EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-01-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2017019

24/2017 DEKRETUA, urtarrilaren 24koa, «Izan» Fundazioa gizarte-interesekotzat aitortzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201700024
Xedapenaren data: 2017-01-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201700513
Maila: Dekretua
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen denez, gizarte-intereseko aitortu ahal izango dira gizarte-zerbitzuak, baldin irabazi-asmorik gabe gizarte-zerbitzuak ematera dedikatzen badira eta araubidez ezarritako baldintzak betetzen badituzte; guztia ere, EAEn gizarte-zerbitzuak garatzearren, Gizarte-ekintzako Hirugarren Sektoreak egindako ibilbidea eta ekarpenak errekonozitzeko.
Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.
Haren babesean, Izan Fundazioak aipatutako aitorpena eskatu du, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.
Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak jakinarazi duenez, Izan Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, 1984. urtean eratua, eta haren helburu nagusia da eskatzen duen edonori laguntzea drogamenpekotasunari aurre egiten.
Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2011tik aurrera, Euskal Autonomia Erkidego osoan. Batik bat Gipuzkoako Lurralde Historikoaren eremuan gauzatzen ditu bere jarduerak.
Aipatu urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Gobernu Kontseiluak onartutako dekretu bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetu baitu.
Horrenbestez, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko urtarrilaren 24an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Aitortzea Izan Fundazioa gizarte-interesekoa dela, burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzen duelako.
2. artikulua.– Izan Fundazioari aitorpen honen berezko eskubideak aitortzea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatutakoak.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko urtarrilaren 24an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.