EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2016108

8/2016 LEGEA, ekainaren 2koa, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legea aldatzekoa.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren zenbakia: 201600008
Xedapenaren data: 2016-06-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201602463
Maila: Legea

Aurreko erreferentziak:
  • 1981/07/27an argitaratutako 1981/06/30reko 198100007 LEGEA aldatzen du

Eusko Legebiltzarrak 8/2016 Legea, ekainaren 2koa, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legea aldatzekoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
ZIOEN AZALPENA
Legeen zein erregelamendu-arauen aurreproiektuak behin-behineko dokumentuak dira, eta aurreproiektuok aldatu egin daitezke Eusko Legebiltzarrera igorri aurretik; hala ere, informazio beharrezkoa eta oso baliagarria da legebiltzar-lana betetzeko.
Proposatzen den aldaketa funtsezkoa da gardentasun egoki baterako; baina, horretaz gain, beharrezkoa da legebiltzar-taldeetatik Gobernua sustatzeko eta kontrolatzeko egin beharreko lana hobetzerakoan.
1. artikulua.– Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 56. artikuluari 1. apartatu berria gehitzen zaio, honela idatzita:
«1.– Jaurlaritzak, Aholku Batzorde Juridikoari igorri behar zaizkion lege-aurreproiektuak eta dekretu-proiektuak egiteko hasierako fasean, xedapenaren testua bakarrik igorriko dio Eusko Legebiltzarrari, behin prozedura hasteko agindua eman duen organoaren aldez aurreko onespena izanda».
2. artikulua.– Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 56. artikuluari 2. apartatu berria gehitzen zaio, honela idatzita:
«2.– Era berean, Aholku Batzorde Juridikoari igortzen zaion dokumentazio bera, aldi berean, Eusko Legebiltzarrari ere igorriko zaio, legebiltzar-taldeek dokumentazio hori ezagut dezaten».
Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 56. artikuluaren egungo paragrafo bakarra artikulu horren 3. apartatu berria izango da aurrerantzean.
3. artikulua.– Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 57. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da, idazkera honekin:
«1.– Eusko Legebiltzarrari aurkezten zaizkion lege-proiektuekin batera, Aholku Batzorde Juridikoaren txostena ere igorriko da eta, halakorik bada, txosten horretara egokitzeko oroitidazkia».
XEDAPEN IRAGANKORRA
Aurreko artikuluek ukitzen dituzten eta, lege-aldaketa hau indarrean sartzean, Eusko Jaurlaritzaren aldetik tramitazioan dauden izaera orokorreko xedapenei dagokienez, bidalketa bakar bat egingo zaio Legebiltzarrari gehienez ere hiru hileko epean, hartan jasoz aurreko artikuluetan aipatutako dokumentazio guztia.
AZKEN XEDAPENA
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 2a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.