EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2016116

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 30ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Horren bidez zehazten da Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100. artikuluan eskatutako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izatea egiaztatzen duen ziurtagiria lortzeko ikasketak Euskal Autonomia Erkidegoko zer hezkuntza-erakundetan eman daitezkeen, zehazki, titulazioagatik Masterreko ikasketak egin ezin dituzten pertsonentzat. Era berean, ziurtagiri ofizial horren eredua onartu da.

Xedapenaren data: 2016-05-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201602659
Maila: Agindua
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluak ezartzen du lege honetan araututako irakaskuntzetan irakasle aritzeko, honako hauek izatea beharrezkoa izango dela: dagokion titulazio akademikoa, eta Gobernuak irakaskuntza bakoitzerako ezartzen duen prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa.
Otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren VI. eranskinean –horren bidez, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoan adierazitako irakaskuntza-kidegoetan sartu, bertan beste kidego batzuetara igaro eta espezialitate berriak eskuratzeari buruzko araudia onartzen da, eta Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den aldi baterako sarbidearen araubidea arautzen da– zehazten da zer titulazio jotzen diren baliokidetzat lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoko espezialitateetan irakasteko.
Beste alde batetik, Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren seigarren xedapen gehigarriak zehazten du lanbide-heziketako titulu bakoitzean edo espezializazio-ikastaro bakoitzean ezartzen den estatuko araudian xedatuko direla kasu bakoitzean irakaskuntzarako bidezkoak diren baliokidetzak, baita irakasle espezialisten kualifikazioa ere.
Era berean, Araubide bereziko kirol ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363 Errege Dekretuan, tituluen baldintzak arautzen dira, hain zuzen, multzo orokorreko eta multzo bereziko kirol-ikasketen moduluetako irakasleentzat, betiere irakaskuntzarako baliokidetzat jotzen direnak aintzat hartuta. Horrez gain, zehazten da modalitate bakoitzeko gutxieneko irakaskuntzen –eta, hala badagokio, kirol-espezialitateen– araudian ezarriko direla zer titulazio jotzen diren baliokidetzat helburu horretarako.
Azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo, Lanbide Heziketa eta erregimen bereziko ikasketen irakaskuntzan jarduteko prestakuntza-betekizunak zehazten eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoen espezialitateak ezartzen dituenak, 9. artikuluan zehazten du derrigorrezko bigarren hezkuntzan, batxilergoan, lanbide heziketan eta hizkuntzen irakaskuntzan irakasle izateko, beharrezkoa dela prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa egiaztatzen duen masterraren titulu ofiziala izatea, Hezkuntzari buruzko aipatu lege organikoaren 94., 95. eta 97. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Errege Dekretu horren lehen xedapen gehigarrian xedatzen da titulazioa dela-eta masterreko ikasketa ofizialak egin izan dituzten irakasleek prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa egiaztatu beharko dutela. Prestakuntza hori, hain zuzen ere, LOEren 100.2 artikuluan zehazten denaren baliokidea izango da, Hezkuntza Ministerioak ezartzen dituen baldintzen arabera.
Ildo horretan, EDU/2645/2011 Aginduak, irailaren 23koak, zeinaren bidez irakaskuntzarako titulu baliokidea duten baina masterreko ikasketak egin ezin dituztenentzat eskatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baliokidea ezartzen baita, prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izateko ikasketen baldintzak definitzen ditu. Hala, Hezkuntza Administrazioei dagokie, besteak beste, ikasketa horiek (dagokien kudeaketa-esparruan) zer hezkuntza-erakundetan eman daitezkeen zehaztea eta prestakuntza hori dutela egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala ematea. Ziurtagiriak estatuko lurralde osoan izango du balioa.
Geroago, ekainaren 7ko ECD/1058/2013 Aginduak, zeinaren bidez aldatzen baita irailaren EDU/2645/2011 Agindua –horren bidez zehazten da irakaskuntzarako titulu baliokidea duten, baina master ikasketak egin izan dituzten pertsonentzat eskatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren prestakuntza baliokidea–, aipatu EDU/2645/2011 aginduaren lehen xedapen gehigarriko 1. zenbakia aldatu zuen. Honela geratu da idatzita: «agindu horren eraginpeko pertsonentzat 2015eko irailaren 1etik aurrera ezinbesteko betekizuna izango da agindu horretan araututako ikasketen ziurtagiri ofiziala izatea, agindua argitaratzeko datan titulua ezarrita duten Lanbide Heziketako eta Kiroleko irakaskuntza guztietan jardun ahal izateko».
