EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-12-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2016236

AGINDUA, 2016ko abenduaren 9koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2016ko ekitaldirako laguntzetarako.

Xedapenaren data: 2016-12-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201605301
Maila: Agindua
2003ko ekitaldian, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2003ko urriaren 7ko Agindua eman zen, zeinaren bidez deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2013ko ekitaldirako laguntzetarako (2003ko urriaren 24ko EHAA, 208. zk.). Hurrengo ekitaldietan, aipatutako laguntzetarako deialdiak egiten jarraitu zen, eta agindu honen bidez, ildo beretik, 2016koa egin nahi da.
Bestalde, 2016ko ekitaldiko laguntzetarako deialdia honako arau hauen babesarekin egiten da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 9/2015 Legea.
Deialdi hori prestatzeko kontuan izan da, diru-laguntzak emateari dagokionez, arau bi hauetan ezarritakoa: 1/1997 Legegintzako Dekretua; abenduaren 17ko 689/1991 Dekretua, zeinarekin, batetik, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei buruzko erregimen orokorra arautzen baita, eta, bestetik, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen baitira. Halaber, kontuan hartu dira hauek: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, desegin eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan ezarritakoarekin bat, egokia da 2016ko ekitaldiko laguntzetarako deialdi egitea.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da, 2016ko ekitaldiari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako laguntzetarako deialdia egitea, hain justu ere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko interlokuzio sozialeko funtzioak gauzatzeko, betiere euskal nekazaritza sektorearen gaien arloan, eta, oro har, nekazaritza sektorearentzako aholkularitzako jarduera sindikalei eusteko, eta, halaber, bazkideei dagokienez.
2.– Agindu honen ondorioei dagokionez, hauek dira sindikatu izaerako nekazaritzako erakunde profesionalak: Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza sektorearen interes orokorrak ordezkatzea eta defendatzea xedetzat duten eta nekazaritzako profesionalez osaturik dauden elkarteak, inolako bereizketarik egin gabe profesionalek diharduteneko ekoizpen-azpisektorearen arabera.
Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
2016ko ekitaldian, agindu honen bidez egindako deialdiko laguntzetarako, eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa da, agindua Euskal Herriko Agintaritzan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Eskabideak.
1.– Eskabideak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari zuzendu behar zaizkio, eta sail horren erregistro orokorrean aurkeztu behar dira (Donostia kalea 1, Lakua I, 3. solairua, 01010 Vitoria-Gasteiz), zuzenean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko Legearen 16.4 artikuluak aurreikusitako edozein eratan.
2.– Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak sinatu behar du eskabidea, eta honako dokumentazio osagarri hau ere aurkeztu beharko du:
a) Eraketa-akta eta dagokion administrazio-organoak ikus-onetsitako estatutuak. Betebehar horretatik salbuetsita daude 2015eko urriaren 14ko Aginduaren kargura laguntza eskatu eta lortu duten nekazaritzako erakunde profesionalak, salbu eta estatutuetan aldaketak egin; kasu horretan, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari eman beharko zaio aldaketa horien berri.
b) Ekitaldian zehar egingo diren ekintzak justifikatzeko memoria, ondoko ekintzak adieraziz eta kuantifikatuaz:
● Jarduera sindikalen koordinazioa.
● Sektoreko elkarteekiko eta administrazioekiko lankidetza.
● Administrazioarekin zerikusia duten prozeduretan, nekazariekiko eta abeltzainekiko lankidetza, aholkularitza, laguntza eta kudeaketa.
● Prestakuntza-, informazio- eta dinamizazio-jardueren antolakuntza.
● Nekazaritzako politiken segimendua eta zabalkundea.
● Euren interesak defenditu eta sustatzeko, bazkideei emandako beste edozein zerbitzu.
c) Erakunde bakoitzaren afiliatu-kopurua, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian daudenen kopurua ere zehaztuta; hori egiaztatzeko, erakunde bakoitzeko idazkariak egindako ziurtagiria aurkeztuko da.
d) Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko aukeretan parte hartzeko erabakiaren, zehazki, erakundeak hartutakoaren ziurtagiria.
e) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko deklarazioa, honako hauek jasota:
● Beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk eskatu izana edo, kasua bada, jaso izana.
● Itzulketa- edo zigor-prozeduraren batean ez izatea.
● Itzulketa-prozedura bukatutakoan, ez izatea ordainketa-obligaziorik.
● Ez izatea zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen duena.
● Laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko galarazpenen batean ez izatea.
3.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 21. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Laugarrena.– Finantziazioa.
Deialdi hau finantzatzeko 201.000,00 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan hartarako habilitatutako kredituaren barrukoak.
