bildu ahal izango du aholkuak eman diezazkion; eta, behar izanez gero, zuzendariaren eskuordetzan ere jardun ahal izango du talde horrek.
Euskal Trenbide Sarea: Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren mende dagoen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa; agiri honetan zerrendatutako lanak egingo ditu.
ETS-ren ordezkaria: Goi-mailako teknikaria izango da, eta ETSk berak izendatuko du lanen koordinazio teknikoa egiteko eta ETSren izenean jarduteko Administrazioaren aurrean. Ordezkari horren mendekoa izango da ETSko talde osoa. Ordezkariak azalpenak emango dizkio, zuzenean, enkarguaren zuzendariari, halakorik eskatzen dion guztietan.
3.– ETS-k egin beharreko lanak.
Euskal Trenbide Sareak bere gain hartuko du ETSren Herrerako geltokia Pasaiako Txintxepe barrutiarekin lotzeko oinezko eta bizikletetarako konexio-bidea eraikitzeko obren lizitazioa, exekuzioa eta zuzendaritza fakultatiboa. Obra hori, partez, Pasaiako Portu Agintaritzaren jabari publikoko eta ondarezko lur-sailetan egingo da.
Pasaiako Portu Agintaritzak onartu beharreko Eraikuntza Proiektuaren arabera egingo dira obrak, eta hitzarmen honetan aurreikusitako baldintzetan: «Lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Pasaiako Portu Agintaritzaren artekoa, helburu duena portu-hiri harremana hobetzea eta haien ingurunean hiria bere onera ekartzea, oinezko eta bizikletetarako konexio-bide bat eginez Euskal Trenbide Sarearen Herrerako geltokia Pasaiako udalerriko Trintxerpe barrutiarekin lotzeko».
Euskal Trenbide Sareak honako ardura hauek izango ditu: laneko segurtasun- eta osasun-maila egokiei eusteko prebentzio-lan guztien jarraipena egitea, eta bermatzea obrak egiten direla Pasaiako Portu Agintaritzak onartutako proiektua oinarri hartuta.
4.– Obren finantzazioa.
Enkargu honen hirugarren paragrafoan zehaztutako obretarako aurreikusitako kostua, barne hartuta obraren exekuzioa eta beharrezkoa den laguntza teknikoa, bost milioi bostehun mila euro (5.500.000) izango da, betiere aipatutako hitzarmenaren laugarren paragrafoko hirugarren klausulan ezarritakoari jarraituz, eta honako kontzeptu eta urtesariak oinarri hartuta:
Lan horietan aldaketarik izanez gero eta aldaketok zenbateko hori handitzea ekarriz gero, enkargu hau ere aldatu beharko da, Euskal Trenbide Sareak lanen aldaketei oniritzia eman baino lehen.
Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak justifikatu ondoren betiere. Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari.
5.– Enkarguaren indarraldia.
Enkargu hau indarrean izango da harik eta Donostialdeako metroaren Herrerako geltokia Pasaiako udalerriko Trintxerpe barrutiarekin lotzeko oinezko eta bizikletetarako konexio-bidearen obrak bukatu arte.