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak xedatzen du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak izango dituela, besteak beste, Autonomia Estatutuan araubide orokorreko eta bereziko ikasketekin loturiko eskumenak. Ikasketa bakoitzaren etapak eta mailak sartuko dira, baita goi-mailako heziketa, edota bizialdi osoan kualifikazioak lortzea edo areagotzea xede duten ikasketa-jarduerak ere.
Beraz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagokio, bere kudeaketa-esparruan, irailaren 23ko EDU/2645/2011 Aginduak Hezkuntza Administrazioei esleitzen dizkien alderdiak zehaztea, zehazpen hori baita agindu honen xedea.
Agindu honetan xedatutakoa gorabehera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak aztertuko du beharrezkoa ote den Agindu honetan adierazitako ikasketak eman ditzaketen beste hezkuntza-erakunde batzuk baimentzeko prozedura orokorra eta baldintzak ezartzea.
Adierazitakoa dela eta,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea hau da:
1.– Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100. artikuluan eskatutako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baliokide izango den ziurtagiri ofiziala lortzeko ikasketak Euskal Autonomia Erkidegoko zer hezkuntza-erakundetan eman daitezkeen zehaztea, hain zuzen ere, irakaskuntzarako titulu baliokidea duten baina abenduaren 27ko ECI/3858/2007 aginduaren bidez araututako masterreko ikasketak egin ezin dituzten pertsonentzat.
2.– Euskal Autonomia Erkidegorako ezartzea prestakuntza hori egiaztatzen duen ziurtagiri ofizialaren eredua.
2. artikulua.– Baimendutako hezkuntza-erakundea.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateari baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoan «Prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren ziurtagiri ofiziala, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan eskatutakoaren baliokidea» izeneko ikasketak emateko. Horretarako, lankidetza-hitzarmena sinatu da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen artean. Hitzarmen horretan jasoko dira ikasketa horiek antolatzeko, egiteko eta gainditzeko baldintzak.
3. artikulua.– Maiatzaren 3ko Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoak 100.2 artikuluan adierazitako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren ziurtagiri ofiziala.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan, honela deituko dira ziurtagiri ofizial hori lortzeko ikasketak: «Prestakuntza didaktiko eta pedagogikoaren ziurtagiri ofiziala, maiatzaren 3ko Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan eskatutakoaren baliokidea». Ziurtagiri horrek estatu osoan izango du balioa, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emango du, Agindu honen eranskinean agertzen den ereduarekin bat etorriz.
2.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak urtero emango dio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari ikasketak gainditu dituzten pertsonen zerrenda, eta pertsona horiei ziurtagiri ofiziala emango die, Agindu honen eranskineko ereduari jarraikiz.
4. artikulua.– Irakaskuntzen antolamendua.
1.– Agindu honetako 3. artikuluan adierazten diren ikasketek Europako 60 kredituko iraupena izango dute –urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan adierazi bezala–, eta Unibertsitatearekin ezarritako lankidetza-hitzarmenean zehaztuko dira, irailaren 23ko EDU 2645/2011 Aginduaren II. eranskinean zehaztutako moduluak barne.
2.– Practicuma aurrez aurrekoa izango da, eta lanbide-heziketako edo derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikastetxeetan egingo da, hain zuzen, funts publikoen laguntza jasotzen duten eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuan irakaskuntzarako baliokidetzat jotzen diren tituluen ikasketak ematen dituzten ikastetxeetan. Lanbide Heziketako irakasleen prestakuntzaren ardura duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko zuzendaritzak praktika-ikastetxetzat joko ditu ikastetxe horiek Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatzen duen hitzarmenean erantsitako dokumentuan. Halaber, Zuzendaritzak zehaztuko du praktikako tutoreak hautatzeko eta onartzeko prozedura. Tutore horiek orientazio- eta tutoretza-eginkizunak izango dituzte praktika-ikastetxeetan dauden ikasleekin, unibertsitatearekin lankidetzan.
3.– «Prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren ziurtagiri ofiziala, maiatzaren 3ko Hezkuntzaren 2/2006 Legearen 100.2 artikuluan eskatutakoaren baliokidea» izeneko ikasketak 2016-2017 ikasturtean hasiko dira.
5. artikulua.– Errekurtsoak.
Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea egongo da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 117. eta 116 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean idatzitakoaren arabera.
Administrazioarekiko auzien errekurtsoa ere jar daiteke zuzenean –bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera– Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz. Aipatutakoez gain, beste edozein errekurtso jar daiteke.
6. artikulua.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 30a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.