Bosgarrena.– Laguntzen izaera.
Agindu honen bidez araututako laguntzak honelakoak dira: Nekazaritzako Erakunde Profesionalek sortutako gastuak indemnizatzera bideratutako funts ekonomikoen entrega ez itzulgarriak; hain justu ere ondoren zehaztu lantalde eta kontsulta-organoetan izatearen eta parte hartzearen ondorioz:
● Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseilua eta sektoreko batzordeak.
● Landaberriren barruan sortutako lantaldeak.
Seigarrena.– Betekizunak.
1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte nekazaritzako erakunde profesionalek, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea.
b) Legez eratuak izatea eta Elkarteen Erregistroan inskribaturik izatea.
c) Agindu honetako bosgarren puntuan aipatzen diren kontsulta-organo eta lantaldeetariko batean parte hartzea.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
e) 38/2003 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluan zerrendatutako egoeretan ez egotea, 13. artikulu bereko 4., 5. eta 6. zenbakietan xedatutako irismena ere barnean hartuta.
2.– Eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren II. kapituluko 3. atalean xedatutakoa beteko da.
3.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera, laguntza horiek kudeatzen dituen organoak egiaztatuko du, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez, Elkarteen Erregistroko inskripzioa indarrean dagoela eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikokoak betetzen direla.
Zazpigarren.– Ebazpena.
1.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez emango dira diru-laguntzak, gehienez hiru hileko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera.
2.– Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.
3.– Ematen den ebazpenaren aurka, edo epea igaro eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek gorako errekurtsoa jar diezaiokete Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, aipatutako legearen 121. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Zortzigarrena.– Laguntza kalkulatzeko prozedura.
Onuradun gertatzen den erakunde profesional bakoitzak jasoko duen zenbateko osoa, honako prozedura honen arabera zehaztuko da:
a) Lehenengo eta behin, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko ekitaldiko aurrekontu orokorretan xede horretarako erreserbatuta dagoen zenbatekoa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoen artean banatuko da, parte berdinetan, eta ateratzen den zenbatekoa izango da lurralde historiko bakoitzean diharduten erakunde profesional guztiek batera jasoko duten gehieneko zenbatekoa.
b) Lurralde historiko bakoitzari egotzitako zenbatekoa honelaxe banatuko da:
● Heren bat uniformeki banatuko da, delako lurralde historikoan diharduten erakunde profesionalen artean.
● Beste heren bat proportzionalki banatuko da erakunde profesionalen artean; hain zuzen ere, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian izena emanda dauden afiliatu-kopuruaren arabera, hirugarren puntuko 2.c) letran ezarritakoarekin bat.
● Gainerako herena ere proportzionalki banatuko da, Administrazioaren hizketakide modura egindako lanen arabera, zehazki, Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluan, sektoreko batzordeetan eta Landaberriren barruan sortzen diren lantaldeen parte hartzea dela-eta. Bertaratzea eta parte-hartze hori, bileretako aktaren kopiaren bidez egiaztatutako da, eta bilera bakoitzeko idazkariak kautotuko du agiri hori.
Bederatzigarrena.– Ordainketa.
Emandako diru-laguntza ordainketa bakarraren bidez gauzatuko da, dagokion ebazpena emandakoan eta behin justifikazio-agiri hauek bidali ostean:
a) Laguntza-eskabidean finkatutako jarduerak burutu izana egiaztatzeko agiria, eta, halaber, jarduera horietan egindako gastuei dagokienez.
b) Beste administrazio edo erakunde publiko batzuek, edo izaera pribatuko pertsonek −fisikoek zein juridikoek− xede bererako emandako laguntzen ziurtagiria.
Hamargarrena.– Bateragarritasuna.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak erakunde onuradunei eman ahal zaien beste edozeinekin baldin eta helburu hau badute: agindu honetako bosgarren puntuan aipatutako foroetara joateko eta horietan parte hartzeko lanak finantzatzea.
Hamaikagarrena.– Betebeharrak.
Onuradunak bere gain hartuko ditu, oro har, DLOaren 14. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak; bereziki, behartuta egongo da xedapen honen kontura jasotako laguntzei buruz Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –euren eginkizunak betetzeko– eska ditzaketen argibide guztiak ematera.
Hamabigarrena.– Ez-betetzea.
Agindu honetan ezarritako baldintza guztiak bete behar ditu onuradunak. Hala egiten ez badu edo gezurrezko daturik aurkezten badu, diru-laguntza galduko du, eta jasotako zenbatekoa eta aplikatzekoak diren legezko interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, DLOaren 14. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean ezarri bezala, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako prozeduraren arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 9a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.